Ezaguna dena eta duela astebete iragarri dugun bezala, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra eta Tren Sozialaren aldeko Nafarroako eta Arabako plataformak jo ta su aritu gara gai hau hauteskundeetan presente egon dadin…
Uste dugu erabat eskandalagarria dela bi herrialdeotan “abiadura handiko” 250 kilometroko trenbide berriak eraikitzea, orain dagoenaren paretik, lurraldea txikituz eta mila milioka euro xahutuz.
Horren haritik, eta legegintzaldi berriari begira, konpromiso zehatz bat eskatu egin diegu Nafarroako Parlamenturako eta Arabako Foraletarako hauteskundeetara aurkezten diren indar politikoei.
Nafarroari dagokionez, EH Bilduk, Ahal Dugu Podemosek, Izquierda – Ezkerrak eta Equok ondoko konpromisoa bere gain hartu dute: “hurrengo legegintzaldian gerta daitezkeen negoziazio guztietan eta balizko hitzarmenetan irmoki eutsiko diote Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren proiektu berriak gelditzeari eta bertan behera uzteari”. Konpromiso bera hartu dute Araban EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
Konpromisoaren testuak horrela jarraitzen du: “egon daitezkeen negoziazio eta balizko hitzarmenetan, Abiadura Handiko Trenaren aurkako indar politikoak gehiengoa baldin badira, adostuko duten dokumentuan argi eta garbi azalduko da gehiengoaren oposizioa proiektu honi”.
Azkenik, konpromiso idazki hau sinatzen duten alderdiek diote “tren soziala bultzatuko dutela, merkantziak zein pertsonak garraiatzeko eta herriak, eskualdeak, hiriak eta poligonoak lotzeko. Egungo trenbidea berritu eta modernizatzeko konpromisoa hartzen dute, hirugarren erraila eta trenbide bikoitza inplementatuz, Europako zabalera duten trenak ibil daitezen segurtasunerako eta erosotasunerako europar estandarren arabera, egungo teknologiaren laguntzaz”.
Nahiz eta proiektu guzti hauen atzean gobernu zentrala egon, uste dugu proiektu hau aurrera eramatea zailagoa dutela bertako instituzioen laguntzarik gabe. Garrantzi handia ematen diogu indar politiko hauek konpromiso hau sinatzeari. Nahiko genuke hurrengo legegintzaldian Nafarroako Gobernuak argi eta garbi uztea Abiadura Handiko Trenaren aurkako eta egungo trenaren hobetzearen aldeko jarrera, arestian aipatutako indar politikoek sinatutako konpromisoen bidetik.
Hemen gauden eta ekimen hau bultzatu dugun plataformak eta taldeok uste dugu erabat beharrezkoa dela gure jendartearen sektore guztien inplikazioa gure herrialdeko ekonomia eta ingurumena babesteko. Horregatik, jarraituko dugu mobilizatzen ikustarazteko, egiazko aurrerapena egungo trenbideak erabiltzea eta hobetzea dela. Uste dugulako horrela lortuko dugu Nafarroa biziagoa izatea, lurraldea zentzuz egituratuz eta trinkotuz, mila miloi euro aurrezteaz gain.
AHT Gelditu! Nafarroa
Erdi Aldea Trenaren Alde – Zona Media por el Tren elkartea
Oltza/Iza Tren Publiko eta Social Baten Alde, AHTrik EZ plataforma
Plataforma Ribera por un Tren Social. No al TAV
Sakana Trenaren Alde, AHTrik EZ plataforma
Sustrai Erakuntza Fundazioa
Prentsaurrekoa 11amaika Telebistako bideoa honetan. Hemen ikusi originala.