
Gaur larunbata, eguerdiko 12etatik aurrera, Nafarroako AHTaren aurka eta trenaren aldeko taldeek antolatutako elkarretaratze-ekitaldia izan da Iruñeko Burgoen plazan.
Iaz AHTren aldeko plataforma sortu zen, gobernuen gaineko benetako presio lobby-a, eta, horren aurrean, talde horiek erabaki zuten dei egitea Nafarroako antolakunde eta kolektibo politiko, sozial, sindikal, kultural eta kirol mundukoei, herri xehea ordezkatzen dutenei, makro azpiegitura horren gaitzespena azaleratzeko. Azken hilabeteotan, antolakunde eta kolektibo horietako 264k bat egin dute AHTren obrak berehala geldi ditzaten eskatzeko manifestuarekin, mehatxu sozial, ingurumeneko, ekonomiko eta kultural larria baita, komunitate honentzat ez ezik, planeta osoarentzat ere.
Kolektibo horietako askok gaurko ekitaldi koloretsuan beren bereizgarriak erakutsi dituzte (logoak, banderatxoak, pankarta txikiak, jantziak edo beste elementu batzuk), makro azpiegitura horren aurkako oposizioaren inguruko sentsibilitate-aniztasuna islatuz. Enpresa-botereek agintzen dutenetik haratago, Nafarroako jendarte-sarea AHT gelditzearen alde dauden argudioak bezain anitza da.
Gaurko agerraldian, manifestu hau jendaurrean aurkezteaz gain, hainbat musika taldek parte hartu dute, guzti guztiak manifestuarekin bat egin dutenak. Hutsun Txalaparta taldeak eta Mintxo Astiz bertsolariak, Barañaingo Bertso Eskolaren izenean, hasiera eman diote ekitaldiari. Jarraian, Gotzone Sestorain (Etxalde) eta Iosune Ruiz (Ekologistak Martxan) izan dira manifestua irakurri dutenak, euskaraz zein gaztelaniaz. Ondoren, Afu musika taldeko kideek parte hartu dute, ekitaldirako berariaz berriro elkartu direnak. Une honetan, ekitaldian parte hartu duten kolektibo eta antolakundeetako kideek AHT gelditzeko eskatzen zuten kartelak erakutsi dituzte haien bereizgarrien ordez. Ekitaldia amaitzeko, Fanfarxar fanfarrea, zizka-mizka bat eta makro azpiegitura honen inposaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko deia izan dira.
Enpresa-eliteek inposatu nahi duten zementuzko Nafarroa grisaren aurka, gaurko agerraldiak krisi eko sozial global honen erdian bere etorkizunaren alde borrokatzen den Nafarroaren aniztasuna islatu du, lurraren defentsa beste edozein kontsiderazio ekonomizistaren gainetik jarri behar duen etorkizunaren alde borrokatzen den Nafarroa anitza.
AHTaren aurkako eta trenaren aldeko nafar kolektiboak.

ABIADURA HANDIKO TRENAREN EGITASMOA GELDITZEKO DEI HERRIKOIA
Azken hilabeteotan kezkaz segitu dugu Nafarroako AHTaren aldeko Plataformaren sorrera, erkidego honetako enpresa-eliteak ordezkatzen dituzten 40 bat erakundek osatzen dutena. Plataforma hau benetako presio-lobby gisa jokatzen ari da, eta Nafarroako zein Madrilgo Gobernuaren eskutik makro azpiegitura honen eraikuntza azkartzea lortzen ari da. Gainera, atxikimendu-kanpaina bat abian jarriz, AHTaren eraikuntza sozialki legitimatzen saiatzen ari dira.
Horren aurrean, behean sinatzen dugun antolakunde eta kolektibo politiko, sozial, sindikal, kultural eta kirol mundukook, AHTa gaitzesten dugu, eta konpromisoa hartzen dugu proiektu honek Nafarroan aurrera egin ez dezan borrokatzeko, honako arrazoi hauengatik:
– Mundu mailako krisi eko-sozial betean gauden garai honetan, zeinetan lurraren defentsa gizadiaren etorkizunaren berme bakarra den, lurraldean konponezina den kaltea eragiten duelako.
– Baliabide publikoen xahuketa onargaitza eta heldu diren belaunaldientzako zorraren handitzea dakarrelako, bai bere eraikuntzak baita bere mantenuak ere. Azken hau ezinbestekoa da sarearen segurtasuna bermatzeko, Kordobako istripu tragikoak eta beste hainbat gertakarik frogatu duten bezala.
– Errentagarritasun ekonomiko eta sozialik gabekoa delako, hainbat eta hainbat azterketek agerian jarri bezala. AHTaren eraikuntzaren gastua ez delako inoiz berreskuratuko, eta geure kasuan, areago, bidaiari kopuru urriagatik bere ustiaketak ere galerak ekarriko ditu, horregatik etengabe diru publikoz hornitu beharko da.
– AHTan xahututako baliabideak ez direlako inbertitzen hain premiazkoak diren sektoreak hobetzeko, hala nola hezkuntza eta osasun publikoa, hain kezkagarriak diren gizarte-bazterketako egoerak ezabatzeko, herritar guztiei etxebizitza duinerako sarbidea errazteko, pobrezia energetikoari aurre egiteko eta oinarrizko elikagaien prezioa murrizteko.
– Lurralde kohesioa sustatu ordez, herritarrak hirietan metatzeko eta landa ingurunea alboratzeko osagai bat gehiago delako. Tafalla, Castejon eta Altsasu ibilbide luzeko zerbitzurik gabe geldituko dira eta azken urteetako joerari jarraiki gainontzeko geltokiak desagertuz joango dira.
– Energia xahuketa onartezina dakarrelako, energiaren kontsumoaren murrizketak gakoa izan beharko lukeen uneotan.
– Ez duelako errepideetako trafikoa gutxituko, propaganda ofizialak aurkakoa badio ere.
– Parte hartzeko aukerak zabaldu gabe, herriari indarrez ezarri zaiolako, Nafarroako zein EH osoko inoizko azpiegiturarik suntsitzaileena, xahutzaileena eta antisozialena izan arren eta ez egitea gomendatzen zuten tekniko, zein bestelako erankundeei (EHU, AIREF, Espainiako eta Europako Kontu Auzitegiak, eta baita CEOE patronala bera ere) entzungor eginez.
– Bere geltokien inguruan espekulaziorako hirigintza pelotazoak bultzatzen dituelako, Etxabakoitzeko eta Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetako kasuek azaleratzen duten moduan, herritarren kopuru handi batek etxebizitzarekin arazo nabarmenak zein etxegabetzeak pairatzen dituen bitartean.
– Enpresa eraikitzaile handien, bankaren eta bultzatzen duten alderdien interesa baino asetzen ez duelako, baina aldi berean zerga bidez herritar xumeek ordaintzen dute eta prekaritate lazgarrian eta lan explotazio baldintzetan eraikitzen da.
– Haien xedea jendartearen gutxiengo batentzako tren elitista bat eraikitzea delako herritar xumeak erabiltzen duen eta egunez egun eraisten ari diren ohiko trenaren kaltetan.
– Egun, AHTaren mitoa pitzatzen ari delako: azken urteotako atzerapen, istripu eta gorabehera etengabeen ondoren, bere ospea hondoratu da; Europarekin abiadura handiko lotura zalantzan dago; era berean, merkantzia kopuru esanguratsurik ez duela eramango frogatu da; jada ez da, lau haizetara zabaltzen zuten moduan, ez modernitate ezta tren ekologikoaren sinonimo eta hori gutxi balitz, inork ez du sinesten martxan hasteko iragarritako datetako bat ere, errealitate burugogorrak behin eta berriz gezurtatu dituenak.
– Eta, azken finean, oraindik ere gelditzeko garaiz gaudelako. Jada egina dagoela sinestarazi nahi diguten arren, ez da egia. AIREFen datuen arabera, EAEn oraindik ere inbertsioaren %50 egiteko dago eta Nafarroan %90 baina gehiago.
Honengatik guztiarengatik, behean sinatzen dugun antolakunde zein kolektibook, behin betiko exijitzen dugu:
– AHTaren lanen erabateko gelditzea eta kaltetutako lurraldeak lehengora itzultzea.
– Jendarte ereduari buruzko debate zabalago baten baitan, gaur egun behar den garraio ereduari buruzko debate parte hartzailea zabaltzea.
– Merkantzien trafikoa murriztea, tokiko ekonomia sustatuz, ahalik eta elikadura eta energia burujabetza handiena ziurtatzeko.
– Egungo trenbide sarearen hobekuntza, aurrekontuak AHTra bideratzearen ondorioz azken urteotan bertan behera utzitako zerbitzu, eraikin eta langileak berreskuratuz.
Atxikikenduen zerrenda