Nafarroako ehunka kolektibok sinatutako AHTren geldialdiaren aldeko manifestua

    es 11 Eka 2026 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    AHTaren aurkako eta trenaren aldeko nafar kolektiboek, beraien artean Sustrai Erakuntza fundazioak, AHTa gelditzearen aldeko manifestuaren aurkezpen agerraldirako gonbitea helarazten dizuegu. Agerraldia larunbat honetan, ekainaren 13an, eguerdiko 12:00etan, Iruñeko Burgoen Plazan izanen da. Dagoeneko 264 Nafar taldek AHT gelditzeko manifestua sinatu dute. Jarraian, manifestuaren aurkezpena iragartzeko testu osoa…

    Nafar taldeok AHTa gelditzearen alde, ekainaren 13a, agerraldi koloretsua

    Duela hilabete zenbait Nafarroako enpresa-eliteek sortu zuten Abiadura Handiko Trenaren aldeko Plataformaren sorreraren lekuko izan ginen. 40 erakunde inguruk osatzen dute presio-lobby gisa aritzen den korporazioen talde honek AHTaren eraikuntza bultzatzea eta azkartzea du helburu. Honez gain, erakunde honek AHTa gizartean legitimatzeko atxikimendu-kanpaina bat abiatu zuen. AHTaren aurkako eta trenaren aldeko kolektibook arduraz begiratu izan diogu gertakarien segida honi.

    Aste honetan, gainera, Campanas eta Etxabakoitz arteko trazatuak Ingurumen Inpaktuaren Deklarazio positiboa jaso du. Tarte honetan Etxabakoizko geltokia egonen litzateke, eta honekin batera, 12.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko lirateke, interes espekulatibo erraldoiak tartean egonik. Aipatutako presio taldeak, beraz, fruituak ematen ari delako adierazgarri dugu azken berri hau ere.

    Botere enpresarialek agintzen dutenaz haraindi, Nafarroako ehundura soziala AHTa gelditzeko argumentu sorta bezain anitza da, eta hauxe da aditzera eman nahi duguna, ahots andana eta nahikoa arrazoi ditugula AHTa gelditzeko aldarria egiteko. Helburu honekin kaleratu genuen orain dela hilabete zenbait AHTa gelditzearen aldeko manifestua, eta askotariko talde politiko, sindikal, sozial, kultural eta abarren sostengua jasotzen joan izan gara. Heldu den ekainaren 13an manifestu honen aurkezpena eginen dugu.

    AHTa gelditzeko manifestuarekin bat egiten duten taldeen aniztasuna AHTa gelditzeko argumentuak bezain ugariak baitira: lurraldean izanen duen inpaktu ekologiko larria, baliabide publikoen eta energiaren xahuketa, makroproiektu honen errentagarritasun eza, lurraldearen kohesioaren haustura, egungo trenaren degradazioa… Eta, agian, arrazoietan ahaztuena: enpresarien, bankaren eta alderdi bultzatzaileen mesedetan inposatu nahi diguten proiektu txikitzaile hau gelditzeko garaiz gaudela oraindik ere.

    Natura, ibaiak, ibarrak, mendiak, bazkalekuak, sastrakak, hegaztien bizitokiak, xomorroenak… gris, porlandurik eta kolorge utzi nahi dutenen asmoaren aurrean, kolore biziz erakutsi nahi diegu gure erabateko errefusa, Nafarroako benetako aniztasuna erakutsiz, lurralde koloretsu honen izaera aditzera emanez. Kulturak, sindikalismoak, lurraren defentsak, herri mugimenduek, gazte asanbladek, musikak eta dantzak han eta hemen lur honi ematen dizkion zertzelada anitzak batuko ditugu larunbat honetan antolatutako ekitaldian, sopresaz beterik egonen dena.

    Zatozte, beraz, heldu den larunbatean, ekainaren 13an, eguerdiko 12etan, Iruñeko Burgoen plazara zuen peñen, elkarteen, asanbladen, kirol, dantza eta musika taldeen adierazgarri eta ikurrekin, ikus gaitzaten eta ager gaitezen irmo gizon grisen aurrean, kolore biziz, AHTa gelditzearen alde. AHT STOP!

    AHTaren kontrako eta trenaren aldeko Nafarroako taldeak.