2019ko Nafarroa Bizirik Nahi Dugu manifestua: talde politikoendako proposamenak

    es 17 Mai 2019 - Nafarroa Bizirik Nahi Dugu manifestua

    Nafarroa Bizirik Nahi Dugu” leloa duen manifestua aurkeztu dugu. Testuak Nafarroako ingurumenean eta lurraldean arazo larrien berri ematen du, eta talde politikoek bere gobernu programan sartzea nahi dugu. Manifestua hogeiren bat eragile ezberdinak sinatuta dago, bai ekologistak eta bai sindikatuak. Ondoren manifestuaren testu osoa (PDF formatuan ere) eta orain arte sinatu dutenen zerrenda. Manifesturen bertsio laburtuta ere jaitsi dezakezu PDF formatuan.

    Nafarroa Bizirik Nahi Dugu

    Duela 8 urte, 2011. urtean, hainbat erakundek dokumentu bat sinatu genuen aldarrikatzeko hainbat oinarri eta ardatz ingurumena, lurralde antolaketa eta garapen ekonomikoari heltzeko orduan. Bertan azaldutakoa abiapuntua zen egoeraren azterketa kritikoa egiteko, eta horrekin batera, etorkizunerako aldaketaren beharra aldarrikatzeko.

    Geroxeago, 2017ko ekainean, berriz ere kalera atera ginen Nafarroako Gobernuak hartua zuen norabidea salatu, ingurumen-politikaren eta garapen sozioekonomikoaren aldaketa eskatu, eta premiazko alternatibak eta egiteko molde berriak galdegiteko, 2011an egin bezalaxe.

    Gizadiak ezagutu duen krisialdi ekologikorik larrienaren aurrean gaude. Horrekin batera, krisi ekonomiko eta sozial gogorra jasaten ari gara. Lurrak ez ditu inoiz gaur egun pairatzen dituen presio negatiboak jaso izan: klima-aldaketa, natur-baliabideen agorpena, biodibertsitatearen galera, lurraren eta itsasoaren kutsatze larria. Are gehiago, zantzu guztien arabera, presio hauek gora egingo dute datozen urteetan, kudeaketa kapitalistaren eskutik. Etekinen harrapaketa itsuak natura suntsitu, bizi-baldintzak okerragotu, desberdintasunak areagotu eta zaintza-beharrak alboratu egiten ditu. Egia da kontzientzia ekologista indartu egin dela eta neurri batzuk hartzen hasiak direla. Hala ere, esfortzu hauek ez dira nahikoak gertatzen ari den hondamen sozioekologikoa geldiarazteko.

    Nafarroa ez dago errealitate honetatik at. Azken urteotan, gurean ere bilakaera oso kezkagarria izan da. Abaguneari lotutako datu sozioekonomikoak gora-behera, bere horretan darrai ingurumenaren eta lurraldean egon eta bizitzeko moduen degradazioak:

    • Egitasmo urbanistikoen espekulazioa.
    • Azpiegitura handien negozioa.
    • Produkzio eta kontsumo-eredu konpultsiboa, multinazionalen onerako.
    • Lurraldeen arteko desoreka. Landa eremuetako herrien txirotze eta despopulatze larria.
    • Trantsizio ekologikoaren erabilkeria aberastasun soziala lapurtu eta enpresa handien eta multinazionalen poltsikoetan sartzeko, betiere, oinarrizko zerbitzu publikoen kaltetan.
    • PSIS edo Udalen gaineko Plan Sektorialaren erabilera inposizio tresna gisa, gure udalerrien erabakitzeko gaitasuna ezereztatuz.
    • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealari etengabeko mespretxua, ingurumeneko plan eta proiektuetan genero-eraginaren txostenak baztertuz.

    Herritarren argudio ekologiko eta sozialen arrazionaltasunaren aurrean, azken 8 urteotan, Nafarroako Gobernuek (Erregimenarena eta Aldaketa ordezten duenarena) eta Madrilgoak, kapitala, desarrollismo eta heteropatriarkatuaren logika jarraitu dute, ondoko proiektuak bultzatuz eta jarraituz:

    • Prestazio handiko Trena (AHT), Etxabakoizko PSISarekin batera.
    • Castejongo zentral termikoak eta Goi Tentsioko Lineen egitasmoak (Itsaso eta Frantzia aldera Pirinioak zeharkatuz).
    • Baztango Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailea.
    • Nafarroako ubidea eta Itoizko urtegia, Esako urtegiaren handitzea, erreka kutsatuen egoera (esate baterako, Arga Iruñeatik Aragoi ibaiarekin bat egin arte) edo Lokizko akuiferoa eta Valdegako gehiegizko ur erauzketa
    • Bardeetako tiro poligonoa
    • Meategi proiektuak: Geoalcali (potasa ustiatzeko), Magna edo harrobiak (Urdazubi, Aldatz,…).
    • Imarkoaingo Hondakinen Makroplanta edo El Culebrete plantaren egoera.
    • Aire-kutsadura eta kutsadura elektromagnetikoa.
    • Transgenikoak eta agroindustria.

    Gobernuen eta botere ekonomikoen babesa duten proiektu guzti hauen aurrean, goraipatu nahi dugu Nafarroan zehar, herri eta eskualde ezberdinetan, sortu den indarra proiektu guzti hauek zalantzan jarri eta erantzunak antolatzeko, beste eredu ekologiko eta sozialaren alde, egungo eredu ekonomiko harrapakaria gainditze bidean. Herri mugimenduak eta herritarrak gai izan dira azterketa kritikoak egin eta aldaketa errealetarako proposamenak aurkezteko. Halaber, erantzun soziala bultzatu dute, jakitun oraindik ez dela nahikoa aldaketa errotik gauzatzeko. Eta zorionez, hainbat proiektu geldiarazi dira, boterearen izaera inposatzaile, injustu eta antidemokratikoa agerian utziz. Esate baterako:

    • Hainbat alternatiba jorratu eta zabaldu egin dira: Tren Publiko eta Soziala, hondakinen tratamendurako eredu berria, uraren erabilera eta arrazoizko kudeaketarako proposamena.
    • Herritarren iraunkortasuna eta nekaezintasuna Urdazubiko Alkerdi, Aurizberriko Mendiaundi eta Zilbetiko harrobien proiektuak gelditzeko, edo Esa haunditzearen kontra aritzeko.
    • Milaka lagunek egungo sistemaren aldaketa eskatu dute hitzaldiak eta mobilizazioetan parte hartuz, desobedientzia ekintzak eginez, alegazioak aurkeztuz, edo burujabetza proiektuetan inplikatuz (elikagaiak, energia) edo produkzio eta kontsumo sostenagarriak bultzatuz,…
    • Mugimendu sindikalak eta ekologistak bat egin dute hausnartu eta elkarrekin aritzeko kapitalismoaren esplotazioa eta naturaren suntsipenari aurre egite aldera.
    • Mugimendu feministaren aldarria berdintasuna erreala, zehatza, transbertsala eta egiturazkoa izan dadin alor ezberdinetan: erabaki ekonomikoetan, aberastasunaren banaketan, lurralde antolaketan, baita ingurumen kontuetan ere.

    Ikusiak ikusi, uste dugu 2011ko manifestuan aurkeztutako 12 lan ildoen hauen beharra bizi-bizirik dagoela beste molde batez natur-baliabideak kudeatu, arrazoizko lurralde antolaketa taxutu eta ingumenarekiko errespetua gauzatzeko, baita herritarren ongizatea, berdintasuna eta erabakitzeko eskubidea bermatzeko ere:

    1. Ingurumenari dagozkion gai guztietan, informazio zehatza eta zorrotza egon behar du: jarduera programa guztiak eskuragarriak izan behar dira (industriala, erresidentziala, energetikoa…), baita haiei dagozkien ingurumen eraginaren azterketak ere. Beharrezkoa da ere gizartea trebatzea sakonki ezagut ditzan aurrean dituen erronka larriak.

    2. Eztabaida sozialerako parte-hartze markoak sortu behar dira, informazio osoa eskura jarriz eta alternatiba ezberdinen artean hautatu ahal izateko. Ingurumenean eragin handia duten proiektuek gizartearen gehiengoaren babesa izatea ezinbestekoa izan behar lukete. Herritarrek iritzia adierazteko baliabideak jarri behar dira, gizartearen erabakia loteslea izan dadin. Horrela, nahitaezkoa da Gobernuko organoen demokratizazioa.

    3. Espekulazio inmobiliarioa errotik moztu, beharrezko diren neurri legalak indarrean jarriz, lurraren okupazio erresidentzial estentsiboari mugak paratuz eta errehabilitazio prozesuak lehenetsiz edo alokairua bultzatuz.

    4. Energia kontsumoa murrizteko planifikazio argia behar da, ekoizpen eta kudeaketa sistema demokratikoa indarrean jarriz. Konpromiso zorrotza behar da kutsadura murrizteko eta energia aurrezteko. Proiektu eolikoak neurrian garatu, publikoak, kooperatiboak eta sozialak bultzatuz pribatuen ordez.

    5. Inolako onura sozialik ez dakarten eta kostu ekonomiko eta ekologiko izugarria duten makro-azpiegiturak gelditu.

    6. Hondakinen kudeaketa arduratsua egin behar da, sorreratik hondakinak murriztuz eta, erakunde publiko zein gizartearen inplikazioaz, berrerabilera eraginkorra eta konpostajea bermatzeko tratamenduak bultzatuz. Horretarako, sortutako hondakinen kopuruaren araberako ordainketa ezarriko da, eta hondakinak botatzeagatik ordaindu beharreko kanona handituko da.

    7. Gizartearen beharretatik urrun dagoen neurrigabeko kontsumo mailari mugak jarri. Kontsumo maila honek gizartearen portaerari eta baliabide naturalak esplotatzeko moduari zuzenki eragiten die. Publizitate gehiegikeriaren, elikagaien manipulazioaren edo osasunaren aurkako erasoen aurrean herritarren defentsarako sarea osatu behar da.

    8. Uraren kultura berria bultzatu, ura baliabide mugatutzat jo eta ondare kontserbatzeko diren printzipioak jarraituz. Uraren kudeaketa eskaeraren kontrol politika batean oinarritu behar da, eskaintzaren handitzea alboratuta.

    9. Ondare kulturalak, materialak zein immaterialak, aniztasun kulturala islatzeaz gain, aurreko belaunaldiekiko lotura eta jarraipena bermatu behar du. Azken urte hauek oso txarrak izan dira haren iraupen eta babesaren ikuspegitik. Gure ondarearen defentsarako ezinbestekoa da berau kontserbatzea, ikerketa-, babes- eta hedatze- programekin.

    10. Nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboa defendatu eta bultzatu: lurrari lotua, tokian tokiko ekoizpen eta kontsumo markoak sortuz eta nekazariei errenta duinak emanez. Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa behar dugu, elikadura burujabetzaren oinarriekin bat egingo dutena, eta jarduera produktibista, industrial eta transgenikoaren eragin kaltegarriei aurka egingo dietena. Nekazaritza eta abeltzaintza industrialek herriak hustutzen dituzte, ondare familiarra eta arkitektonikoa galduarazi dituzte eta landa eremuaren oreka eza eragiten dute.

    11. Komunalen defentsa egin, ez bere kontzepzio fisiko eta territorialean soilik, lurraldearen kudeaketan tokian tokiko komunitatearen parte hartze zuzena sustatzeko eta bere erabilera balioa lehenetsiz. Landa eremuaren defentsan, beren udalerri eta kontzejuen eskumenak eta finantziazioa bermatu behar dira, hainbat joera zentralizatzaile eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean.

    12. Babestutako espezie eta espazioak defendatzeko konpromiso irmoa, berauek defendatzeko legeen etengabeko urratzeari bukaera emanez.

    Planifikazio demokratikoa, arrazional eta humanoa behar da proposamen guzti hauek bildu, lurraldearen oreka gorde eta “oinatz ekologiko” positiboa bilatzeko, azken urteotako lurralde antolaketa politikak sorturiko txikizioari buelta emateko helburuarekin.

    Agiri hau sinatzen dugunok azaldu nahi dugu gure borondatea gorago aipatutako lan ildoak aurrera eramateko, elkar lagunduz, praktika kolektiboen bidez. Jarraituko dugu proposamenak, erantzunak eta mobilizazioak artikulatzen, kalean zein ideien eztabaiden eremuan. Aurka eginen diegu eskubide sozialak eta ingurumenekoak ezbaian jartzen dituzten proiektu antiekologikoei, mugagabeko hazkundea eskatu eta haien mesedea soilik nahi duen elite ekonomiko, enpresariala eta politikoari.

    Manifestuari atxikimenduak

    Acción Clima
    AHT Gelditu Elkarlana Nafarroa
    Alde Zaharreko Gazte Mugimendu eta Maravillas Gaztetxea
    Compañía de las 3 Erres
    Ekologistak Martxan Iruñea – Ecologistas en Acción
    Greenpeace
    Hiru Mugak Batera
    Kalaxka, Larraungo talde ekologista
    Larragako Gardatxo Taldea
    Monte Alduide Koordinakundea
    Mugarik Gabe Nafarroa
    Orkoien-Ezkabarte tentsio altuko linearen kontrako plataforma
    Pensionistak Martxan
    Plataforma Ribera + Centrales No
    Plataforma Ribera por un Tren Social, No al TAV
    Sakana Trenaren Alde AHTrik EZ plataforma
    Sustrai Erakuntza Fundazioa
    Urbizi Red en defensa de los ríos – Ibaien aldeko nafar plataforma

    CGT-LKN Nafarroa sindikatua
    ELA Nafarroa sindikatua
    ESK Nafarroa sindikatua
    LAB Nafarroa sindikatua
    STEILAS Nafarroa sindikatua