Zergatik egin behar izan dugu kanpaina hau?

    es 26 Ots 2017 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Euskerazko panela Prestazio Handiko trenaren proiektua zaharkitua dago, baina horrela ere oraingo Nafar Gobernuak tren berria egitea nahi du. Artikulu honetan, proiektu honen errealitatea eta Gobernuak egiten dituen mugimenduen gure ikuspuntuak zabaldu nahi ditugu. Baina lehenago Irati Irratian egindako elkarrizketa bat entzun dezakezu, bai hemen edo archive.org webgunean:

    Euskerazko panela

    Galdera hau erantzuteko dekalogoa duzue hemen:

    1. Nafarroako abiadura handiko korridorearen proiektua zaharkitua dago. 2004an UPN/PSN eskutik abiatu zen “Abiadura Handiko Trena” izenarekin. Gaur egungo Nafarroako Gobernuakproiektuarekin jarraitu nahi du “Prestazio Handiko Trena” deituz, hala ere, aurreko kudeaketa baliogarritzat hartuta, berritik hastea erabaki dute, oinarrizko arazoak  kontuan hartu gabe, hala nola:

    a. 2015eko Auzitegi Goreneko epaiak dioen bezala, proiektuaren Iruñeko eskualdeko Ingurugiro Eragin Adierazpena iraungita dago, beraz, honen ondoren emandako pausu tekniko zein administratiboak teknikoki ulergaitzak eta etikoki arduragabeak dira.

    b. Nafarroako Auzitegi Gorenak 2013an emandako epaiak dioen bezala, proiektua informazio publikoa ezkutatuz eta herritarren parte hartzea galaraziz garatu da.

    c. Kontuen Ganbarak “bertze garaietako” proiektu bat dela ondorioztatu du. Proiektuak ez du ezta errentagarritasun ekonomikorako txostenik ere.

    d. Etxabakoitzeko geltokian Nafarroako Gobernuak bultzatutako UGPSarenkudeaketan izandako irregulartasunak: 27/2006 legea, jendartearentzat informazio eta partehartze eskubideak ezartzen dituenak, ez betetzea, enpresa eraikitzaileak eta sustatzaileak epez kanpo aurkeztutako eta onartutako alegazioak eraikigarritasuna handitzea lortuz, eta 1367/2007 Errege Dekretuak ezarrritako soinu kalitateko helburuak ez betetzea.

    2. Azkeneko hauteskunde kanpainan informazioa ezkutatu zaio Nafarroako jendarteari. Hizkuntza desitxuratu egin da, izenak aldatu dira eta nafar jendartea nahasi ahal izan da. UPN/PSNk aurkeztutako AHTaren proiekturekiko beste bat desberdina proposatzen ari zela erran zen, errealitatean, proiektu berdina izen aldaketa batekin besterik aurkezten ari zirenean. Politikaren eremuan eta komunikabideetan atera dena laburbiltzeko, ez dago aldaketarik UPN/PSNk 2013an aurkeztutako proiektutik. Dena aurrera doa, hori bai, hau dena egitea lagunduko duen hitzarmen ekonomiko batekin.

    3. Errentagarritasun sozial edo ekonomikoko azterketarik ez dauka. Beste garai batzuetan proiektatutako azpiegitura da, beste garai bateko parametro ekonomiko zein sozialekin, non lehenbizi eraikitzen zen eta ondoren saiatzen zen eraikitakoari justifikazioa bilatzen. Hor daude Navarra Arena, Noaingo aireportua(1)… antzeko kudeaketa politikoez ari gara. Helburua eraikitzea da, errentagarritasun ekonomiko edo sozialak kontuan hartu gabe.

    4. Ez da lehentasunezkoa hitzarmen berri bat sinatzea. Aurrera jarraitzeko Estatuarekin hitzarmen berri bat sinatu behar dela azpimarratzen da behin eta berriz. Lehentasunezkoa ez da trenbiderako hitzarmen berri bat sinatzea, baizik eta Nafarroak zein trenbide eredu behar duen zehaztea, orduan bai sinatu daiteke hitzarmen ekonomiko berri bat Estatuarekin. Trenbide eredua zehaztu gabe hitzarmen berri bat sinatzeak, zuzenean UPN/PSNk garatutako AHTaren proiektu zaharrarekinjarraitzea erran nahi du. Erabaki garrantzitsu baten aurrean gaude, bidegurutze historiko batean. Beharrezkoa da Nafarroak ze trenbide eredu behar duen eztabaidatzea eta erabakitzea: AHT/PHTko eredu espainiarra, ala Suitza, Alemania, e.a. duten eredu europarra. Trenbideak eta geltokiak jendearengandik urruntzen ditugu, Tafallako geltokia kentzen dugu edo Europan egiten den bezala trenbide eredu egituratua planteatzen dugu.

    5. Hausnarketa ukatzen da eta eztabaida zentsuratu egiten da. Legealdi hasieran, 2015ko irailean, oraingo Nafarroako Gobernua sostengatzen duten eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei, Parlamentuko Txosten bat eratzeko aukera planteatu zitzaien, Nafarrorako dauden trenbide eredu desberdinak aztertu eta eztabaidatzeko. Parlamentuko txostena profil teknikoko euskarri batean oinarrituko zen: sektore desberdinetako jende desberdina gonbidatuko zen, gaur eguneko zein etorkizuneko beharrak aztertzeko, profil tekniko desberdinak edukiko lituzketen pertsonak, esperientzia zein jatorri  desberdinetakoak, azken finean dauden aukera desberdinen inguruko eztabaida tekniko aberasgarri bat, onurak eta eragozpenak, errentagarritasun ekonomiko zein sozialak aztertuz, baita ingurumenaren gaineko eraginak ere. Geroa Bai alderdiak eztabaida egiteko aukera ukatu zuen. Trenbidearen inguruko Parlamentuko Txostena ez zen abiatu.

    6. Iruñeko trenbidearen saihesbidea desegitea ez da proiektu hau gauzatzeko justifikazioa, aitzakia baizik. Berriozarren adibidez, arazo historikoa daukate gaur egungo trenarekin lotuta dauden arrisku eta eragozpenekin, arazo horien konponketak dagoeneko gauzatuak egon beharko lukete, Europako beste herrialdeetan egiten den bezala. Hori egin beharrean utzikeria erabiltzen da eskaera soziala eta AHTaren proiektuarekin jokatzeko. Berriozarko arazoa konpontzea premiazkoa da, proiektu faraonikoei itxaron gabe. Gainera, trenbidearen saihesbidea  kentzeak nahita ezkutatzen diren ondorioak izango lituzke, hor dago Etxabakoitzen bizi diren 5.000 lagunek urte hauetan guztietan jasan duten eta oraindik jasaten duten utzikeria. Modu berean, hor daude trenbide berriak sentsibilitate bereziko parajean izanen lukeen eragina, Ollatibarko eremuan, Ororbian, edo Arazuri, Iza edo Aldaba bezalako herrietan.

    7. Eraiki nahi den proiektuak herritarren mugikortasunaren eraginkortasuna okertuko luke. Nafarroako eskualde batzuetan paradigmatikoa da planteatzen dena, Nafarroako Erdialdeko herri batzuetan, Tafallan, Erriberrin, Martzillan, Villafrancan,… adibidez, gaur egun dauzkaten trenbide loturak galduko lituzkete. Madrilera bidaiatu ahal izateko, autoz Iruñeko geltoki berrira mugitu beharko lirateke, ondoren trenean berriro Erdialdetik pasatzeko Madrileko bidean. Erriberaren kasuan, zehaztu gabe dago, ez dago ezta definituta ere. Hitzarmen berri bat sinatzeari buruz hitz egiten ari dira Nafarroako Erriberan geltokirik izango den ala ez jakin gabe.

    8. Proiektu honek duen ingurugiro eragina jasangaitza da: Zuzenean, Nafarroako Gobernuak konprometitutako eta sinatutako Paris 2016 akordioak ez betetzeko atzerapausoa suposatuko luke, xahutze energetiko handiagoa eta CO2 emisio gehiago. Lur mugimendu handiak eta eremu babestuetan izango diren kalte berriak ahaztu gabe. Hainbat zabortegiren eta harrobiren proiektuak justifikatuko dira bidean. Nafarroa jasangarritasunetik urrunduko litzateke, beharrezkoa ez den eta lineala den azpiegitura bat eginez fauna eta nekazaritzarako hesi berri bat sortuz.

    9. Jendartearen zati baten isiltasun konplizea. Eta hau dena gertatzen den bitartean, alderdi politiko, eragile sozial eta herritar askok isiltasun konplize kezkagarri bat mantentzen dute, ia ez dute ezer esaten inongo justifikaziorik gabeko diru publikoaren xahutze honen inguruan. Azken momentuan gauzatzen dena Nafarroako Gobernuaren esku dago, beraz Nafarroako jendartearen esku, ez da Sustrai Erakuntzaren erabakia izanen. Hala ere publiko egiten dugu Sustrai Erakuntzak hartutako erabakia eta Nafarroako jendartearekin daukan konpromisoa, eta hitza ematen dugu bidegabekeri honetan gastatuko den euro bakoitza ikuskatuko dugula.Datorrena datorrela, urteak joan hala, kudeaketa ez eraginkor honekin aurreikusten den hondamendi ekonomiko, politiko eta soziala eten gabe ikuskatu eta salatuko dugu.Beste Navarra Arena baten aurrean gaude, kasu honetan Navarra Arena 4.0 da.

    10. Gaur egungo eta etorkizuneko errealitate sozioekonomikoari ez zaio lasaitasunez aurre egiten. Maila sozialean eta laboralean oraindik 2008an “krisi ekonomikoa” deitu zitzaion horren ondorioak pairatzen ari gara. “Krisi ekonomiko” deritzona hasi besterik ez da egin eta murrizketa gehiago etorriko dira baldintza ekonomiko eta laboraletan.  Instituzio Publikoak (Estatua eta Nafarroa) hamarkadetako zorpetuak daude eta proiektu honen jarraipenarekin diru publikoaren xahutze honekin jarraitzea planteatzen da (3000 edo 4000 milloi euro). Honek bistan denez zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago ekarriko ditu, berez AHT/PHTak zerbitzu publikoak hiltzen ditu: osasungintza publikoa hiltzen du, hezkuntza publikoa hiltzen du, elbarritasuna, genero politikak, Integrazio Sozialerako Zentroak, Unibertsitate publikoa, 36ko erailak hilobitik ateratzea, GKEak, laborategi publikoak hiltzen ditu, ikasketetako bekak, doako justizia, kultura, lehenengo sektorea hiltzen du, I+G+B, etxegabetzeak, enplegu publikoa hiltzen du, larrialdietako lan baldintzak hiltzen ditu.

    AHT/PHTak itotzen gaitu.


    1. Oharra: Irakurle batek aireportuaren kasua ezberdina dela esaten digu, zeren Noaingo obrak AENA enpresa pribatuak egin zituela eta. Aipatzen ditugun beste kasuetan publikoak diren enpresa eta administrazioek egin dute. Baina kontutan hartu behar da AENA enpresaren kapital zati handi bat publikoa da ere. Baina batez ere, garapen modeloari buruz ari garela salatzen, eta ez adibide konkretuei…