
Gaur, hemen elkartu gara Lizarralde osoko bizilagunak. Batzuk norbere izenean, beste batzuk elkarte eta kolektiboen izanean. Guztion artean Lizarraldea Bizirik – Pueblos Vivos sarea ehuntzen dugu.
Sare hau bizi garen lurraldea defendatzeko sortu genuen. Argi dugu zein den defendatzen dugun bizimodua, Lizarraldea mehatxupean jarri duten makroproiektuen logikatik oso urrun.
Makroproiektuen ugaritze azkarra ikusten ari gara. Gure ustez, balore estrategikoak izan beharko lirateke lurra eta akuiferoen defentsa, eta baita hemen bizi eta lan egiten dugunon defentsa ere. Bada, balore estrategiko hauetatik oso urrun dauden interesek bultatzen dituzte makroproiektuok, beti ere, Instituzioek lagunduta. Hauexek dira Lizarraldean azkenaldian ditugun zenbait adibide:
- Lizarraldeko subestazio elektrikoaren eraikuntza, Oteitzan, jada Muruarte-Oteitza tentsio altuko linea berria berarekin ekarri duena.
- Poligono fotovoltaikoen bi proiektu Oteitzan, Villatuertan eta Lerinen, azkenean atzera bota zituztenak.
- 10 aerosorgailuko poligono eoliko bat Artaxoa eta Mendigorrian, oraindik airean dagoena, errekurtso legalen artean. Eta beste bat orain gutxi argitaratutakoa, Vianan.
- Biometano plantak Los Arcos, Sesma, Arroitz eta Vianan.
- Kobre esplorazioa 42 udalerritan, Sorladan eta Villamayor de Monjardinen jadanik hasitako zulaketa irregularrekin.
- Lurpeko gasak (hidrogenoa eta helioa) esploratzeko baimenak, Lizarraldeko 20 udalerri baino gehiagotan eta Urbasa, Andia, Lokiz eta Aralarko mendilerroetan.
- Datu-zentroen hedapen masiboa, baliabideen kontsumoa esponentzialki biderkatuko duena.
Ongi aski badakigu desarrollismo berde delakoak ez duela helburu gisa beste erregaiak ordezkatzea. Aitzitik, espekulazioaren bitartez onura ekonomikoa bakarrik bilatzen duten enpresek bultzatua da, askotan diru publikoaren laguntzarekin. Horrenbestez, gasa eta petrolioaren gerrek hildakoak gehitzen jarraituko dute. Ikatza erretzen jarraituko dute eta nuklearrak eraikitzen. Hemengo estraktibismoaren zabalkuntzak ez du aspalditik ustiatuta izaten ari den Hego Globaleko lurraldetakoa murriztuko.
Saltzen zaigun energia-kontsumo ereduak kostu ekologiko eta sozial handia suposatzen jarraitzen duela esan nahi dugu. Plaka fotovoltaikoak, aerosorgailuak, kotxe elektrikoa, gailu digitalak, makroplanten eraikuntza, hondakinen eta materialen garraioa… honek guztiak mineral kopuru izugarriak behar ditu, baita erregai fosilen bolumen erraldoia ere.
Honi guztiari aurre egiteko, Lizarraldea Bizirik – Pueblos Vivos-etik, auzolanaren alde egiten dugu, bertako merkataritzaren alde, elkarrekin ikastearen alde, instituzio txiki eta zintzoen alde, abeltzantza eta nekazaritza estentsiboaren alde, gure ingurumen naturalaren balioaren alde, gure arbasoen jakintzaren alde, bizitza erreala eta adimen naturalaren alde, beharretik eta ez diru-gosetik planteatzen diren proiektuen alde… Kapitalismoari aurre egitea premiazkoa dela deritzogu eta Lizarraldea defendatuko duen sarea ehuntzea. Argi geratu da antolaketa kolektiboak eta makroproiektuen kontrako borrokak berauek gelditzeko balio duela. Beharrezkoa da, beraz, makroproiektuok sustatzen ari diren Instituzioei erantzukizun soziala eskatzea.
Militarismoa, digitalizazioa eta trantsizio energetiko faltsua dira gure garaiko negozio-nitxo handienak. Eta hauek gerrak, heriotzak, kontrol-soziala eta ingurumenaren suntsiketa dakartzate.
Herriok gure oraina eta gure etorkizuna erabaki nahi dugu, subiranotasunez, lurraldearen zaintza lehenetsiz eta bertan bizi diren izaki diferenteena. Izan ere, gehiago kontsumitzea ez baita hobeki bizitzea.
Gure helburua gure lurraldean jadanik existitzen diren borroka ezberdinak batzea da, informazioa eskaintzea, eztabaida sustatzea eta ingurumena eta behar sozialekiko konpromisoa hartzen duen ehundura sortzea. Abian gara jada!
Horretarako, “Lizarraldea Bizirik-eko Ostegunak” antolatu ditugu, trantsizio energetikoa, estraktibismoa, nekazaritza eta abeltzantza, aldaketa klimatikoa, militarismoa, datu-zentroak eta honelako gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa eta elkarrizketarako parada emango duten hitzaldiak. Hortaz, urriko ostegunetan espazio hauetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu, zeinak Lizarraldeko herriotan ospatuko baitira: Larrion, Aritzala, Arroitz, eta Oteitzan.
Jardunaldi hauen ostean, eta protesta gisa, azaroaren 7rako manifestazioa deituko dugu, Lizarran, eguerdiko 13:00etan, ekintzaz beteriko egun batean.
Herriok ahotsa dugu, eta entzun behar gaituzte. Horregatik, heldu den azaroaren 7an, Lizarrako kaleak bete behar ditugu lurraren defentsaren alde.
Guztion zain gaude!
Lizarraldea ez dago salgai!

