Sustrai Erakuntzak Erdizeko meategiaren kontrako alegazioekin bat egiteko deia egin du

    es 19 Mar 2024 - Meategi eta harrobiak, Prentsa oharrak
    • Erdiz Bizirik ekimenak Erdizeko bazkalekuan proiektatutako meategiaren kontrako alegazioen sinadurak biltzen ari da.
    • Sustrai Erakuntza Fundazioak ekimen hau sostengatu eta herritarrak alegazioak sinatzeko deia egiten du.

    2024ko otsailaren 6an Nafarroako Gobernuak Magnesitas de Navarra SA (MAGNA) enpresak Artesiagan magnesita meategia ustiatzeko proiektua Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial (gazteleraz PSIS) gisa deklaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Figura administratibo hau inposaketa hutsa da eta Baztango herritarren subiranotasunaren gainetik pasatzen da.

    Aire zabaleko magnesita mehatze honek naturan eta gizartean sortuko dituen kalteak askotarikoak eta oso larriak dira. Hauek guztietan oinarrituta sortu dituzte haien alegazioak, honatx laburbilduko ditugunak, sinatzeko deia eginez.

    Erdiz 100 artzainek baino gehiagok bazkaleku moduan erabiltzen duten larre komunala izanik eta gainera Aldude Mendi eta Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) barnean egonik, bertan egin nahi duten mehatzeak eragin zuzena izango du Baztango abeltzaintza tradizionalean, zeinak landa-populazioa finkatzen baitu. Izan ere, meatzaritza eta abeltzaintza bateraezinak dira, lehenengoak sortzen dituen bibrazio, errauts, agregakin eta kutsadurarengatik. Gainera, proiektuak proposatzen duen irtenbidea, inguruko soroak erabiltzearena alegia, ezinezkoa da, egun toki horiek dagoeneko erabiltzen baitira.

    Aire zabaleko mehatze honek galtzeko arriskuan dauden espezieei kalte larria eraginen lieke, hala nola okil gibelnabarrari, ugatzari edo Pirinioko muturluzeari, eta saguzar espezie babestuei. Eragindako inpaktu gehienak konponezinak izanen lirateke mehatze proiektuaren eremuan zein inguruetakoan, sarbide egokitzapenak eta elektrizitate hornidurarako infraestrukturak direla medio.

    Fauna ez ezik, babestutako flora ere arrisku larrian jarriko litzateke, izan ere, proiektuak Alduide Mendiko KBEaren funtsezko elementu gehienei kalte eginen lieke. Argumentu honekin berarekin bota zuen atzera 2017an Auzitegi Gorenak MAGNAk Zilbetin, KBE berean alegia, proiektatutako antzeko meategi bat.

    Erdizeko meategiak eta honen inpaktuek eragin zuzena izango dute Klima Aldaketaren areagotzean, izan ere, ingurunea erabat degradatu eta biodibertsitate galera handiak ekarriko ditu. Egungo joera orokorra kontrakoa izan beharko litzateke, hau da, giza jarduerak biosferan dituen inpaktuak murriztea, eta honek eskutik dakar kontsumoaren murrizketa.

    Argumentu hauek guztiak biltzen dituen alegazio orria sinatzeko deia helarazten du beraz Sustrai Erakuntzak, orain baita indarra eta irmoki proiektuaren kontrako jarrera erakusteko momentua, geurean dugun ondasun naturalaren balioa azpimarratuko eta bizitza duin baterako beharrezkoak diren habitatak defendatuko baititugu.

    Alegazioak herritar nafarrek zein ez nafarrek sina ditzakete, bai fisikoki, bai digitalki (lotura hauetan click eginez). Euskarri digitalean, datuak bete, digitalki sinatu eta dokumentua “DONE” botoia sakatuz aurkez daiteke zuzenean. Epea apirilaren 12an amaituko da.