Txostena: AHTak ez du merkantziarik garraiatzen, trikimailu publizitario baten historia

    es 9 Abe 2019 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Sustrai Erakuntza fundazioak Abiadura Handiko Trenak (AHT, Prestazio Handiko Trena bezala ere ezaguna) Nafarroan merkantziak garraiatu ahal izateko dituen arazoak aztertzeko dokumentu bat osatu du.

    (Prentsa ohar osoa irakurri baino lehen, hemen duzu ere Naiz Irratian egin diguten elkarrizketa, berria laburbiltzen duena).

    Eta arazo berbera hauek aurki daitezke Estatu espainiarrean dauden mota bereko trenbideetan, alegia, Abiadura Handiko Trenak (AVE bezala ezagutzen dira) erabiltzen dituztenak bidaiariak distantzia luzeetan garraiatzeko.

    Nafarroan tren-azpiegitura berri honek ez du inongo zentzu logistikorik eta ez die hobekuntzarik ekartzen lehendik ditugun trenbide-komunikazioei. Aldiz, egungo korridoaren pare joanen da, eta dagoeneko loturik dauden hiriak eta eskualdeak beste behin ere lotuko lituzke.

    Gobernu ezberdinak azpiegitura hau bultzatzen ari dira modernitatearen argudioa erabiliz eta bidaiariak zein merkantziak garraiatuko dituela adieraziz. Hala ere, egin dugun txostenean egiaztatzen da oso zaila dela Abiadura Handiko trenbideetan merkantzia kopuru esanguratsua garraiatu ahal izatea, paketeria hutsa ez bada behintzat. Eta horri gehitzen badiogu bidaiarien trafikoa erakartzeko birtualtasun gutxi dagoela, gure korridorea hirigune handiak lotzen ez dituen eremu batean baitago, esan daiteke ingurumen-hondamen larri baten aurrean gaudela, inolako justifikazio sozio-ekonomikorik gabe egina.

    Nafarroako abiadura handiko trenbideek ez dute merkantziarik eramanen, ekonomiaren eta garraioaren sektoreko eragile garrantzitsuek adierazi dutenez. Adibidez, CEOEk, Garraioaren Sektoreari buruzko bere memorandumean, adierazi du horrelako lineak ez direla “inolaz ere linea fidagarriak, ezta salgaiak garraiatzeko egokiak ere“. Halaber, Espainiako Logistika Zentroko zuzendariek, hitzaldi ugaritan esan dute AHTak salgaiak eramanen balitu, “mantentze kostua izugarria izanen litzatekeela“.

    Eta hori gutxi ez balitz, gogora dezagun nola, Nafarroan Abiadura Handiko Trena eraikitzeko jatorrizko proiektuetan, bidaiarientzako trafiko esklusibotzat planifikatzen zen. Gauza bera aitortzen du Comptos Ganberak egindako txostenean: Nafarroan AHTa egiteko gobernu ezberdinek egindako proiektuetarako gastu aurreikuspenak “merkantzien trafikorako diseinua aintzat hartu gabe” egin dira.

    Bitartean, Nafarroako trenbidearen errealitatea aztertzeko dokumentuek diote trenbide konbentzionalak potentzial handia duela, gaur egungo trenbide bakarraren bikoizketarekin asko hobetu daitekeelako. Jarduera hau, Senerren txostenak dioen bezala, azpiegitura berri bat eraikitzea baino askoz merkeagoa izango litzateke; eta egungoa baino askoz tren gehiago garraiatzeko gai izango litzateke, bere gaitasuna erraz asetzera iritsi gabe, Teirlog ingeniaritzak dioen bezala. Era berean, Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak berak 2017ko ekainean jakin ahal izan zuen nola Landabengo industrialdeko Volkswagen enpresako merkantziak tren konbentzionalaren bideetatik garraiatzen jarraituko duten.

    Horrela, gure erkidegoan ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik sekulako burugabekeria gertatzen ari da. Abiadura Handiko korridore berria eraikitzen ari dira, bere errentagarritasunera iristeko adina bidaiari ezin garraiatuz eta merkantziarik ezin eramanez. Eta horrela egungo trenbidea hobetzeko aukera, ingurumen- eta ekonomia-kostu askoz txikiagoarekin, alferrik galtzen da. Hau bai dela benetako zentzugabekeria!

    Bien bitartean, bizi ditugun krisi klimatikoa eta aldi berean baliabide energetikoen agortzearena, garraioari premiazko irtenbide bat bilatzera behartzen gaituzte, erregai fosilak alde batera utziz eta energia berriztagarriak erabiliz. Tren konbentzionalak soilik egin dezake hori eraginkortasunez, eta ez du bateriarik behar energia elektrikoa biltzeko. Horrek behartzen gaitu garraiorako trenbide-sare bat ahalik eta azkarren hedatzera lurralde osoan.

    Alabaina, administrazio ezberdinek egiten dituzten ahaleginak, bai Estatuarenak, bai Nafarroako Gobernuarenak, edo tokian tokiko erakundeenak, hala nola Iruñerriko Mankomunitatearenak, kontrako norabidean doaz. Horiek guztiak tren konbentzionalaren ahalmena murrizten duten azpiegiturak bultzatzen ari dira Nafarroan, bidaiarien eta merkantzien garraiorako. Lehen bi gobernuek, Abiadura Handiko Trena bultzatuz, hura eraikitzeko xahutzen duten dirua egungo trena mantentzeari eta hobetzeari kendu egiten diote, txostenean ikusi den bezala. Eta Iruñerriko administrazio publikoak barne hartzen dituen erakundeak, Garraio Hirian garraio intermodalerako zeuden lurrak erabili beharrean, hondakinak tratatzeko planta konplexu eta garesti bat eraikitzeari ekin nahi diolako.

    Beharrezkoa da mugikortasun-eredu jasangarriagoak lortzea, energia berriztagarriak erabiliko dituztenak, energia horien kontsumo neurritsua egiten dutenak eta tokiko mugikortasuna sustatzen dutenak. Baldintza horiek guztiak trenbide konbentzionalak betetzen ditu. Hori da, beraz, gure erkidegoan premiaz bultzatu behar dugun eredua, eta ez Abiadura Handiko Trena garesti eta jasanezinarekin jarraitu.

    Oharra: Prentsa ohar honek txostena laburbiltzen du. Egin ditugu ere beste bi iritzi artikuluak, biekin ere txostena laburtzeko, bata gai orokorrak jorratzen duena eta bestea Nafarroakoak.