Hidrogenoa erauzteko ikerketari buruzko informazio gehiago, orain, Mikel Alvarez Forcadaren eskutik

    es 15 Ira 2026 - Meategi eta harrobiak, Sustraiko txostenak

    Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako lurpean hidrogeno naturalik ote dagoen egiaztatzeko eskura dugun informazioa aztertzen jarraitzen dugu. Duela aste batzuk Antonio Aretxabalarekin egin genuen bezala, Mikel Alvarez Forcada aktibistaren ekarpena dakarkizuegu orain hona:

    Hidrogeno-esplorazioen aurrean: Mantle8 kanpora!

    Espainiako Gobernuak hidrogeno naturalaren meatze-esplorazioak egiteko Mantle8 enpresari eman dizkion baimenek Euskal Herrian inoiz planteatu den proiektu estraktibistarik handiena izan daitekeenaren aurrean jartzen gaituzte. GaInera, uztailaren 1ean enpresak mantle8.com/es/ bere webguneko “berriak” sailean esplorazio-baimen hauen inguruan ateratako informazioan, teknikari bat Lokiz mendilerroaren azpian dagoen Metautengo udalerrian (Allin ibarra, Lizarraldea) soro batean analisi proba bat egiten ari dela erakusten duen argazki bat argitaratu zuen, hain zuzen ere lanak hasteko datozen asteetarako udalerri kaltetuekin iragarri duen bilera-erronda ez duela itxoin –Nafarroan behin behin– frogatzen duena.

    Gai honen larritasunaz ohartzeko, argitu behar da esplorazio-eremuak Aralarreko mendialdea baino askoz ere zabalagoak direla eta Abaltzisketatik Erdizera (Baztan, Erregerena mendia) eta Bakaikutik Esteribar haranera (Larrasoaina) hedatzen dela “Aralar I” izeneko baimena; eta aldi berean, “Aralar II” esplorazio-baimena Araia ingurutik Gulinaraino eta Lana Bailaratik Legarda ingurura (Garestik gertu) hedatzen da. Bi baimenen artean 1680 km²-ko azalera hartzen dute. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean BOEn argitaratutako iragarkien arabera, Nafarroan 56 udalerriri eragiten diete meatze-esplorazioak egiteko baimen horiek, eta Gipuzkoan beste 4 eta Araban beste 2 udalerriri. Halaber, Entziako Partzuergoari, Enirio-Aralar Mankomunitateari eta abereentzako bazkaleku nahiz larre-aprobetxamendurako erabiltzen diren Fazeriako hainbat lurralde komunali eragiten diete.

    Aralar I (goian) eta Aralar II (behean) ikerketa baimenen krokisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (Aralar I, Aralar II) agertzen denez. Errealizazio propioa, baimen bakoitzaren bi irudiak bakar batean muntatuta.

    Azpimarratzekoa da kalteturiko lurraldean nekazaritza, baso eta natura-intereseko eremu garrantzitsuak gordetzen dituzten hainbat landa-eremu, mendi eta haran daudela,  hala Ameskoetako mendialdea eta Urbasa-Andia Parke Naturala, nahiz Entzia, Lokiz eta Arabako hegoaldeko mendilerroen Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Ega-Urederra eta Arakil ibaiak (KBE), Aizkorri-Aratz Parke Naturala (Albeiz-Olano-Arbarain aldean), Aralarko Parke Naturala eta Nafarroa aldeko KBE, Ultzama eta Basaburuko hariztiak, Belate KBE eta Alduide mendiko KBE.

    Mantle8k dioenez, esplorazio-lanek ez dute kalte nabaririk eragiten, baina ustiagarriak diren aztarnategiak detektatuz gero, bere jarduera hidrogenoaren eskala handiko erauzketa industrialera bideratuta dago. Webgunean adierazten duenez, esplorazioen helburua ”erreserba nahikoa zabalak aurkitzea eta eskala industrialean ustiatzea da”. Horretarako, analisi geologikoak, geofisikoak eta Adimen Artifizialaren bidez sorturiko irudiak baliatuz, hidrogenoaren bilaketa bizkortzen duen teknologia patentatu du, “zulaketa-kokapen optimoak mapeatzea” ahalbidetzen diona. Orain azkar ari gara lanean baimenak lortzeko, teknologia ezartzeko, lehen proiektuak zulatzeko eta merkaturatzeko”, dio enpresa-buruak. Mantle8-ren programak 2030. urtearen amaierarako 10 Milioi tona hidrogeno natural ateratzen hastea aurrikusten du komertzialki ustiatu daitezkeen aztarnategietan.

    Proiektua aurreratuen duen eremua Lannemezango goi-ordokian (Tarbesen ekialdean) eta Okzitaniako Pirinioetako Comminges eskualdeko eremu zabal batean dago, non ehundaka sentsore instalatzeari esker, 700 km²-ko azaleran milioika datu bildu ahal izan dituen eta enpresak 2028an lehen putzuak zulatzea aurreikusten duen. Jarduera horiek Euskal Herrira zabaltzeaz gain –non “Aralar Espainiako Pirinioetan hidrogeno naturala esploratzeko Mantle8-ren proiektua den”–, bere egiatsmoak Europako, Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko beste eremu “prometagarri” batzuetara ere hedatzeko asmoa du.

    Mantle8k ez du hitzik ere esaten halako plan bat burutzeak berekin dakartzan eragin ekologiko eta sozialei, lurraldearen okupazioari, kostu ekonomikoei eta abarri dagokienez. Hidrogenoaren    erauzketa eta ustiapen industrialak lurraldeari beste eraso bat ekarriko dio ordea. Meatze-zulaketen  eta erauzketen sakonera 1.000-3.000 metrokoa izan daiteke, 4.000 metro inguruko zulaketak baztertu gabe.  Argi dago, bestalde, horrelako megaproiektuak kapitalismo industriala suspertzeko pentsatuta daudela. Dena den, hainbat mendetan energia kontsumo zoro bat asetzeko adina hidrogeno ustiagarri aurkituko balitz ere, hori al da nahi dugun gizarte mota? Planetak kontsumo horri eutsiko al lioke? Ezin da dena eredu ekonomiko eta sozial harrapari baten menpe.egon.

    Mantle8k Asmoen Adierazpena – Aralarko Baimenak izeneko agiri bat argitaratu du berriki. Bertan, proiektuaren helburu erauzle argiak itxuraz neutroa eta onbera dirudien jarduera zientifiko baten estalkipean ezkutatzen saiatzen da: “Esplorazio zientifikoko enpresa bat gara”, “proiektua lurraldearekiko elkarrizketaren bidez garatu nahi dugu”, eta Espainiako Gobernuak baimendu duena “ikerketa zientifikorako programa bat” dela errepikatzen du, baita enpresak “Aralar mendigunearen sentsibilitate ekologikoa eta izaera karstiko berezia aitortzen” dituela gaineratu ere… Ezin ahaztukoa dugu, ordea, geologia meatzaritza eta energia industriaren zerbitzura jarri zenez geroztik, lurraren zientzia lurraren arpilatzearen zientzia bihurtu zelaJosé Ardillok “Las ilusiones renovables” liburuan ohartarazten duenez. Ez gaitezen engaina!

    Planto egin behar da: salatu, informatu, udalei eta lur-jabeei esplorazio-lan horiek egiteko baimenik eman ez dezatela proposatu eta eskatu, baita bizilagun eta txangozale guztiei inguruan tramankulu susmagarriren bat topatuz gero –sentsore sismikoak, lurzoruko gasen kontzentrazioak neurtzeko gailuak, nahiz ur-, harri- eta gas- laginak, e.a.–, zonaldea garbitzera animatu ere. Beharrezkoa da, hortaz, informazio lana eta oposizioa antolatzea. Ez gaitzatela oharkabean harrapatu: Mantle8 kanpora!

    Mikel Alvarez Forcada.

    Mantle8 enpresaren web-orrian dagoen argazkia. Bertan, antza denez, enpresako teknikari bat ageri da, Allin edo Metauten haraneko (Nafarroa) eremuan, Lokiz mendilerroaren oinean, laborantza-eremu batean ikerketa motaren bat egiten.