Talde herrikoiei deialdia Abiadura Handiko Trena gelditzeko eskatzeko

    es 23 Api 2026 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Iaz, Nafarroako AHTaren aldeko Plataforma sortu zen, Foru Erkidegoan makro azpiegitura honen lanak azkartze aldera. Plataforma honek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen ditu; izan ere, aurrekaririk gabeko mundu-mailako krisi eko-sozialaren testuinguruan, haien onura ekonomikoa eta sare klientelarrak natura eta bizitzaren garestitasunak, murrizketek eta pribatizazioak geroz eta gogorrago jotzen duten langile-klasearen bizi-baldintzen aurretik jartzen dituzte. Era berean, ez dirudi AHTaren eraikuntzaren muturreko lan-esplotazioak axola dienik, Euskal Herriko obretan 13 langile hil baitira, ez eta Estatuko sarean mantentze-lan eskasak direla eta dagoen segurtasun faltak ere, Kordobako istripuan eta beste gorabehera askotan frogatu den bezala.

    Plataformaren helburu nagusia da presio-lobby gisa jardutea Nafarroako eta Estatuko gobernuetan. Ildo honetan, salatu behar da urrats garrantzitsua eman dutela trenbide-azpiegiturak -batez ere AHTa – bultzatzeko Lan Batzordearen sorrerarekin. Lan-batzorde hau Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraio Ministerioak, gobernu zentraleko Atlantikoko Korridorerako Ordezkariak eta Nafarroako AHTaren aldeko Plataformak sortu dute, erakunde publiko-pribatu bat gauzaturik.

    Beste helburuetako bat da makro-azpiegitura honen eraikuntza gizarte mailan legitimatzea, Nafarroako gizartearen esparru gehienetako begikotasunik ez duena, kezkaz ikusten baitute ingurunea suntsitzea, diru publikoa xahutzea poltsiko pribatuak gizentzeko, eta herri xehearen ohiko trena apurka-apurka hondatzea tren elitista bat bultzatzeko. Makro-azpiegitura honek, Nafarroako historiako suntsitzaile, xahutzaile eta anti-sozialena izan arren, ez du bideragarritasun-azterketarik izan, ezta hura bultzatzeko partaidetza-prozesurik txikiena ere. Legitimazio sozialaren helburu hau lortzeko, Plataforma atxikimendu-kanpaina bat bultzatzen ari da, banakakoa zein taldekoa. Hauen artean, Osasuna, UGT sindikatua eta Iratxe kontsumitzaileen elkartea nabarmentzen dira. Salatu behar da atxikimendu hauetako asko modu antidemokratikoan erabaki dituztela zuzendaritza- batzordeek, kide guztien iritzia kontuan hartu gabe, eta horrek ezinegona sortu duela.

    AHTaren Aldeko Plataformak dakarren mehatxu larriaren aurrean, AHTaren aurkako eta Nafarroako trenaren aldeko mugimendua osatzen dugun hainbat kolektibok erreakzionatzeko unea iritsi dela uste dugu. Horregatik, ezinbestekoa da Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza gizarte-, ingurumen-, ekonomia- eta kultura-mehatxu larritzat jotzen duten erakunde eta kolektiboek beren ahotsa nabarmentzea. Honela, dei egiten zaie herri xehea – eta ez enpresa-eliteak – ordezkatzen duten Nafarroako erakunde eta kolektibo politiko, sozial, sindikal, kirol eta kulturalei, makro azpiegitura horren aurkako gaitzespena adieraz dezaten, berehalako gelditzea eska dezaten eta oposizio hori inguruan zabaltzeko konpromisoa har dezaten.

    Honengatik guztiagatik, erakunde eta kolektibo hauei dei egiten zaie AHTaren aurka ager daitezen, hiru modutara:

    1. Esteka honetan agertzen den manifestuari atxikiz: https://forms.gle/eWpXJQtirqnGyou78
    2. Manifestu honen aurkezpen publikoan parte hartuz, ekainaren 13an, larunbata, eguerdiko 12:00etan Iruñeko Burgoen plazan (udaletxe ondoan) egingo den kontzentrazioan, taldearen edo erakundearen bereizgarriekin. Aukera bikaina da Abiadura Handiko Trena gelditzeko eskakizuna indarrez, modu zabalean eta ahal dela masiboki erakusteko, krisi eko-sozial global honetan behar den gizarte- eta garraio-ereduari buruz eztabaidatu ahal izateko.
    3. Beren jarduera-eremuko beste kolektibo edo erakunde batzuk animatuz, egun horretan kontzentraziora joan daitezen eta manifestuarekin bat egin dezaten.

    AHTaren aurkako eta trenaren aldeko Nafarroako kolektiboak