Valle de Odieta enpresak Caparrosoko behi makroetxaldea handitu nahi du

    es 25 Urt 2023 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Valle de Odieta enpresak, Caparrosoko behi-makrogranjaren jabe denak, dagoeneko oso handia den instalazioa are gehiago handitu nahi du. Horixe da, hain zuzen, Nafarroako Gobernuari aurkeztu dion eta honek, era berean, Sustrai Erakuntza fundazioari igorri dion dokumentaziotik ondorioztatzen dena, gerora jendaurrean jarriko dutelarik. Proiektu honen aurrean, alegazioak aurkeztu ditugu, argudiatuz egungo legediarekin ezinezkoa dela enpresa honek Caparrosoko makroetxaldeko abere-kopurua handitzea.

    Egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Caparrosoko Valle de Odieta makrogranjak “7.200 esne-behi heldurako du baimena (gutxi gorabehera 6.500 ekoizpenean eta 700 lehortze- eta erditu aurreko aldian), eta umedun-aldiko azken hilabeteetan dauden 600 bigantxa, zein 40 egun arteko txahalak” edukitzeko baimena ere bai. Horrek esan nahi du enpresak mota guztietako 7.800 abelburu inguru izateko baimena duela. Abelburu horiek Azienda Larriko 7.620 Unitate dira (AzLU, azienda zenbatzeko erreferentziazko unitatea, haren tamaina kontuan hartuta).

    Hala ere, joan den abenduan jakin izan dugu makrogranja handitzeko eskakizuna egin diola Valle de Odieta enpresak Nafarroako Gobernuari, honako kopuruetara iristeko: “7.900 behi ugaltzaile, urtebetetik beherako 2.172 txahal eta 1.300 bigantxa”. Honek esan nahi du, adin eta tamaina guztiak kontutan hartuta, 11.372 abelburu izatera iritsiko direla, eta guztira 9.678 AzLU.

    Enpresak lortu nahi duen abere-kopurua eta gaur egun baimenduta duena alderatzen baditugu, handitze hori gaur egun izan beharko lukeena baino % 27 handiagoa izango litzateke.

    Duela gutxi onartua izan den 1053/2022 Errege Dekretuak, behi-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituenak, 850 AzLU ezartzen ditu ustiategi bateko behi-aziendaren gehieneko kopurutzat. Beraz, Valle de Odieta enpresan lortu nahi dituzten 9.678 AzLU-ekin gaur egungo legediak behi-haztegietarako baimentzen duena baino % 1.138 gehiago edukitzera iritsiko lirateke.

    Gainera, Errege Dekretu horren 16. artikuluak ezartzen duenez, Errege Dekretua indarrean sartu baino lehen martxan dauden ustiategiek 1.2 artikuluan ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena gainditzen badute (850 AzLU), kopuru horri eutsi ahal izango diote, baina ezingo dute inola ere handitu. Honela, gure ustez, Nafarroako Gobernuak ezin du Valle de Odietak ustiapena handitzeko duen asmoa onartu.

    Eta horrek esan nahi du ez duela handitze hori ahalbidetzen duen baimenik eman behar, baina, era berean, enpresak instalazioak eta bertan dagoen abere-kopurua egungo legeak dioenarekin bat datorrela kontrolatu behar duela. Azken hau azpimarratu nahi dugu, izan ere, enpresak zabaltze hori eskatzeko aurkeztu duen dokumentazioan, jadanik ezkutuko handitze bat sartu baitu, eta ziur aski dagoeneko ezarrita izango du. Izan ere, enpresaren baimena 7.620 AzLU-rentzat izan arren, ikusi dugunez, enpresak bere dokumentazioan adierazten du egungo makrogranjak 7.900 AzLU dituela. Beraz, litekeena da gaur egun makrogranjak autorizazioa baimentzen duena baino abere kopuru handiagoa izatea (zehazki, % 3,67 handiagoa). Nafarroako Gobernuak egiaztatu beharko lukeen zerbait da hau, eta, beharrezkoa balitz, zuzenarazi.

    Ez baita enpresa egiten ariko litzatekeen irregulartasun bakarra. Jadanik ezaguna da Nafarroako Gobernuak enpresari 11 aldiz ireki dizkiola zehapen-espedienteak azken urteotan. Eta arrazoi hauengatik egin izan du: abereak hartzeko pabilioi berriak eraikitzea horretarako baimenik izan gabe (hauxe adibide argia da enpresa bere ustiapena handitzen ari zela zuen baimena aldatzeko eskatu gabe), edo zuzenean abere kopuru handiagoa hartzea baimenak ahalbidetzen dionaz gaindi, besteren artean.

    Enpresa honek Nafarroako Gobernua auzitara eraman zuen abere kopurua handitzeko baimena ukatu izanagatik. Makroetxaldearen zabalkuntza lortzeko epaitegietan botere ekonomiko guztia erabili zuen enpresa baten aurrean gaude. Eta, gainera, burututako egitateen ondorioz jarduten duena, izan ere, baimena lortu aurretik ere instalazioak eraikita zituelako eta baimendutakoa baino animalia gehiago zituelako, zehapen-espedienteek erakusten dutenez.

    Eta, gaur egun, posible da gauza bera gertatzen ari izatea, enpresak baimentzeko aurkeztu duen dokumentazioan ikus daitekeen bezala. Bertan, gaur egun baimenduta duena baino ganadu gehiago aurkezten baitu hauxe egungo egoera balitz bezala.

    Gogoratu behar dugu, halaber, hau ez dela enpresa azkenaldian tramitatzen ari den proiektu bakarra. Iazko maiatzean alegazioak aurkeztu genituen instalazio berri batzuen kontra, eta, diotenez, nitrogeno asko duten soroetan botatzen dituzten mindak ur ia purua bihurtzeko balioko lukete instalazio berri hauek. Era berean, ur ia puru hau ureztatzeko ur gisa erabiliko lukete. Orduko hartan esan genuenez, frogatu gabeko teknika da hau, eta, ziurrenik, ez ditu enpresak iragartzen dituen emaitzak lortuko; beraz, enpresak eremuak kutsatzen jarraitzeko aukerak bere horretan diraute.

    Bada, etxaldea handitzeko oraingo proiektuan, mindak eta hondakin-urak arazteko aurreko proiektua ere aipatzen da. Eta orain aurkezten dituzten planoetan arazketa horretarako erabiliko liratekeen instalazioen zati bat aurkezten dute. Eta, dirudienez, instalazio horietako batzuk jadanik eraikita egongo lirateke, aireko argazkien bidez egiazta daitekeena, adibidez, IDENA Nafarroako Gobernuaren plataforma geografikoaren bidez. Beraz, ziurrenik lizentziarik gabe eraikitako instalazioak izango lirateke hauek, Gobernuak oraindik ez baitu arazketa-proiektua onartu.

    Beste behin ere, enpresak gauzatutako egitateen bidez jarduten duela erakusten da. Lehenik eta behin, instalazioa handitzeko erabakia hartzen du, obrak egiten ditu eta duen abere-kopurua handitzen du. Ondoren, gauzatutako obra eta handitze horiek egiteko baimena eskatzen du. Baliteke gaur egun gertatzen ari den zerbait izatea, enpresak berak aurkeztutako dokumentazioan ikus daitekeenez. Eta Nafarroako Gobernuak zerbait egin beharko luke enpresak legez kanpoko jarduera hau aurrera eramatea eragozteko.

    Valle de Odieta enpresak aurkeztutako handitze-proiektuaren planoetako zati bat. Planoan “balsa de agua”, “balsas de decantación”, “DAF” eta “Tto biológico y ultrafiltración” bezala izendatu dituzten azpiegiturak gutxienez beste proiektu batean tramitatzen ari diren araztegiaren parte izanen lirateke.
    IDENA, Nafarroako Gobernuko atari geografikotik ateratako irudia, 2022an, aireko argazkiarekin. Hau da argazkirik berriena. Honetan konproba dezakegu aurreko planoan agertzen diren azpiegitura guztiak jadanik eraikita daudela.