Krisi ekosozial sakona jasaten ari garela begi bistakoa da. Badirudi argi dugula trantsizio energetikoa saihestezina dela. Hala ere, ez dirudi hain argi dugunik trantsizio energetikoaren ardatza birsortze ekologikoa izan behar dela eta gure ekonomia biosferara egokitu behar dugula. Ez dago ere batere argi inposatzen ari diren trantsizio berdeak korporazio energetiko handien boterea zalantzan jartzeko balio duenik. Begiratu besterik ez da behar, nola Estatuen, Europako Itun Berdearen eta Next Generation Funtsen eskutik mota guztietako enpresak, multinazionalak, inbertsio-funtsak… erakartzen ari diren, elektrifikazioan negozio aukera bat besterik ikusten ez dutenak.
Forestalia da berriztagarrien negozioaren sehaska kulunkatzen duten esku horietako bat, gizarte eta ingurumen inplikazio larriak dakarrena, eta orain Nafarroan ere goi-tentsioko makrolineak egiteko asmoa duena. Ustiapen energetikoaren inguruko izaera oportunista eta espekulatiboa irudikatzen duen enpresa.
Forestaliari ez zaio ezer falta. Enpresaren balioen artean erantzukizuna, iraunkortasuna, landa-munduaren garapena eta deskarbonizazioa aurkituko ditugu. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Grupo Jorge taldean jatorria duen enpresa bat da, Estatu espainiarreko haragi enpresa eta txerri esportatzaile handienetako bat. Aragoiko Diputazio Nagusian, Generalitatean edo Espainiako Gobernuan alderdi ezberdinetako pertsonak fitxatu dituen enpresa da. Jose Manuel Soria PPko ministro ohia eta Julio Tejedo, Aragoiko PSOEko Presidentetzako idazkari ohia dira bere azken fitxaketa handiak. Prentsak pilotakada gisa kalifikatutako ministerio enkanteetan milaka MW bereganatzen dituen enpresa da hau; Aragoiko herri eta eskualdeetan herritarren gaitzespena jasan duena dozenaka proiekturekin; eta proiektuen salerosketako espekulazio operazioetan parte hartu duena.
Orain, Forestaliak goi-tentsioko bi makrolinea proiektatu nahi ditu Nafarroan. Eta oraingoz, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITERD) ingurumen inpaktu adierazpen positiboa jaso du. Lehenengoak 270 km-ko luzera du, eta elektrizitatea eramango luke Zaragozako Cinco Villas-etik, Zarrakaztelun, Erdialdean, Iruñerrian eta Sakanan barna igaroz, Gatikaraino (Bizkaia) eta Gasteizeraino (Araba). Linea horrek, gainera, hirugarren adar bat du, Erriberritik Castejongo azpiestazioraino. Proiektatutako bigarren makrolinea, 200 km baino gehiagokoa, Zaragozako Tauste eskualdean sortzen da, eta Nafarroako Erriberan, Errioxan, Araban eta Burgosen izango luke eragina. Aldi berean, Forestaliak bere soberakinak Aragoitik Kataluniara eta Valentziara eramateko asmoa du, goi-tentsioko linea gehiagoren bidez.
Inolako logika energetikorik ez duen ekimen baten aurrean gaude. Proiektu hauekin, Forestalia benetako garraio-lineak direnak elektrizitatea ebakuatzeko lineak balira bezala aurkezten ari da, Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legea urratuz. Lege horretan, Red Eléctrica de España SA esleitzen da jarduera horretako garraiolari bakar gisa. Beste oztopo bat energia-sektorearen beharrezko sozializazio eta plangintza demokratikorako bidean. Eredu dibertsifikatu eta deszentralizatu baten alde aurrera egitea eragozten du, eta, aldi berean, ekoizpen eta kontsumo puntuak hurbiltzearen iraunkortasun printzipioaren aurka doa. Guztiz irrazionala da Zaragozan dauden azpiegiturek beren elektrizitatea husteko lotura-puntua hain urruti dauden tokietan lortzea, hala nola Burgosen, Bizkaian, Araban, Errioxan edo Nafarroan.
Proiektu honek ingurumen-logikarik ere ez du. Forestaliak proiektatutako bi lineetako batek trazaduraren zati handi batean REEren beste linea batekin bat egiten du, Muruartetik Itsasora (Gipuzkoa) doanarekin, hain zuzen. Bi lineak 92 km-tan zehar paraleloan joango lirateke, 200 bat metroko distantziarekin bata bestearengandik. Honela, mota horretako azpiegiturek ingurumenean eta lurraldean dituzten eraginak (zuhaiztia kentzea, hesi-efektua, eremu elektromagnetikoak, hegazti-fauna) bikoiztu egingo lirateke, bi lineak batera doazelako. Gure ustez, Ministerioak ez ditu kontuan hartu bi proiektu horien metaketa inpaktuak.
Azkenik, energia poltsiko pribatuak betetzeko erabiltzearen inguruko kapitulu berri bat ikus dezakegu. Elektrizitate-soberakin estratosferikoak sortzea espero denez, egungo saretik irteteko zailtasunak dituztenak, Forestaliak, neurriz gaineko linea batzuekin, bere proiektuetan edo beste enpresa batzuen proiektuetan sortutako elektrizitatea garraiatu eta saldu nahi die industriagune handiei (Bilbo, Gasteiz, Bartzelona, Tarragona, Valentzia). Kasu honetan ez ginateke ariko krisi ekologikoari emandako erantzuna edo ingurumenarekiko sentsibilitateari buruz. Zalantza eta zor asko sortzen dituen enpresa-proiektu baten bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko erantzuna baino ez litzateke.
Forestalia berriztagarrien sehaska kulunkatzen duen beste esku bat da. Baina ez da bakarra, dezente gehiago baitaude. Eta hauek guztiak soberan daude. Ustezko “trantsizio energetiko” baten izenean, enpresa pribatuak nahi bezala ibiltzea eta burbuila ekonomiko berri bat eragitea baimentzen ari dira. Hondamendi hau ezin da onartu, ezta onura handiagoak eskatuz ere, hala nola Klima Aldaketaren aurkako ustezko borroka. Izan ere, negozio egarria asetzea besterik ez dute lortu nahi, herriaren subiranotasuna, biodibertsitatea, lurraldea eta planetaren baliabide naturalak akabatuz. Berriz ere, hauxe errepikatzea eta aldarrikatzea ezinbestekoa da. Moratoria bat beharrezkoa da proiektu hauek guztientzat, berauek baldintza egokietan arrazionalizatu, ordenatu eta demokratikoki planifikatu ahal izateko.
Mikel Saralegi Otsakar eta Jule Goñi Montero sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.