Hidrogenoa eta helioa bilatzeko baimenak Euskal Herrian: airean ez galtzeko gida

    es 16 Urr 2026 - Energia, Meategi eta harrobiak, Prentsa oharrak, Sustraiko txostenak

    Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Errotik elkarteak Euskal Herrian hidrogenoa eta helioa ikertzeko proiektuei buruzko gida prestatu dugu. Mantle8 jatorri frantseseko enpresari ikerketa-baimenak emateko iragarpenak alarma eta kezka eragin du gure geografiako herri askotan. Eta ez da gutxiagorako. Ikerketa-baimenek Hego Euskal Herriko azaleraren ia % 10 hartzen dute eraginpean, Araban, Gipuzkoan eta batez ere Nafarroan.

    Beste behin ere, gure herrian meatzearen inguruko jarduketa-eskema errepikatzen da, Mina Mugarekin edo Lizarraldean eta Zangozan kobrea bilatzearekin gertatu zen bezala. Biztanleei horrelako ustiategiek ekar dezaketenari buruzko informaziorik eman gabe baimenak ematea, gero ustiapen-eskubideak saldu nahi izango dituzten enpresak, hobiak aurkituz gero, lurraldearen erabilera pribatizatzea onura pribatuetarako, kapitalak eta inbertsio-funtsak, edozein preziotan irabaziak bilatzeko, zigortutako landa-inguruneari ingurumen- eta gizarte-mehatxu berriak…

    Horregatik guztiagatik, beharrezkoa ikusi dugu gida txiki hau prestatzea proiektu horiekin zerikusia duten gaiak azaltzen saiatzeko: zergatik bilatzen den hidrogenoa eta helioa, zertarako, zein diren eragindako eremuak, zein fasetan gauden, zer teknika erabil daitezkeen horiek ustiatzeko, nola erantzun enpresa-jarduerei…

    Azken batean, informazioa lortzeko, gure ezagutza handitzeko eta herri-erantzuna antolatzeko aukera emango digun sarrera-gida txiki bat. Holaxeko proiektuek espekulaziotik eta funts publikoak biltzetik asko dute, plangintza demokratikotik oso gutxi eta are gutxiago herri-subiranotasunarekiko errespetutik.

    Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gai honen inguruan Sustrai Erakuntza Fundazioaren webgunean argitaratu diren idatziekin ekarpen kritikoak egin dituztenei (1 eta 2). Hidrogenoa eta helioa bilatzea bezalako gai ezezagunen aurrean sentsibilizatzeko beharrezko lan kolektiboa eta lankidetzakoa.