
Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak 2024. urteko Nafarroako Energia Balantzearen azterketa argitaratu du. Txosten osoaren zain, lan honek aukera ematen digu Nafarroako energia-ekoizpenaren eta kontsumoaren mailak eta goranzko joerak ezagutzeko. Aldi berean, ezartzen ari zaigun trantsizio energetikoaren izaerari buruzko ondorioak ateratzeko aukera ematen digu.
Potentzia, sorkuntza eta eskari elektrikoa
2024an, elektrizitate berriztagarriaren sorkuntza % 8,1 hazi zen aurreko urtearen aldean. Horrela, 2021eko mailari heldu dio berriro, 2022ko eta 2023ko jaitsiera nabarmenen ondoren. Berriztagarrien artean, eolikoa (280.785 Petrolio Tona Baliokidea), hidraulikoa (46.668 PTB) eta fotovoltaikoa (41.335 PTB) nabarmentzen dira. Berriztagarria ez den elektrizitate sorkuntzari dagokionez, aurreko urteetan baino nabarmen txikiagoa izan zen, Ukrainako gatazkaren ondorioz Europako energia-krisiari erantzuteko hazi baitzen. Hala eta guztiz ere, 126.641 PTB dituzten ziklo konbinatuak bigarren postuan daude produkzio elektrikoari dagokionez, eolikoaren atzetik.
Autokontsumoari dagokionez, zertxobait hazi den arren, proportzio baxuetan dago oraindik. Nafarroan sortutako elektrizitatearen % 4,5 baino ez da. Eta instalatutako guztizko potentziari dagokionez, % 2,8 hazi da, batez ere fotovoltaikoaren bultzadarengatik, eta gainerakoa ia berdin mantendu egin da.
Atal hau amaitzeko, bi ondorio. Energia elektriko berriztagarri eta ez-berriztagarriaren ekoizpenaren bilakaerak aldaketa esanguratsuak izan ditu urteen arabera: ez-berriztagarria nagusi da 2003/2011 eta 2019/2022 aldietan, eta berriztagarriak 2000/2002, 2012/2018 eta 2023/2024 aldietan. Denboran zehar, ekoizpen berriztagarria konstante eta sendoago ageri da, eta berriztagarriak ez direnek, berriz, hainbat motatako krisiei lotutako uneetan esku hartzen dute.
Bigarren ondorioa elektrizitate-eskariarekin lotuta dago. Instalatutako potentzia eta elektrizitatearen sorkuntza handitu arren, elektrizitatearen eskaria % 1,2 jaitsi da 2023tik, eta % 7,5 2022tik. Horrela, azken 20 urteotan Nafarroan, Estatu espainiarrean eta Europan gertatzen ari den beheranzko joera luzeari eusten dio. Beherakada horretan, energia-eraginkortasuna, energia-pobrezia, industria-krisia, deslokalizazioa edota kontsumoaren arrazionaltasun handiagoa nahasten dira. Eta beherakada horrek “dena elektrikorako” trantsizioaren zailtasunen berri ematen digu.
Petrolio-produktuak
Petrolio-produktuen kontsumoa % 7,42 igo da 2023arekin alderatuta, eta 836.631 PTBra iritsi da. A gasolioak, errepide-garraioari, nekazaritza- eta industria-jarduerei lotutakoa, gehien igo dena izan da: % 9,52.
Nafarroako Gobernuaren txostenetik ondorioztatzen denez, energia-iturri fosilak dira oraindik nagusi Nafarroako energia-sisteman, guztizkoaren % 75 inguru, energia-iturri berriztagarrien aldean. Mix energetiko hori ia ez da aldatu azken 20 urteetan, energia berriztagarriak asko sartu diren arren.
Aldi berean, eta txostenean aitortzen den bezala, elektrizitate berriztagarrien sorkuntza handiago eta petrolio-produktuen kontsumo handiago hauek 2024ko BPGren % 3,3ko hazkundearekin erlazioa dute. Aurreko urteetan gertatutakoarekin bat datorren hazkundea: % 1,3 2022an eta % 5,3 2021ean.
Ondorio batzuk
Potentzia eta sorkuntza elektriko berriztagarria handitu arren, erregai fosilen kontsumoa murrizten ez dela egiaztatzea oso datu txarra da. Kezkagarria, gertaera puntual bat balitz. Arduratzeko modukoa, hazkunde ekonomikoko testuinguruetan behin eta berriz errepikatzen ari delako. Larritzeko modukoa, teknologia eta azpiegitura berriek biodibertsitatean, nekazaritza-lurren galeran, artifizializazioan, material kritikoen ustiapenean eta harreman kolonialen areagotzean eragindako inpaktuengatik.
Egoera horrek kapital pribatuaren zerbitzura dauden erakundeen egungo kudeaketa energetikoaren eredu bati buruzko susmoa izatera garamatza. Adierazpen eta iragarpen puntualetatik haratago, zer dinamika eraman dituzte erakundeek eta alderdiek energiaren ekoizpenaren eta banaketaren jabetza eta kontrol soziala sustatzeko? Noiz egin da plangintza-ariketa serio bat, zenbat energia, nola eta non kontsumitzen den jakitean oinarrituta? Nola bermatu da energia oinarrizko beharrak asetzeko eskubide unibertsal gisa? Zer erabaki estrategiko hartu dira alferrikako ekoizpen eta kontsumoak murrizteko, edo alternatiba egokiagoak eta iraunkorragoak sustatzeko?
Baina datuak sendoak dira. Kosta ahala kosta berriztagarrien atzamarrari begira jarrai dezagun nahi dute, ilargiari ez erreparatzeko, negozioaren motorrak, irabaziak eta ustiapenak (izan motor fosilarekin edota elektrikoarekin) eragindako egungo ereduari erradikaltasunez ez heltzearen eta zalantzan jartzearen ondorioei begiratu ez diezaiegun. Eta, horrela, “haien” berriztagarriak inposatzen dizkigutenek garraio indibiduala eta pribatua sustatzen jarraitzen dute, trenaren hobekuntza bertan behera uzten dute, hondakinak kudeatzen dituzte eta biometanizagailuak onartzen dituzte kamioiak batetik bestera mugiaraziz, oso kutsakorrak diren meatze-proiektuak onartzen dituzte, banaketa-enpresa handiei urruneko industrialdeetan instalatzeko lizentziak ematen jarraitzen dute, turismo gehiago eskatzen dute eta aire-zerbitzuen hedapena iragartzen dute, kosta ahala kosta hazkundearen alde egiten dute, zerbitzuak kontzentratzen dituzte…
Duela bi urte Iberdrolak Mikel Irujo Garapen Ekonomikorako kontseilaria saritu zuen bere politika berdeagatik. Bere diskurtsoen irakurketatik, eta manifestu baten modura, berriztagarri gehiago instalatzeko, erregai fosilak murrizteko, biodibertsitatea zaintzeko eta pertsonak kontuan edukitzeko deia. Haien sakelen inguruko aipamenik ez. Lokatz haietatik, lohi hauek: elektrizitate berriztagarria handitzea, erregai fosilen erabilera handitzea eta BPGa handitzea. Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto haientzat, betikoentzat, eta okerrago gizartearen gehiengoarentzat eta gure lurraldearentzat.
Mikel Saralegi Otsakar eta Martin Zelaia García sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.