Magnesitas Navarras SA (MAGNA) enpresak aire zabaleko magnesita harrobi bat sustatu nahi du Erdizen, Artesiagako mendatetik gertu, Baztan eta Esteribarren artean. Hori dela eta, kontsulta bat zabaldu da proiektu honen ingurumen eragina baloratzeko. Sustrai Erakuntzak aztertu ditu proiektu honen balizko eraginak ingurumenean zein giza jardueran.
Lehenik eta behin, esan beharra dago egin dugun analisia hasierakoa dela eta momentuz oso mugatuta. Kontsulta prozesua Sanferminetan martxan jarri zen eta hori baldintzatu du lana. Salatu nahi dugu jokabide deitoragarri hau, azken urteotan ohiko bihurtu dena, aprobetxatuz opor garaiak kontsulta- prozesuak martxan jartzeko ingurumena larriki jotzen dutenen proiektu handien inguruan. Eta jokabide honetan kolore guztietako gobernuek bat egiten dute, herritarrei eta mugimendu sozialei trabak jarriz proiektu hauen ondorio suntsitzaileak ezagut ez ditzaten.
Hala ere, oztopoak oztopo, Sustrai Erakuntzak eta gurekin kolaboratzen duten bolondresok lortu dugu, gutxi gora-behera, aire zabaleko harrobi honen ondorio kaltegarriak antzematea (zonalderen argazkiak ikusi, inpaktu berriarekin). Azpimarratu behar da MAGNA enpresak magnesita harrobia babestutako gune batean ireki nahi duela, hau da, “Alduide Mendia Kontserbazio Bereziko Eremua” izenekoa. Eremu berean antzeko proiektua ireki nahi izan zuten Zilbetin.
Proiektuari helduz, horren kokapenak bete-betean eraginen lieke gailur ederrez eta larre zabalez osatutako garrantzi handiko ekosistema naturalei, larriki kaltetuz, eta batzuk betiko suntsituz. Proiektuak ia 100 Ha hondatzen ditu: haietarik, 53 Ha aziendarentzako kalitate handiko larreak dira (hauxe bera dio proiektuaren hasierako txostenak), eta 10 Ha pago betiko desagertuko lirateke.
Uste dugu aire zabaleko harrobi honen ukipena ekosistemei askoz larriagoa dela proiektuaren hasierako txostenak jasotzen duena baino. Txosten honetan agertzen den egungo landaretzaren planoari bakarrik erreparatuta, proiektuak zuzenean eragiten die otadiei, elorriei (habitat osoak zein banako isolatuak) eta hainbat gorostiei. Ziur gaude eremu hau bertatik bertara aztertuta, tokiko landaretzaren espezie garrantzitsu gehiago arriskuan agertuko liratekeela.
Honi gehitu behar zaizkio aurre-tratamendurako plantak eta zabortegiak sortutako hautsen eta aridoen kutsadura, enpresaren txostenean ez agertu, ezta aztertu ez direnak ere.
Proiektuak, esplotazio-eremuaz gain, Eugitik Artesiagako portura iristeko errepidearen aldaketa jasotzen du. Errepidea zabalduko litzateke eta hainbat errebuelta zuzendu. Hau guztia toki aldapatsu batean, Kontserbazio Bereziko Eremuaren pagadian zehar. Horrela, egungo errepidearen zati batzuk erabili gabe geldituko lirateke, espazio desnaturalizatua iraunaraziz, eta ondoan, errepide zati berri batzuk, flora eta faunari eraginez, ekosistema are gehiago zatituz.
MAGNA enpresaren proiektuaren hasierako txostenean, ondokoa agertzen da gordintasun osoz: “errepidean gertatu ezkero animalien harrapaketak, animalientzako lurpeko igarobideak jarriko dira”. Kontuan hartu behar da errepide honetatik 105 kamioi pasatzea aurreikusten dela lan egunetan. Hau esanda, ematen du enpresak ez duela inolako asmorik aztertzeko nola eraginen liokete egungo errepidearen aldaketak eta kamioien joan-etorriek Kontserbazio Bereziko Eremuaren faunari. Haien nahia omen da ikusi lehendabizi zenbat animalia hiltzen diren kamioiek harrapaturik, gero aztertzeko ea neurri zuzentzaileak jarri behar ote diren.
Beste aldetik, proiektu honek ondorio sozio-ekonomiko larriak dakartza, Baztango abeltzainek dituzten bazka-lekurik garrantzitsuenetarikoak bete-betean jotzen baititu. Baztango instituzioak ahaleginak eta bi ari dira lehen sektorea bultzatzeko, biztanleak finkatzeko eta ekosistemak iraunarazteko. Ezinezkoa da proposatutako harrobiaren eta artzaintzaren arteko elkarbizitza, tartean izanik larren desagertzea, hautsen eta aridoen kutsadura eta makinen zarata eta bibrazioak. Hori dela kausa, proiektuak eragotziko luke azienda larre komunalak erabiltzeko aukera.
Bukatzeko, eta gure azterketa labur eta azkarraren arabera, badira elementu nahikoak esateko proiektu honek eragin larriak eta atzeraezinak ekartzen dizkiola Nafarroako ondasun naturalari. Eskatzen dugu proiektu hau goitik behera atzera egitea. Aldi berean, Baztango herri mugimenduarekin bat egiten dugu, zehazki, Erdiz Bizirik plataformak proiektu honen kontra martxan jarritako dinamikarekin. Baztanen bada sasoia eta eskarmentua proiektu burugabeei aurre egiteko: 2008an MAGNA antzeko proiektua saiatu zen Erdizen, gero Aroztegia proiektu urbanistikoa,… Orain berriz ere denon ondasunaren aldeko defentsan. Sustrai Erakuntza haiekin gaude, prest emateko gure esku dagoen laguntza osoa.