Berriki, Sakanako udalei aurkeztu zaien proiektua, hau da, bertatik pasa arazi nahi dituzten tentsio handiko linea elektrikoei buruzko informazioa irakurri ahal izan dugu Guaixen. Azpiegitura berria zutoin handi batzuek osatzen dute eta ingurumenaren zein osasunaren gaineko eragina izugarria da.
Sustrai Erakuntza fundazioak ere, linea honen eraginak aztertu ditu, hasiera batetik Abiadura handiko Trenarekin egiten ari den bezala, argi baitago azpiegitura hauek elkar estu lotuta daudela. Sakanatik pasa daitekeen AHT-aren kasuan, une honetan Gobernua ibilbidearen ikerketa egiten ari da. Gauzak horrela, baliteke datozen hilabeteetan udalei beste informe bat aurkeztea, linea elektrikoarekin gertatu den bezala, behin betiko ibilbidearekin.
Sustrai Erakuntza irabazi-asmorik gabeko eta gure ingurugiroari eragiten dioten jokabide hauei erantzun nahi dion fundazioa da. Jokabide hauek interes ekonomiko pribatuek eta erakunde publikoek eragiten dituzte: zentral termikoak, tentsio handiko lineak, hondakinentzako erraustegiak… eta modu berezian AHT-a.
Sustraien jarduera nagusia proiektu hauen azterketan datza eta azken hauen gelditzeko edota berriz planteatzeko zein indargabetzeko baliabide juridikoen bilaketan oinarritzen da. Horrela, AHT-aren etorrerarekin Nafarroara, Sustraiek hiru helegite aurkeztu ditu. Informazio osoa jasotzearen inguruko eskaerarako helegitea alde batetik, Iruñako geltoki berriaren proiektuaren ingurukoa bestetik, eta ibilbide guztiari dagokiona, azken honen Ingurumenaren gaineko eraginari dagokion adierazpena epez kanpokoa baita.
[Guaixe Sakanako Aldizkarian argitaratuta].