Makrogranjak jomugan

    es 29 Mai 2026 - Makroustiategiak, Sustraiko txostenak

    7.000 txerri baino gehiagoko makrogranja berri bat jarri nahi dute Corellan, baina bai Udala, bai herritarren zati handi bat proiektuaren aurka agertu dira. Proposamenak berriz ere mahai gainean jarri du Nafarroan aspalditik dugun eztabaida: abeltzaintza industrialaren hedapenarena, hain zuzen ere. Azken hilabeteotan eztabaida areagotu da, abeltzaintza industrialarekin lotura estua duten biogaseko makroproiektuen aurkako mobilizazioekin. Maiatzaren 10ean Iruñean egindako manifestazioa, 1.500 pertsona baino gehiago bildu zituena, honen guztiaren erakusgarri da.

    Nafarroan gertatzen ari dena ez da kasu isolatua. Azken hamarkadetan, bai hemen, bai Espainiar estatuan, abelburuen kopuruak gora egin du etengabe, eta abeltzainen kopuruak, berriz, behera.

    Gure iruditerian oraindik ere familiaren etxaldearen ideia mantentzen dugu: ongi zaindutako behi, ardi edo txerri gutxi batzuk, baserrian ekoiztutako bazkaz elikatzen direnak, non simaurrak inguruko soroetan ongarri gisa erabiltzen diren eta produktuak tokiko merkatuan saltzen diren. Hala ere, honelako etxaldeak ia desagertu dira, eta, hauen ordez, fabrika baten antzeko ekoizpen-forma dute. Ustiategiotan espezie bakar bat hazten dute, batzuetan baita hazkuntzaren fase bakar bat ere, eta erabat deserrotuta daude daude ingurunetik. Animaliek jaten dituzten pentsuak milaka kilometrotik datozen lehengaiez daude produziturik, eta ekoitzitako haragia nazioarteko merkatuetan saltzen da. Animalien eta simaurren kontzentrazio handi honek arazo larriak sortzen ditu ura eta lurzorua kutsatzen direlako, eta honek eragina du inguruko populazioen bizi-kalitatean. Horrez gain, honela sortutako haragiak osasunean dituen inpaktuak eta animaliek jasaten dituzten baldintzak eta tratu txarrak oso larriak dira. Gainera, eredu hau erregai fosilen menpe dago erabat: ongarriak eta pentsuak ekoiztetik hasi eta animaliak, lehengaiak eta azken produktuak garraiatzeraino. Beraz, klima-aldaketa areagotzen dute eta elikadura-subiranotasunaren aurkakoak dira.

    Aldi berean, gero eta gutxiago dira familiek modu independentean kudeatzen dituzten ustiategiak, eta gehiago enpresa talde handien edo inbertsio-funtsen esku daudenak. Emaitza langile gutxiagorekin haragi gehiago ekoizten duen eredua da, landa-ekonomiak higatuz eta abeltzain independenteak desagerraraziz.

    Corellako kasuak planteatzen duen sakoneko galdera makrogranja bakar batetik haratago doa. Galderaren muina zera da: zein eredu mota bultzatu nahi dugun elikagaiak ekoizteko orduan, nork lortzen duen onura eredu honekin eta zeintzuk diren ingurumen eta gizarte-kostuak lurraldearentzat.

    Nafarroako zenbait datu:

    1. Irudia. Nafarroaren abeltzaintzaren bilakaera 2010-2025. Geuk egina, datuen iturria: https://www.navarra.es/es/web/observatorioagrario/censos-ganaderos

    Grafikoetan ikus daiteke Nafarroako abeltzaintzak azken hamabost urteetan izan duen eraldaketa. Espezieen arteko oreka mantendu beharrean, sektore jakin batzuetan gero eta espezializazio handiagoa dago, bereziki txerri eta hegaztien sektoreetan. Oiloak 2010ean 5.5 milioi baino zertxobait gehiago izatetik gaur egun 8 milioi baino gehiago izatera igaro dira. Txerri-aziendak ere gora egin du, egun 850.000 abelburu baino gehiago baititu. Ardi-aziendak, aldiz, behera egin du: ia 600.000 abere izatetik 350.000 pasatxo izatera igaro baita. Untxien sektorean ere antzeko murrizketa izan da, 2010etik heren batera murriztu baita. Behien eta ahuntzen erroldak nahiko egonkor mantendu dira.

    Oro har, datuek erakusten dute eredu intentsiboago eta industrializatuagoekin lotura duten espezieetan kontzentraziorako joera dagoela, eta historikoki lurraldearekin lotura estua duten jarduerek, ardi-aziendak adibidez, pisua galtzen jarraitzen dutela urtez urte.

    Abeltzaintza ustiategien kopuruari dagokionez, Nafarroan 200 txerri haztegi baino gehiago daude, 150 azienda larriko unitatetik (gazteleraz UGM) gorako edukiera dutenak; hau da, 1.250 buru inguru gizentzeko txerrien kasuan. Era berean, kopuru horretatik gorako 85 behi-ustiategi intentsibo edo erdi-estentsibo baino gehiago zenbatu dira, 150 behi ingururen baliokidea, eta 50 hegazti-ustiategi baino 150 azienda larriko unitatetik gora dutenak, hau da, 15.000 oilo inguru.

    150 azienda larriko unitateren (A.L.U.) muga Europako Batzordeak 2022an proposatu zuen, izan ere, tamaina horretatik aurrerako ustiategietako kutsatzaileen isuriek eragin nabarmena dutela eta beste industria-jarduera batzuen antzeko ingurumen-kontrolak egin behar dituztela iritzita. Ondoren, mugak igotzea planteatu zuten, erregulazioa makrogranjetan zentratzeko helburuarekin: 350 A.L.U. txerri-aziendarentzat, 280 A.L.U. oilo erruleentzat eta 300 A.L.U. haragi-oiloentzat. Nafarroan 350 A.L.U.tik gorako 80 txerri-ustiategi baino gehiago identifikatu dira, eta 280 A.L.U.tik gorako 25 hegazti-ustiategi baino gehiago, mapan ikus daitekeen bezala. Honek ez du esan nahi 150 A.L.U.tik beherako ustiategiek ingurumen-inpakturik ez dutenik, baina, handienen pisu erlatiboa dela eta, hemen muga hauek gainditzen dituztenetara mugatu gara.

    Bereziki kezkagarria da foru araudiak ezarritako atarien gainetik diharduten abeltzaintza ustiategiak daudela (11/2000 Foru Legea, 10/2023 Foru Legeak aldatua), hala nola Arakil, Caparroso eta Zangoza txerrikien kasuan, bai eta 850 A.L.U.tik gorako behi ustiategietan ere. Horien artean, Caparrosoko Valle de Odietako makrogranja nabarmentzen da, 9.020 A.L.U. dituena (10.000 buru baino gehiago). Izan ere, badira araubide iragankorrak eta autonomia-erkidegoak aplikatzeko marjinak eskala handiko instalazioen jarraitutasuna ahalbidetu dutenak, eta horrek agerian uzten ditu Nafarroako esparru arautzaileak abeltzaintza industrialaren hedapena geldiarazteko dituen mugak. Adibidez, Estatuko legediak aukera ematen du, egoera jakin batzuetan, autonomia-erkidegoek % 20raino handitzeko baimendutako buruen gehieneko kopurua. Nafarroan, igoera hori sistematikoki aplikatzen da, nitratoek kutsatutako eremu kalteberak eta lurraldearen karga ahalmena kontuan hartu gabe.

    150 A.L.U. baino gehiago dituzten txerri-ustiategi gehien dituzten merindadeak Erriberrikoa eta Tuterakoa dira. Behi-azienda intentsiboen edo erdi-estentsiboen ustiategien kasuan, kontzentraziorik handiena Iruñeko merindadean dago; hegazti-ustiategi gehien, berriz, Lizarrako merindadean.

    2. Irudia Makrogranjen kokapena Nafarroan, merindadeka.Geuk egindako mapa (beherago mapa osa online). Datuak 2025ean argitaratutako Nafarroako etxalde eta gune zoologikoen errolda indibidualetik aterata. (https://www.navarra.es/es/agricultura-y-ganaderia/ganaderia/censos-ganaderos).

    Mapan nitratoek eragindako kutsadurarekiko kalteberak diren eremuak ere irudikatzen dira, Erriberriko merindade ia osoa hartzen dutenak, eta Zidakos, Arga eta Aragoiko zati handi bat ibaien arroei eragiten dietenak. Lizarrako merindadearen zati bat ere kaltebera da, eta Ega ibaiaren arroaren zati bati eragiten dio. Tuterako merindadean, Ebroren arro osoa nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetan dago. Ikus dezakegunez, eremu horiek, neurri handi batean, industria-abeltzaintzako dentsitate handiena duten eremuekin gainjartzen dira, bereziki txerri-aziendaren kasuan. Gainera, lehendik dauden eta proiektuan dauden biogas planten kokapenarekin ere bat datoz. Datu hau bereziki kezkagarria da; izan ere, makroplanta berriak ezartzeak are gehiago larriagotu lezake ingurumen egoera larria, nitratoek eragindako kutsadura dela eta.

    Mapan nitratoek eragindako kutsadurarekiko kalteberak diren eremuak ere irudikatzen dira, Erriberriko merindade ia osoa hartzen dutenak, eta Zidakos, Arga eta Aragoiko zati handi bat ibaien arroei eragiten dietenak. Lizarrako merindadearen zati bat ere kaltebera da, eta Ega ibaiaren arroaren zati bati eragiten dio. Tuterako merindadean, Ebroren arro osoa nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetan dago. Ikus dezakegunez, eremu horiek, neurri handi batean, industria-abeltzaintzako dentsitate handiena duten eremuekin gainjartzen dira, bereziki txerri-aziendaren kasuan. Gainera, lehendik dauden eta proiektuan dauden biogas planten kokapenarekin ere bat datoz. Datu hau bereziki kezkagarria da; izan ere, makroplanta berriak ezartzeak are gehiago larriagotu lezake ingurumen egoera larria, nitratoek eragindako kutsadura dela eta.

    3. Irudia Biometanizazio planten kokapena Nafarroan, bai martxan daudenak zein proiektuak.Geuk egindako mapa, informazio gehiago.

    Horregatik guztiagatik, makrogranja eta biogas makroplanta berrien ezarpena errotik errefusatzen dugu. Nafarroan ustiategi txikiak, elikadura-subiranotasuna eta simaurren tokiko kudeaketa lehenestea nahi dugu, hurbileko finketan aplikatuz, honela eskala txikiko ziklo itxiko sistemak erraztuz. Espezie eta barietateen dibertsifikazioa defendatzen dugu, baita abeltzaintza estentsiboko edo errotatiboko ereduen sustapena ere. Eredu hauek tradizio luzea dute lurraldean eta eragin positiboa dute ingurunean, hala nola suteen prebentzioan edo hazien sakabanaketan, eta, gainera, animalien ongizate handiagoa eta kalitate handiagoko haragia ematen dute.

    4. Irudia Nafarroako makrogranjen mapa interaktiboa. Geuk egindako mapa.