AHTari buruzko informazioa ezkutatzeagatik zigortu dute Nafar Gobernua

    es 7 Urt 2014 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    MECSA kasuaren ebazpena azaltzeko emandako prentsaurrekoaHerritarrek abiadura handiko tren proiektuari buruz informazio publikoa jasotzeko eskubidea ez betetzeagatik eta informazioa ezkutatzeagatik zigortu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gobernua. Sustrai Erakuntza fundazioak jarritako helegiteari arrazoia eman dio epaitegiak, eta onartu du gobernuak ez duela errespetatu edozein herritarrek egitasmo horren inguruan informazioa jasotzeko duten eskubidea. Nafarroako Gobernuak AHTari buruzko proiektuaren inguruan duen ingurugiroako informazio guztia eman beharko dio Sustrai Erakuntza Fundazioari, auzitegi aginduta. Hilabeteko epea eman dio horretarako, zabaldutako sententziaren bidez (pdf artxiboa, 174 Kb).

    Sustrai Erakuntza fundazioak hiru aldiz eskatu zion Nafarroako Gobernuari informazioa AHTak Nafarroan edukiko zituen ingurumen, ekonomia eta gizarte eraginen inguruan. Izan ere, horri buruzko txosten bat eskatu zion gobernuak MECSA enpresari 2008an. AHTaren aurkako herritar batzuk harremanetan jarri ziren enpresarekin txosten horretan parte hartu nahi zutelako, baina enpresak uko egin zion eskariari, gobernuak baldintza bat jarri ziolako: haren informazioa bakarrik erabiltzea.

    Ukazio horren ondoren Arartekoarengana jo zuten, eta hark arrazoia eman zioten. Herritarren informazio eta parte hartze publikorako eskubidea galarazten ari zitzaiola ohartarazi zion gobernuari. Horren ondoren, 2009an, berriz ere jo zuten gobernura AHTari buruzko informazio eske. Eta berriz ezezkoa jaso zuen.

    Ondoren, Sustrai Erakuntzak auzitara jo zuen 2010. urtean, gobernuak AHTaren inguruko ingurumen informazioa ukatu ziolako, “behin eta berriz”. Haien ebazpena orain zabaldu dute epaileek, eta Sustrai Erakuntzaren alde egin dute. “Herritarrek ingurumen informazioa jasotzeko eta parte hartzeko duten eskubidea urratu” egin dela nabarmendu dute.

    Sententziak jasotzen du gobernuak emandakoa ez zela Sustrai Erakuntzak eskatutakoa. “Ingurumenari buruzko txosteneko zatiak horiek zirela erranez, datarik eta sinadurarik gabeko hainbat paper bidali ziguten; epaileek ere ustezko txostentzat jo dute”.

    Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du urrats hori nahikotzat jo, eta Sustrai Erakuntza Fundazioaren alde egin du. Ontzat jo du fundazioko abokatuek egindako eskaera, eta, ondorioz, abiadura handiko trenari buruzko proiektuaren inguruan duen informazio guztia Sustrai Erakuntzaren esku jartzeko agindu dio, orain, gobernuari.

    Nafarroako AHTa, egun, loturarik gabeko 70 kilometroko proiektua dela gogoratu, eta lanak bertan behera uzteko eskatu du Sustrai Erakuntza Fundazioak. 2014rako, AHTarentzat 102 milioi euroko aurrekontua badela gogoratu du. Duen “ardura politikoagatik”, gainera, Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik dimisioa eman dezala eskatu du Sustrai Erakuntza Fundazioak.

    (Berria egunkaria bi testutik moldatuta. Gaztelaniazko bertsioan informazio osoa ikusi dezakezu)

    MECSA kasuaren ebazpena azaltzeko emandako prentsaurrekoa