Nafarroaren burujabetza energetikorantz: eztabaidarako proposamena, txosten osoa

    es 15 Aza 2014 - Audio eta bideo, Energia, Oinarrizko dokumentuak, Prentsa oharrak, Sustraiko txostenak

    Txostenaren azalaNafarroaren burujabetza energetikorantz: eztabaidarako proposamena” izenburua duen txostena aurkezten dugu hemen. Testu luzean Nafarroako gaurko errealitate energetikoa aztertu eta ondoren gaur egungo krisi energetikoa irtenbidea emateko zenbait gako proposatzen ditugu. Txosten osoa PDF formatuan (erderaz) hemen lortu dezakezu, eta liburu elektronikoendako EPUB formatuan ere. Eta artikulu osora joaten baduzu, Katakraken aurkezpenerako ekitaldian eman dugun prentsa oharra irakurri dezakezu, txotenaren laburpen bezala balioko duena, eta bideo, audio, argazki, presentazioak eta abar…

    Baina txotenaren laburpen testua irakurri baino lehen, Xabier Zubialderi entzun dezakezu (gaztelaniaz) bideo honetan, Ahotsa.info eginikoa, eta aurkezpena ondo laburbiltzen duena:

    Pablo Lorenteri ere entzun dezakezu Eguzki Irratian egindako elkarrizketa honetan, erderaz (archive.org webgunean dago audioa):

    Azkenik, beste material batzuk dauzkagu ere: test moduko galdetegi bat prestatu dugu, eta gaia jarraitzeko presentazio bat interneten ikusi dezakezuna (ikusteko flasha behar duzu nabegatzailean) edo PDF formatuan.

     

    Nafarroaren burujabetza energetikorantz: eztabaidarako proposamena

    LABURPENA

    Aurkezpena Katakraken

    Nafarroan erabiltzen dugun gehiena gas naturaletik eta petroliotik eratorritakoa da, dugun mendekotza energetiko handiaren isla. Petrolioak energia osoaren %39,5 suposatzen du, garraioan erabilia batez ere. Urbiletik jarraitzen dio gas naturalak %34,11rekin, eta Castejongo zentral termikoetan erabiltzen da gehiena. Dezente urrunago datoz ikatza eta petrolio ondarrekin ekoitzitako kokea, Olaztiko Cementos Portlandek erabilitakoa bezalakoa, Nafarroan erabilitako energiaren %4 suposatzen dutelarik. Azkenik, energia ez berriztagarrien artean jatorri nuklearrekoa den elektra indar kontsumo txiki bat aipa daiteke, zeinaren inongo daturik ez den inongo plan energetikotan. Energia berriztagarrien kontsumoaren ehunekoari dagokienez, benetan murritza dela aipatu beharra dago, totalaren %17, eta energia hauek guztiak ez dira hemen ekoitziak.

    Nafarroako energia plan ezberdinek ekoizpenaren handitzea izan dute helburu konstantetzat, instalazio handietan bereziki. Plan hauetan ez da planteatu “Sabai Energetiko”rik, ekoizpen naiz kontsumoari; alderantziz, energia ekoizpen helburu handiagoak planteatzen dira, eskainitako energia mota bakoitzeko murrizpen helbururik bilatu gabe. Kontsumoari dagokionez eta harritzekoa bada ere, bigarren planak hau bikoiztea aurre ikusten zuen lehenengoarekiko. Azken urteetako hiru energia planen ostean, Berotegi-Efektuko Gas (BEG) isurketa %65ean handitu da 1990. urtekoekiko (Kiotoko Protokoloaren helburua: %15).

    Azken hamarkadetako energia kontsumoaren hazkundea biztanlegoaren eta ekoizpen ekonomikoaren hazkundea baino askoz handiagoa izan da, Nafarroak energia xahutzen duelaren adierazle, petroliotik eratorritakotan batez ere. Industria eta garraioa dira gehien kontsumitzen dutenak.

    Beste herrialde batzuekiko menpekotasun energetiko handiko lurraldea da Nafarroa. Hala ere, eta deigarria da, Nafarroak energia elektrikoa esportatzen du, behar duguna baino gehiago ekoizten bai dugu. Ondorioz, elektra indarra garraiatzeko linea konzentrazio handia dugu, eta hau handitzeko planak ere, Dicastillo-Itsaso Goi Tentsioko Linea kasu.

    Mundu mailan, energia fosilen eskuragarritasunaren murrizte testuinguru batean gaude. Erabilgarri dagoen energiaren murrizpenaren abiadura berean honen xahutzea bultzatzen duten burbuilak puztutzen direla dirudi. Energia berriztagarri batzuk (eguzki eta eolikoak batez ere) izan duten kontrolik gabeko zabaltzean ikus dezakegu, edo gas naturala erauzteko datorkigun fracking edo haustura hidraulikoaren teknika medio.

    Energia elektrikoaren merkatua, ustez liberalizatua badago ere, pribatizatua eta ekoizpen enpresa oligopolio batek kontrolatua dago. Horien biktima gara elektrizitate kontsumitzaileok. Prezioak ezartzeko erabiltzen dituzten irizpideak opakoak dira. Prezioek irabazi espekulatibo gozoak hartzen dituzte, benetako ekoizpen kostuak ia kontuan izan gabe, are gutxiago hauen erabilerak ingurumenean eta jendartean dituzten eraginak, Munduko Bankuak “xahuketa haundi bat” bezala definitutako zentral nuklearretatik eratorritakoa adibidez.

    Aldaketa Klimatikoaren arazoa kapital handiak erabiltzen du irabaziak ateratzeko. Bertatik negozio zoko bat sortu da, ustez atmosferara BEGak heldu ez daitezen nazio arte mailan sortu diren mekanismoak indarrean sartzean, benetan lortzen dutena haien negozioa existitzen ez ziren eremuetara zabaltzea da, BEG Isurtze Baimenak merkaturatzen.

    Klima Aldaketaren Aurkako Estrategiaren arabera BEGen isurketa Nafarroan handitu egin da azken urte hauetan. Horretan gehien laguntzen duten enpresak Castejongo zentral termikoak dira, Olaztiko Cementos Portlanden jarraiturik. Garraioak ere garrantzi handia dauka BEGen isurketan, isuriak gehien handitu dituen sektorea izanik. Aldiz, ez dirudi proposatzen diren alternatibek tasa hauek murriztuko dituztenik, are gehiago, konpainia handientzako espekulazio zoko berriak sortzeko balioko dute. Abiadura Handiko Trenari edo Prestazio Handiko Trenari eta kotxe elektrikoari buruz ari gara, konpainia elektriko handien negozioa egonkortzeko balioko dutenak, beste batzuen artean.

    Guzti honetatik sumatzen genuena ondorioztatzen dugu, botere politiko eta ekonomikoaren energia iturrien kontrolarekiko interesa. Hortik “ate birakariak”.

    Aurkezpena Katakraken

    Nafarroaren burujabetza energetikorantz, proposamenak

    Nafarroako eta mundu mailako energia eta baliabide krisiaren aurrean, Sustrai Erakuntzatik alternatiba bat, norantza aldaketa bat proposatzen dugu. Nafarroaren subirautza energetikorantz egiten duen Plana aurkezten dugu. Plan honek kudeaketa energetikotik eta energia berriztagarri deitukoetatik haratago doazen hainbat proposamen dauzka. Jendarte esparruan eta politikoan, autonomiko, eskualdeko naiz tokikoan, nekazal eta elikadura politikan, mugikortasunean, hondakinetan, etxebizitzan… esku-hartzea suposatzen dute. Energia arazoekiko planteamendu ofizialei eginbide alternatibo batzuk sortzean oinarritzen da, egiaztatua bai dago gobernuek eta are gutxiago energia korporazioek ez dutela interes orokorra babesteko lan egiten.

    Pertsonaren oinarrizko beharrak asetzeko energia minimoaren eskubidea ziurtatu eta energia hori tokian bertan eta iturri berriztagarriekin ekoizteko politika energetikoa definitzen saiatzen gara dokumentu honetan. Honela, energiaren kudeaketa publiko baten bitartez, gure komunitateak gure lurraldearen kudeaketaren nolakotasunaz erabakitzeko eskubidea berreskuratuko luke. Gure herriaren autodeterminazio eskubidearen antzekoa litzateke, inposatua diguten kudeaketa energetiko eredu baten aurrean. Gure herrialdearentzat eta udalerri bakoitzarentzat trantsizio plan bat garatu beharko litzateke, plan guzti horiek koordinatuak eta osagarriak, egungo egoeratik abiatuz beste etorkizun eszenatoki baterantz, beste jendarte eredu baterantz.

    Honela, energia planifikazio batek Sabai Energetikoa definitu beharra duela uste dugu abiapuntutzat, pertsonarentzat, eta ondorioz Nafarroako biztanleriarentzat nahikoa den oinarrizko energiaren zenbateko maximoa. Nafarren energia eskaria gure komunitatean ekoitzitako energia eskaintzarekin lotuko lukeen beste bati loturik beharko luke. Modu berean, energiaren prezio errealak ezartzea beharrezkoa da, energiaren ekoizpenean ematen diren gastu guztiak barneratuko dituena, ingurumenarenak barne.

    Pertsona, erakunde edo azpiegitura bakoitzaren eragina ezagutzeko aztarna ekologikoa kalkulatu behar da, kontsumo energetikoaren eta sorrarazten duen GEI isurketaren azterketa sakona. Baita zor ekologikoa ere kalkulatu behar da, Nafarroan egiten dugun beste herrialde batzuetako baliabide naturalen kontsumoari eta kontsumo hauek eragiten dieten ingurumen eraginari dagokiona.

    Beharrezkoa da ere erakunde edo azpiegitura bakoitzean non kontsumitzen den energia. Horretarako auditoria energetikoak egin behar dira. Modu honetan enpresen, erakunde publikoen, etxebizitzen… kontsumoa murriztuko luketen neurriak hartu ahal izanen lirateke.

    Bestalde, elektrizitatea leku bakan batzuetan kontzentratua eta kopuru handitan ekoizten da, kontsumo eremuetara garraiatzean energia galera handiak ematen direlarik. Ekoizpen energetikoa deszentralizatu egin beharko litzateke, kontsumo zabaleko eremu bakoitzak ekoizpen elektriko edo/eta termiko gune bat izan beharko luke inguruan.

    Beste energia xahutze puntu bat gure jendartean ematen den pertsona eta produktuen gehienezko garraioa da. Garraioa da erregai fosilen kontsumitzaile nagusia, eta hau murriztea kontsumo hori gutxiagotzeko modu on bat da. Horretarako jendarte antolaketan aldaketa garrantzitsu bat egitea beharrezkoa da, hurbileko produktuak kontsumituko direla eta eguneroko eginkizunetarako garraio beharrak murriztuko direla lortuko duena.

    Etxebizitzen eta beste eraikin batzuen kasutan, aurrezte energetikoaren gakoa berotze eta hoztutze eskarien murriztean datza. Horretarako etxean errehabilitazio energetikoak inbertitzea beharrezkoa da, eta txirotasun energetikoa deiturikoa desagerrarazteko tresnatzat erabili hau.

    Elikadura burujabetzak, herri bakoitzak bere kontsumorako behar dituen elikagaiak definitzeko gaitasunak, energia kontsumoa murrizten laguntzen du, garraioa eta kontserbazioa murrizten bai du. Eta ekoizpenean erregai gutxiago eskatzen dute, eskala txikian ureztatze sistema txiki eta eraginkorrekin ekoizteagatik eta agrokimiko toxiko eta petroliotik eratorrikoak ez erabiltzeagatik.

    Hondakinen kudeaketan, materialak berrerabili gabe zabortegiratu edo erretzen direnean suertatzen den baliabide galera ekiditea funtsezkoa da. Errausten “berreskuratzen” den energia baino askoz energia gehiago behar da produktu berri bat egiteko. Birziklatze tasak igotzeko bereizte selektiboa erruz hobetu behar da, atez ateko sistemaz adibidez. Baina birziklatu aurretik, kontsumo murrizketan zentratu beharra dago eta ondoren berrerabilpena lehenetsi. Berrerabiltzen birziklatzen baino energia gutxiago kontsumitzen da. Eta harrobi eta meategi gutxiago beharko ditugu gure kontsumo orokorrak murrizten baditugu.

    Eta noski, energia berriztagarrien ekoizpenerako guneak ezarri behar dira, masiboki eta modu deszentralizatuan. Etorkizunean eskura izanen ditugun bakarrak izanen bai dira. Horregatik aipatu eta definitzen dugu balantze garbidun autokontsumo energetikoa, distritu berogailuak, etxebizitzen errehabilitatze energetikoa, tenperatura baxuko geotermia, bio erregailuak, eguzki-termika, minieolikoa, minihidraulikoa, abeltzaintza hondakinekin koekoizpena, biomasa (elektrifikatugabea), eta ezezagunagoak diren beste energia kudeaketa modu batzuk.

    Baina gure ustez, krisi energetikoaren irtenbidea ez da energia berriztagarrien ezarpen soilik. Testu osoan errepikatu den bezala, jendartean, behetik gora sorturiko eredu sozio-ekonomikoaren aldaketa bat behar da. Horregatik bilatzen dugu tokiko ekonomia, deshazkundea eta kontsumo murritza eta hurbila. Eta tokiko baliabideak modu jasangarrian erabiliaz. Honela, zentzu horretan diharduten ekimenak bultzatu eta barreiatu nahi ditugu, trantsizio talde eta herriak eta kooperatiba integralak, beste askoren artean.

    Testuinguru honetan, etorkizuna modu partekatu eta publikoan planifikatzen dugun bitartean, Nafarroaren burujabetza energetikorantz pausoak ematearen aldeko apustua egiten dugu, pairatzen dugun menpekotasun energetikotik urruntzearren. Honela, Sustrai Erakuntzak abiadura handiko korridorearen (AHT-TAV-TAP-AVE) eraikuntza, Esako urtegiaren handitzea eta Nafarroako Ubidearen lehen fasearen handitzea berehala eta behinbetiko gelditzea proposatzen du.

    Tafalla-Dicastillo-Itsaso proiektatutako goi tentsioko linea, Argedas eta Orkoiengo bezalako biomasa gune erraldoietan energia ekoizteko proiektuak, El Cavar bezalako mega parke eolikoak, Cementos Portlanden hondakinak erretzeko proiektua, hiri hondakin solidoen “balioztatze energetikoa”ren aldeko apustu egiten duen Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala, Gendulaingo, Etxabakoitz edo Aroztegiako espekulatze inmobiliarioa, Zilbeti edo Erreniagakoak bezalako meategi edo harrobi berrien irekitze edo gain esplotatzea eta fracking bidez hidrokarburoak ateratzeko proiektuak ezetsi eta artxibatzea beharrezkoa da ere. Bukatzeko, legez kanpoko diren Castejongo zentral termikoak desegin behar dira.

    Txostenaren azala