Hauteskunde kanpaina honetan Abiadura Handiko Trenari buruz eztabaidatzea beharrezkoa da

    es 13 Mai 2019 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Egungo trena hobetzea aldarrikatu eta Abiadura Handiko Trena arbuiatu egiten dugun erakundeok, taldeok eta plataforma ezberdinok ondokoa adierazi nahi dugu:
    • Erabat beharrezko deritzogu gai hau hauteskunde kanpainaren eztabaida eta mezuetan presente egoteari.
    • Dei egiten dugu larunbat honetan Gasteizen eginen den manifestazioan parte hartzeko.

    Prentsaurrekoren 11amaika Telebistako bideoa. Hemen ikusi originala.

    Erabat konbentzituta gaude AHTa bezalako lan erraldoien garaiak iraganeko kontuak direla, eta ezinbestekoa dela etorkizunari beste era batez heltzea. Hain zuzen ere, hauxe bera da Europako Garraio Batzordeak adierazi ziguna duela gutxi Europako Parlamentura egindako bisitan. Europako Batasunaren erakunde honek ondokoa esan zuen:

    • Gure lurraldeetan proiektatutako Abiadura Handiko Trenak bakarrik bidaiariak garraiatuko ditu.
    • Europako Batasunak murriztuko ditu orain arte emandako diru-laguntzak AHTa eraikitzeko Estatu espainiarrean.

    Hala ere, Abiadura Handiko korridoreak egiteko kritika latzak izan arren, Estatu espainiarrak, Nafarroako hainbat alderdiren laguntzaz, jarraitzen du AHTa eraikitzen, gero Euskal Y-arekin lotzeko, Gasteizen edo Ezkio-Itxason.

    Hori eginez, segitzen dute tematuta AHTren lanak suposatzen duten xahubide ekonomikoarekin. Ez dago inongo txosten edo azterketarik ezagutzeko holako gastuaren eragina kontu publikoetan. Eta hori gutxi balitz, ingurumena eta lurraldea larriki kaltetzen dute, inongo errentagarritasun sozial, ingurumenezko edo ekonomikorik erakutsi gabe.

    AHTa eraikitzeak, besteak beste, Altsasu, Tafalla, Erriberri eta Castejongo geltokiak desagerraraziko ditu. Zentzugabekeria honen aurrean, egungo trenari eustea eta hobetzea proposatzen dugu. Tren soziala behar dugu herriak, hiriak eta industriaguneak lotzeko; merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko; lurraldea trinkotzeko eskualdeak isolatu gabe; inor ez baztertzeko ekonomikoki, jendearen eskura jarriz.

    Tamalez, eta arazoaren tamaina eta dauzkagun pisuzko arrazoiak kontuan hartuta, zur eta lur geratu gara ikusi dugunean AHT-aren gaia oharkabean pasatu dela aurreko hauteskunde kanpainan. Ez dugu ulertzen hau bezalako gai garrantzitsuak eztabaida zabalagorik ez sortzea, ezta alderdi politikoek horren inguruko planteamendu argirik ez aurkeztea ere.

    Hori dela medio, komunikabideak dei egin ditugu Nafarroako alderdi politikoei helaraz diezaien AHT-aren gaia hauteskunde hauen ardatzetariko bat izan behar duela. Uste dugu Nafarroako etorkizuna jokoan dagoela. Beraz, gai hau sakontasunez eztabaidatu beharra dago. Ezagutu nahi dugu, argi eta garbi, zeintzu diren alderdi politikoen proposamenak Nafarroako tren garraioari buruz.

    Nahitaezkoa da herritarrek ezagutzea bizi dugun une kritikoa, non krisi ekonomikoarekin batera, zaintzaren, baloreen eta ingurumen krisiak eragiten ari diren. Hala ere, testuinguruaren larritasunari muzin eginez, hainbat botere politiko eta ekonomiko makroazpiegituren alde egiten ari dira ekonomia, ingurumena eta ondasun naturala kaltetuz. AHTaz gain, berriz ere azpiegitura berriak martxan jarri nahi dituzte. Esate baterako Muruarte – Itxaso goi-tentsioko linea, AHTa argindarraz hornitzeko erabiliko dena. Edo Castejongo zentral termiko ilegalak, horretarako behar den argindarra ekoiztuko dutena.

    Ezinbestekoa da egoera honetan herritarrak behar bezala baloratzea gobernuek hartzen dituzten erabakiak. Haien artean larria da une honetan ematen ari den xahubide ekonomikoa AHTa eraikitzeko Tafalla eta Erriberri aldean. Eskatu egiten dugu Nafarroan martxan dauden AHTaren lanak bertan behera uztea.

    Honenbestez, hemen gaudenok ondoko bi eskari garrantzitsu egiten dugu:

    • Alderdi politikoei eskatu egiten diegu Abiadura Handiko Trenari buruzko haien proposamenak argi eta garbi azaltzeko. Herritarrok aukera izan behar dugu ingurumena eta ekonomiarekiko proposamen zentzuzkoak eta egokiak hautatzeko.
    • Herritarrei eskatu egiten diegu mobilizatzeko eta garai hauetako erronkei heltzeko konponbideak aldarrika ditzaten. Eta horretarako, hemen gauden taldeok eginen dugun bezala, bat egin dezaten “Tren Soziala Bai, AHTrik Ez” manifestazioarekin, larunbat honetan, maiatzaren 18an, eguerdiko 12:30ean, Gasteizko San Anton Plazan.

    AHT Gelditu! Nafarroa
    Erdi Aldea Trenaren Alde – Zona Media por el Tren elkartea
    Oltza/Iza Tren Publiko eta Social Baten Alde, AHTrik EZ plataforma
    Plataforma Ribera por un Tren Social. No al TAV
    Sakana Trenaren Alde, AHTrik EZ plataforma
    Sustrai Erakuntza Fundazioa