
Sustrai Erakuntza fundazioak txosten berri bat aurkeztu du. Oraingoan, tokiko erakundeei ingurumenarekin lotutako eskubideak defendatzen laguntzeko gida praktiko bat da. Izenburua: “Ingurumena eta lurraldea defendatzeko Nafarroako toki entitateentzako gida juridikoa“.
Txosten osoa deskarga dezakezu, PDF bezala (euskaraz dago osoa, gaztelaniako beste bertsio bat ere badugu). Paperean ere lor daiteke, formulario honen bidez eskatuta, postaz bidal diezazugun. Eta jarraian laburpen bat irakur dezakezu…
Txostena Sustrai Erakuntza fundaziorako Arankoa bulego juridikoko kideek idatzia da. Lan honetan zehatz-mehatz azaltzen dira Nafarroako toki entitateak, bai udalek zein kontzejuek, esparru administratibo eta juridikoaren barruan, ingurugiroan eragina duten makroproiektuei aurre egiteko dituzten aukerak.
Gidak Nafarroako toki entitate batek izan ditzakeen egoera legal ezberdinak bildu eta antolatzen ditu, bere lurraldean ingurumen inpaktua izan dezaketen edo ondasun edo eskubide propioei eragin diezaioketen jarduerak planteatzen direnean.
Beraz, Ingurumenaren inguruko lege-esparrua kontuan hartuta, gida honek toki-erakundeei zuzenean edo zeharka eragiten dieten manuen zerrenda bat jasotzen du, eskumena duten subjektuak diren aldetik.
Eta, bereziki, toki-erakundeek organo gisa esku hartzen dutenean, haien aginteaz baliatzean eta haien eskumen-eremuaren barruan.
Gida honen helburua toki-erakundeek gaur egun arlo horretan dauden prozedurak ezagutzea eta prozedura horietan parte hartzeko aukera izatea da.
Gida hau aurretik argitaratu genuenaren osagarria da, herritarrei lan berdinak egiten laguntzen diona. Biak gure webgunean lor daitezke, pdf formatuan edo paperean. Gida hau gazteleraz ere argitaratu da, eta Europako, estatuko eta foru-aldundietako ingurumen-legeen bilduma bat da, tokiko edozein erakundek erabili dezakeena.

