Valle de Odietako filiala den HTN enpresako zuzendariek bihar deklaratuko dute Tafallako epaitegietan, ingurumen delitua egon daitekeelakoan

    es 20 Eka 2023 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Nafarroako Makrogranjen Aurkako Plataforma Valle de Odieta eta Hibridación Termosolar Navarra (HTN) enpresen aurkako ustezko ingurumen delituagatik aurkeztu da prozesu judizialean. Prozesu honen baitan, ekainaren 21ean, asteazkenarekin, Tafallako epaitegiak deklaratzera deitu ditu Hibridación Termosolar Navarra (HTN) enpresako zuzendariak, salatutako isurketengatik inputatuak izan daitezkeen aztertzeko. Lehenago, Valle de Odietako zuzendariei ere hartu zien deklarazioa. Kasua aurretiazko eginbideetan dago orain.

    Prozesua 2021eko maiatzean hasi zen, Nafarroako talde ekologista batek Ingurumen Fiskaltzan salatu baitzuen Caparrosoko Valle de Odieta eta Hibridación Termosolar Navarra (HTN) enpresek mindak eta hondakin organikoak isuri zituztela Aragoiko eta Argako Behe Zatietako KBEan.

    Talde ekologistak aurkeztutako salaketa hura oinarri hartuta, Fiskaltzak gertakariak dokumentatzeko lanari ekin zion, eta Tafallako epaitegira igorritako txosten batean jaso ziren, gertakariok ingurumen delitua ote diren argitzeko.

    Ikertzen ari diren gertakariak espezie babestuen habitatean izandako inpaktuan zentratzen dira, hala nola apoarmatu europarra, ur-arratoia, igaraba edo bisoi europarra, aipatutako Kontserbazio Bereziko Eremuan dagoen Sotillo bideko putzuan.

    Akusazio popular gisa Sustrai Erakuntza eta Greenpeace ageri dira, ez ordea Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua, nahiz eta 2021eko maiatzean Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak prentsari adierazi zion Ingurumen Sailak Valle de Odieta behitegiko digestatoa behar bezala ez aplikatzeagatik ingurumenaren gaineko eraginak epaitegira eramateko jarduketak hasi zituela.

    Valle de Odietak salaketa eta txosten ugari jaso izan ditu jardunbide txarragatik: baimendu gabeko obrak eta instalazioak, inpermeabilizatu gabeko lixibiatuen putzuak, lixibiatuen isurketa, minden isurketa, simaurraren eta lurzoruen karakterizazio eskasa, nitrato gehiegi, digestatoaren banaketa txarra, baimenean jasotzen ez diren hondakinak, baimendu gabeko finketan, lugorri eta uztondoetan digestatoa aplikatzea, gehiegizko behi-kopurua, baimendu gabeko digestato-hodiak, digestatoa banatzeko baimendu gabeko metodoak, eskorrentiak eta putzuak, baimendu gabeko eremu naturalen luberritzea, etxaldean zein ureztatze-lursailetan beharrezko kontzesiorik gabeko uren kontsumoa…

    Gertaera horiek salatzeagatik, Nafarroako 14 talde ekologista eta sozial epaitegietara eraman zituzten Valle de Odieta eta HTN enpresek, kolektibo horiek Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuten txosten baten edukia iraingarria eta kalumniatsua zela iritzita.

    Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak, ohar honen bidez, auzitegiei eskatzen die ahalik eta zorroztasun handienarekin joka dezatela, kutsadura-pasarte hartan jazotako gertakari guztiak jendaurrera ateratzeko. Ingurumenarentzat hain kaltegarriak izan ziren gertakari hauen aurrean dauden erantzukizunak argitzea berebiziko garrantzia duela uste dugu.

    Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataforma.

    Adiskidetze-ekitaldiaren kontzentrazioa, plataformako 14 gizarte-taldek ustez Valle de Odieta iraindu eta kalumniatzeagatik.