Sustrai Erakuntza Fundazioak ingurumen eskubideen defentsarako gida argitaratu du

    es 28 Ots 2024 - Oinarrizko dokumentuak, Prentsa oharrak, Sustraiko txostenak

    Sustrai Erakuntza fundazioak bere txosten berria aurkeztu du, oraingo honetan, herritarrei ingurumenarekin lotutako eskubideen defentsan laguntzeko gida praktiko bat da. Izenburua: “Nafarroan ingurumenean eragina duten proiektuetan herritarrek jarduteko gida“. Txosten osoa deskarga dezakezu, PDF bezala. Paperean ere lor daiteke, formulario honen bidez eskatuta, postaz bidal diezazugun. Eta jarraian laburpen bat irakur dezakezu…

    Txostena Sustrai Erakuntza fundaziorako Arankoa bulego juridikoko kideek idatzia da. Lan honetan zehatz-mehatz azaltzen dira Nafarroako herritarrek, esparru administratibo eta juridikoaren barruan, ingurugiroan eragina duten makroproiektuei aurre egiteko dituzten aukerak.

    Gidak, hasteko, pertsonok ingurumenerako dugun eskubidea aipatzen du, nazioarteko hainbat araudik aitortu bezala, hala nola Aarhuseko Hitzarmenak, ingurumenaren arloko informazioa eskuratzea, erabakiak hartzerako orduan jendearen parte hartzea eta justiziara jotzea arautzen duenak, edota Europar Batasunak ingurumena babesteari buruz duen Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 37. artikuluak ezarritakoaren arabera. Jarraian, gidak esparru horien zehaztapena jorratzen du Estatuko, foru eta udal testuinguruetan.

    Foru legeak, halaber, informazioa eskuratzeko eskubidea babesten du, bai eta ingurumenean eragina duten erabakiak hartzean benetan parte hartzeko eskubidea ere. Ingurumen arloko informazioa eskuratzeari dagokionez, foru legeak instalazio ezberdinetako Ingurumen Baimen Integratuei (IBB) buruzko informaziorako sarbide publikoa bermatzen du, eta baita ingurumen eraginari eta inpaktuari buruzko adierazpenetara, horien ingurumen ikuskaritzako txostenetara ere. Horrez gain, foru lurraldeko uren, airearen, lurzoruaren, faunaren eta floraren egoerari eta kalitateari buruzko informaziora eta isuri kutsatzaileen foku nagusiei buruzko informaziorako sarbidea ere bermatzen du, besteak beste. Izan ere, pertsonok ingurumenaren babesean parte hartzeko eskubide subjektiboa eta betebeharra dugu, banaka zein taldeka.

    Txostenak ingurumenaren aurkako makroproiektuak geldiarazteko abian jar daitezkeen era guztietako prozedurak biltzen ditu, hala nola alegazioak, administrazio-errekurtsoak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, berraztertzeko errekurtsoak, gora jotzeko errekurtsoak eta zehapen-errekurtsoak. Halaber, horiek gauzatzeko kontuan hartu behar diren baldintzak, urratsak eta epeak jasotzen ditu. Arartekoaren aurrean kexa bat jartzeko jarraibideak eta doako justiziaren onura eskatu ahal izateko baldintzak ere jasotzen ditu.

    Gidan, halaber, egungo legeek jasotzen dituzten ingurumen-delitu mota guztiak aipatzen dira, berauek jasota dauden araudietako artikuluei erreferentzia eginez.

    Horrez gain, nabarmentzekoa da ingurumen-erantzukizunari buruzko atala. Honek ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko erantzukizuna arautzen du. Legediaren atal honen arabera, inguru jakin batean kaltea gertatzeko mehatxuan jartzea jada delitutzat jotzen da.

    Gida hau joan den urrian aurkeztu zen ofizialki, eta orain PDF formatuan deskargatzeko prest dago gure webgunean. Gainera, aipatzen diren araudi guztietarako estekak jasotzen ditu, Europako, Estatuko eta Foru Aldundiko ingurumenaren arloko legeen bilduma osatuz. Inprimatutako bertsioa ere lor daiteke esteka honen bidez.