Ostiral Beltza Planetarentzat

    es 27 Aza 2019 - Energia, Prentsa oharrak

    Heldu den ostiralean, azaroak 29, Ostiral Beltza (Black Friday) antolatuko dute mundu osoan. Egun horretan merkataritza-kate handiek kontsumismo orgia batera “gonbidatzen” gaituzte. Dagoeneko komunikabide guztietan eta nonahi kaleetan publizitate-kanpaina handien erasoak jasaten ari gara. Eta eraso horiekin gu “ergel” sentitzea nahi dute, “pagotxak lortzeko” aukera “aprobetxatzen” ez badugu…

    Hala ere, “pagotxa” horiek material eta energia-kontsumo jakin batzuk behar dituzten produktuak dira. Kostu handia dute bai planetarentzat bai bertan bizi garenontzat. Horien fabrikazioak berotegi-efektuko gasen isurketa areagotzen du, eta horien kontsumo konpultsiboa eta beharrik gabea egungo ingurumen- eta baliabide-krisiaren jatorrian dago, bai eta pertsonen desberdintasuna, pobrezia eta migrazioetan ere.

    Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari buruzko adituek (IPCC) azken txostenean adierazi dutenez, gure gizarteetan beharrezkoak dira “aldaketa azkarrak, sakonak eta aurrekaririk gabekoak” egitea, mende amaieran Lurraren berotzeak +1.5ºC gaindituko ez badu. Aldaketa horiek garrantzi handikoak izan behar dute. Eta lehendabizi, hasi egin behar dira albora daitezkeen eta pertsonen bizi-kalitatean eraginik ez duten portaera indibidual eta kolektiboekin. Eta horiekin batera, gure gobernuei exijitu behar diegu neurri ausartak eta eraginkorrak har ditzaten.

    Horrela, aurre egin behar diegu publizitate kanpainei eta gero eta gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituzten mezuei. Arazoaren jatorria gure ekoizpen- eta kontsumo-sisteman dagoelako, kontzeptu zentzugabe eta jasanezinak sortu dituena, hala nola, “erabili eta bota” edo zaharkitze programatua.

    Sistema kontsumista honek ezarritako ekonomia globala kolapso ekologikora eta zibilizatoriora garamatzan azeleragailua da. Irtenbide bakar batek ere ez du balioko larrialdi klimatikoari aurre egiteko, baldin eta gure eredu ekonomikoan aldaketa azkarrak, sakonak eta aurrekaririk gabekoak (NBE-k esan bezala) gertatzen ez badira. Garapen iraunkorra hazkunde ekonomiko amaigabean oinarritutako oximorona da (berotze globala eragiten duten erregai fosilak erretzean oinarritzen dena) baliabide finituen planeta baten barruan.

    Kontsumismora bultzatzen gaituzten eguna, beraz, egunik onena da kalera irteteko; sistema sozio-ekonomiko bidegabea, alienatzailea eta ingurumenaren aldetik jasanezina salatzeko; kontsumitzaile kontziente eta arduratsu bihurtzeko; eta erosketak benetan behar denera murrizteko. Hori dela eta, Klimaren Aldeko Aliantzak Nafarroako eta Iruñeko herritarrak Black Friday arbuiatzeko gonbitea egiten du, eta dei egiten du bat egitera kalean era askotako ekintza kritiko, gogoetatsu eta jai giroan antolatu dituzten kolektiboekin.

    Parte hartu gure kalejiran azaroaren 29an arratsaldeko 19etan Gaztelu Plazan. Jantzi arropa beltza eta ekarri kandelak.

    Era berean, gogorarazi nahi dugu egun gutxi barru COP25 egingo dela, Nazio Batuen Erakundeak klima-aldaketari buruz urtero egiten duen goi-bilera. Aurten Madrilen eginen da, Brasilek eta Txilek uko egin ondoren. Herritarrei eta gobernuei klima-larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko beharra galdegiteko beste aukera berri bat izango da.

    Oharra: Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko (COP21) Aldeen Konferentziaren aurreko eztabaida eta ekimenen babesean, 2015eko hasieran sortutako taldeen arteko koordinazioa da Klimaren Aldeko Aliantza. Mugimendu ekologista, sindikala, nekazaritza, garapenerako lankidetza, zientzia eta ikerketa eta kontsumitzaileak ordezkatzen dituzten 400 erakunde baino gehiagok osatzen dute. alianza-clima.blogspot.com.

    Egin bat gurekin: Alianza por el Clima alianzaclimanavarra@posteo.org