Makoetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak Valle de Odieta behitegiaren handitzearen aurkako alegazioak aurkezteko deia egiten die herritarrei

    es 20 Ots 2023 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Egun jendaurreko informazio bezala ikusgai dago Valle de Odieta enpresak Caparroson duen makroetxaldean egin nahi duten handitze berri bat. Esnetarako behien instalazio industriala da, 7.200 behi heldu izateko baimena duena (eta, gainera, hainbat motatako txahal kopurua), eta badirudi jadanik kopuru hau baino azienda gehiago ere badutela. Baina ematen du haien diru-goseak ez duela mugarik, eta oraindik ganadu gehiago nahi dute.

    Abeltzaintza industrialak arazo ugari eragiten dituenez, 14 erakundek eta elkartek baino gehiagok osatzen dugun Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak gizarte zibilari dei egiten diogu alegazioak aurkezteko Valle de Odietak makrogranja handitzeko aurkeztu duen eskaeraren aurka. Alegazioak aurkezteko epea otsailaren 27an amaituko da, astelehenarekin, eta eredu suntsitzaile honen kontra dauden ahotsak asko direla azaleratu nahi dugu. Horretarako, alegazioak aurkeztu nahi dituzten pertsonek Sustrai Erakuntza fundazioaren webguneko artikulu honetan sartu eta bertan azaltzen diren argibideak jarraitu besterik ez dute egin behar.

    Joan den astean, Itziar Gómez kontseilariak adierazpen batzuk egin zituen Nafarroako Parlamentuan. Kontseilariak adierazi zuen Ingurumen Saila ez zegoela ados handitze horrekin, eta ziurtatu zuen ez zuela handitzea onartuko. Hala ere, uste dugu adierazpenak anbiguoak izan zirela eta irmotasun handiagoa beharko luketela. Baina, gainera, gizarte zibiletik, eta azken urteetako esperientzia ikusita, ez gara fidatu behar.

    Historikoki, Administrazioak makroetxaldeen gainean izan duen kontrola eta, bereziki, Caparrosoko makroetxaldearen jardueran izandako kontrola ez da oso eraginkorra izan, eta horrek etengabeko kutsadura-arazoak eragin ditu nekazaritza lurzoruetan eta lurrazaleko zein lurpeko uretan, bereziki nitratoengatik. Abeltzaintza industrialak etengabe sortu izan dituen kalte hauen gertakaririk larriena Aragoi eta Arga Ibaien Beheko Tarteko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) jasan izan zuten zuen kutsadura izan zen, bertako zenbait zelaitan minda-kopuru handia aplikatu zelako. Kutsadura hori erakunde ekologistek egindako salaketari esker iritsi da auzitegietara, eta Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du salaketan.

    Nafarroan azienda erregimen intentsiboa handitzeak, besteak beste, Klima Aldaketari buruzko Legea urratzen du, lurzoruaren, airearen eta uraren kutsadura areagotzen laguntzen baitu. Gainera, abeltzain txikiei eta familia-ustiategiei eragiten die. Azken hauek dira lurraldearekin benetan lotuta daudenak eta biztanleria finkatzen dutenak eta, abeltzaintza eredu industrial honek arriskupean jartzen ditu, honek guztiak suposatuko lukeen landa-ondarearen galerarekin. Horrenbestez, industria-ekoizpen intentsiboaren ereduak nahitaez kaltetzen du elikadura-subiranotasuna.

    Gogoratu behar da arazo bera duten Europako beste herrialde batzuetan 180 graduko bira ematen ari direla jada, azienda murriztuz edota kalte-ordainak eskatuz, esaterako, Holandan eta Alemanian.

    Harrigarria da Nafarroako Gobernuak Caparroson eskatutako handitzeari emandako ezezkoaren oinarria, dirudienez, Nafarroan behi-aziendarako lizentzia berrietarako moratoria bat egotea dela. Izan ere, estatuko legediak, goragoko maila batekoak, argi eta garbi eragozten du 850 esne-behi baino gehiago dituzten ustiategiak handitzea. Kopuru hori oraindik ere oso handia da, Europan, adibidez, 150 behi inguru baino gutxiagoko ustiapenak planteatzen ari dira, edo Nekazari eta Abeltzain Elkarteen Koordinakundearen (COAG) erreferentzia-zifrak 180 behi planteatzen ditu gehieneko kopuru gisa…

    Gizarte osoak ekin behar du eta uko egin behar dio ingurune naturala suntsitzen duen nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialari. Mobilizatu egin behar dugu, eta gobernuei eskatu behar diegu larrialdi klimatikoaren egoeraren arabera ekiteko. Ezin dugu jarraitu gure akuiferoak, ibaiak eta lurrak kutsatzen dituzten jarduerak baimentzen.

    Enpresa horiek guztiak legea betetzera behartzea nahi dugu. Horregatik eskatzen dizuegu alegazioak aurkezteko ahalegin txiki hau, Nafarroako Gobernuak zuzenean ezagut dezan egoera. Eta, azkenik, gizartearen elkartasuna ere eskatzen dugu, ustiategi industrial hauek kaltetzen dituzten udalekiko eta ekoizle txikiekiko.

    Era berean, Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformatik, abeltzaintza industrialarendako salbuespenik gabeko moratoria zorrotz bat abian jartzeko eta azienda intentsiboa pixkanaka murrizteko plan bat aurkezteko eskaera egiten dugu. Datozen hauteskundeak direla eta, alderdi politikoei eskari hau haien hauteskunde programetan sartzeko deia egiten diegu.

    Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataforma