Valle de Odieta eta HTN Caparrosoko enpresek kutsatzen jarraitu zuten 2022an

    es 22 Ira 2023 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak, Sustraiko txostenak, Ura eta urtegiak

    Atzo deklaratu zuten Tafallako Epaitegian HTNko zuzendariek aurretiazko eginbideetan, 2021eko otsailean eta martxoan Valle de Odieta makrogranjaren eta HTN biometanizazio plantaren inguruan izandako kutsadura gertakari larriengatik. Gertakari honen ondorioz, Aragoiko eta Argako Behe Tarteetako Kontserbazio Bereziko Eremua larri kutsatu zen.

    Hala ere, hau ez da enpresa hauen kudeaketaren inguruan jazo den gertaera larri bakarra. Hurrengo lerroetan frogatuko dugun bezala, enpresak berak Nafarroako Gobernuari ematen dizkion datuak erabiliz, 2022an enpresok baimenik gabeko praktikak egiten eta lurzoruak kutsatzen jarraitu zuten. Jarraian, hainbat aldiz Nafarroako Gobernuari eskatutako informazioarekin osatu dugun dokumentu zabalago bateko daturik garrantzitsuenak laburtuko ditugu.

    Kutsadurak aurrera darrai nitratoarekiko zaurgarriak diren eremuetan, Erret Bardeetan baimenduta ez dauden praktikak eta beste irregulartasun batzuek

    Beren funtzionamendurako, enpresa hauek biometanizazio-prozesuaren ondoriozko mindak banatu behar dituzte nekazal lur eremu zabaletan zehar, hauek duten nitrato-kontzentrazioa lurzoruarentzat kaltegarria izan ez dadin. Aspektu hau enpresaren Gorotzak Kudeatzeko Planean jasota dago, eta zenbait alderdi kezkagarri hauteman ditugu plan honetan ageri diren lursailei dagokienez.

    Lehenik eta behin, mindak isurtzeko erabilitako 280 lursailetatik, 204 nitratoz kutsatutako eremu kalteberen barruan daude. Eremu hauek honela katalogatuak izan dira lurzoru eta akuiferoetan konposatu honen ondoriozko kutsadura handia dagoela egiaztatu eta gero. Honengatik, kutsadura hau areagotu dezaketen jarduerak legez mugatzen dira. Beraz, lursail hauetan ezin da hektareako eta urteko 170 kg nitrogeno baino gehiago isuri, eta, hala ere, egiaztatu dugu 61 lursailetan enpresa hauek gainditu egin dutela egungo legediak baimendutako muga.

    Era berean, jakin izan dugu 2022an enpresa hauek Erret Bardeen Komunitateko 57 lursailetan digestatoa isuri dutela, eta hau Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren kontra doala, debekatuta baitago hori egitea.

    Horrela, egiazta daiteke isurketa horiek jasaten ari diren nekazaritza-lursailek urtetik urtera nitrogeno bidezko kutsadura kontzentrazioak handitzen ari direla. Izan ere, Gorotzak Kudeatzeko Planean ageri diren zenbait lursailetan 1986. eta 1994. urteetan Nafarroako Gobernuak neurketak burutu baitzituen, enpresak bertan instalatu aurreko garaian alegia. Datu horiek eta enpresak berak 2021ean egin zituen analisiak (eskura ditugun azkenak) alderatuz gero, gorakada handia eman dela ikus daiteke.

    Honela, 2021ean 9 lursail aztertu ziren, eta hauetako zortzi lursailetan 200 eta 300 mg/kg arteko nitrato-balioak lortu ziren. Erreferentzia bat emate aldera, giza kontsumorako urak ezin du izan litroko 50 mg baino gehiagoko nitrato baliorik, eta ureztatzeko urak ezin du 100 mg/l baino handiagoa izan. Baina, daturik kezkagarrienak aztertutako 9. partzelarenak dira, Alesbesko biometanizazio-instalaziotik hurbil dagoena, 795,1 mg/Kg-ko nitrato-balioak baititu. Gainera, azken partzela hau ez da agertzen enpresaren Gorotza Kudeatzeko Planean, baina, hala ere, xede honetarako erabiltzen ari dira, irregulartasun larria izanik.

    2021eko neurketak 1986ko eta 1994ko neurketekin alderatuta, lurzoruetako nitratoen balioak nabarmen igo direla egiaztatu dugu. Zehazki, makrogranjatik gertu dauden lursailetan nitrato-kopurua bikoiztu egin da, kasualitatez, Aragoi ibaiaren KBEtik gertu dauden ureztatze-piboten eremuko lursailak dira hauek, 2021ean kutsadura-gertakari larriak jazo ziren leku berbera.

    Baimendutako hondakinen muga gainditzea eta beste irregulartasun larri batzuk

    Gobernuak emandako informazioan egiaztatu dugu, halaber, HTNk hondakinak tratatzeko baimendutako muga urtez urte gainditu dela 2016az geroztik. Zehazki, 2022an, baimendutako 214.706 tonako kopurua % 27.79an gainditu da, eta 274.368 tona hondakin tratatu dira.

    Era berean, HTN plantak jasotako hondakinen eta biometanizazioaren ondoriozko digestatoaren arteko desoreka antzeman dugu. 2022an 274.368 tona hondakin jaso ziren tratatu zitezen. Hala ere, biometanizazio-prozesuaren ondoriozko digestatoak 181.685 Tn baino ez ziren izan. Biometanizazio-prozesuaren ondorioz, hasierako hondakinen masa gehienez % 9 murrizketa eragiten du. Hau kontuan hartuta, ez dugu ulertzen nola murriztu den amaierako digestatoa, % 33,78an. Zer gertatu da hondakin kutsatzaile kopuru handi horrekin? Nora joan da?… Ez dakigu.

    Administrazioak emandako datuen arabera, HTNren jarduerak 2022an hainbat irregulartasun larri izan ditu, ingurumenaren kontserbazioaren aurka doazenak: kudeatutako hondakinen baimendutako muga gainditu du, digestatoak legez kanpo isuri ditu Bardean, eremu kalteberetan nitrogenoa isurtzeko mugak gainditu ditu eta lurzoruak nitratoekin kutsatu ditu, besteak beste. Era berean, aditzera eman nahi dugu Ingurumen Departamendua partzialki baino ez dela betetzen ari Gardentasunari eta Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubideari buruzko Legea, eta eragotzi egiten duela herritarrak industria-jarduera kutsatzaile baten berri izatea, enpresa horiek ematen dizkioten datu guztiak ezagutzea eragozten duelako, eta haiek entregatzeko oztopoak eta atzerapenak direla medio.

    Digestatoa bota diren lurzorua (Nafarroan dago ere, baina Valle de Odietak ez du egin)