Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak iragarri du Nafarroako eta Espainako Gobernuek 200 milioi euro gehiago gastatuko dituztela Campanas – Castejon ibilbidean 20 minutu aurrezteko. Tarte horren kostu osoa, egitekotan, 700 milioi eurotik gorakoa izango da.
Diru publikoa, Aurrekontuetatik zein Europako funtsetatik, Abiadura Handiko Trenera (AHT) desbideratzeak erabilera txarra dakar, eta horrek kostu ekonomikoak baino gehiago eragingo ditu.
Chivite presidentea eta Gómez kontseilaria Glasgown izan direnean, ez al dute entzun AHTa eraikitzeak kutsadura-elementu bat dakarrela, nekez konpentsa daitezkeen gas kutsakorren isuri handiekin?
Nafarroako Parlamentuan Klima Aldaketari buruzko Foru Legea izapidetzen ari direnean, eta arintze-neurriak aipatzen dizkigutenean, ez al dute jakin pertsonak eta salgaiak garraiatzen dituen tren konbentzional hobetua dela neurririk arrazionalena, merkeena, bidezkoena eta eraginkorrena energiaren kontsumoari eta CO2 isuriei dagokienez?
Eta azkenik, eta irizpide sozialei jarraituz, nola eman daitezke ehunka milioi euro geraleku eta leihatila berriak irekiko ez dituen eta herrientzako zerbitzuak hobetuko ez dituen obra batean, Nafarroako Erdialdean geratzen den apurra arriskuan jartzeraino eta errepideetatik ibilgailuak ateratzeko inolako asmorik gabe?
Uste dugu denbora dagoela oraindik zentzugabekeria hau geldiarazteko eta diru publikoa egungo trenbide-sarea hobetzeko. 2018tik Nafarroan Tren Publiko eta Sozialaren proposamena dugu, Abiadura Handiko Trenaren inposaketaren aurrean, elite ekonomikoei mesede baino egiten ez diena, finantza, natura, ingurumen eta nekazaritza baliabideekin amaituz.
Sustrai Fundazioak, ordezkatzen duenaren apaltasunetik, baina gobernuak hartzen ari diren erabakien larritasunak eskandalizatuta eta premiatuta, gure iritzia eman nahi dugu. Abiadura Handiko Trenaren obrak geldiarazteko eta beste tarterik ez esleitzeko exijitzeko unea da. Garaia da alderdi politikoek beren botoak Tren Sozialaren alde jartzeko eta AHTrako aurrekontu publikoen xedea baztertzeko, Madrilen eta Iruñean. Mobilizaziorako eta sare sozial eta sindikalaren inplikaziorako unea da hemen ezinezko bihurtu behar dugulako Madrildik, Nafarroako Gobernuaren eta UPNren adostasunarekin, inposatu nahi digutena. Ildo horretan, ORAIN ARDURAk datorren abenduaren 11rako antolatu duen mobilizazioa, AHTaren dirua gastu sozialerako erabiltzea exijituz, aukera bat izan daiteke AHTri gure gaitzespena adierazteko, eta Castejonetik Altsasura doan Tren Publiko eta Sozialaren alde egiteko.