Itoitz Urtegia eta Nafarroako Ubideari buruzko txotena: Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa

    27 Mai 2012 - Oinarrizko dokumentuak, Sustraiko txostenak, Ura eta urtegiak

    Asamblea Anual de la Fundación Nueva Cultura del AguaRosario Brinquisek Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa izenburuko lana egin du. Azterketa hori Zaragozako Unibertsitatean garatu du, Pedro Arrojok zuzendu uraren kudeaketari buruzko masterraren barruan. Txostenaren aburuz, Itoitzko urtegiak, Nafarroako ubidearen lehen faseak eta lehen faseko lurrak ureztatzeko lanek 1.751 milioi eurotik goitiko kostua dute. Datu horietatik abiatuz, lanak hiru ondorio nagusi nabarmentzen ditu: proiektua ez dela errentagarria gizartearentzat; lanpostu gutxi sortzen dituela; eta ur horniketarako egindako aurreikuspenak errealitatetik urruti direla.

    Artikulu honetan txostenaren laburpen bat aurkezten dugu. “Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa” txostenaren testu osoa PDF formatuan lortu dezakezu (1,8 Mb, erderaz) “Fundación Nueva Cultura del Agua” webgunetik. Irakurketa azkar bat egiteko, egileak txostenaren indizean izartxo (*) bat dituen kapituloak irakurtzea gomendatzen du.

    ITOIZ 2012. ANALISI EKONOMIKOA – LABURPENA

    Egilea: Rosario Brinquis Crespo

    Zuzendaria: Pedro Arrojo

    Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea proiektuaren errealitate ekonomikoari buruzko analisi eguneratua egin du; kostuak ikertu ditu, kostuak berreskuratzeko gaitasunak, eta proiektuak eragindako jarduera ekonomikoa. Ondorioak ezin argiago dira: ekoizpen gordina inbertsioaren azpitik dago; nekazaritzarekin lotutako lanpostu gutxi sortu da; kostuak berreskuratzeko gaitasun mugatua du proiektuak; eta ur horniketarako egindako aurreikuspenak errealitatetik urruti dira. Urtegia eraikitzeko lanak hasi zirenetik ia 20 urte pasa direnean, datuek agerian uzten dute azpiegitura horren kontra egiten zutenak erabat zuzen zirela.

    Itoizko urtegia, ubidearen lehen fasea, eta lehen fase horretako lurrak ureztatzeko lanek 1.750 milioi eurotik goitiko kostua dute. 30 urteko eperako azterketa egin du Brinquisek. Fase horretako eraikuntza lanak egiteko inbertsioa 1.359 milioi eurokoa izan da; hau da, proiektu osoa eraikitzeko, bigarren fasea barne, 1988. urtean eman zuten aurrekontuaren antzekoa (1.388 milioi euro). 625 milioi dira urtegiari dagozkionak; 594,5 ubidearen lehen faseari dagozkionak; eta 383,7 lehen fase horretako ureztatzeko eremuari dagozkionak. Kostuen %27 berreskuratzeko gaitasuna baino ez du proiektuak, lehen fasea kontuan hartuta. Eta kopuruak puntu bakarra eginen luke gora bigarren fasea kontuan hartuz gero. Ekoizpen gordina, 30 urtera, 1.296 milioi eurokoa izanen litzateke. “Ekoizpen gordina kostua baino txikiagoa da, eta horrek agerian uzten du, argi eta garbi, Nafarroako gizartearentzat proiektu hau ez dela batere errentagarria”.

    Lanpostuak sortzeko gaitasunak ere ez du proiektua justifikatzen, gaitasun hori txikia baita. Ikerketaren arabera, 227 lanpostu sortuko lituzke urten, lehen fasearekin. Bertze hainbertze erran daiteke ur horniketarekin lotutako proiektuei buruz. Itoizko urtegia- Nafarroako ubidea binomioaren helburu nagusietako bat izan da, ustez, Nafarroan ur horniketarako dauden arazoei aurre egitea, eta 60 hm kuboko kopurua gorde da xede horretarako, urtean. Egun, ordea, ur horniketarako erabilerak hagitz murritzak dira, 2,7 hektometro kuboko kontsumoarekin, urtean.

    Orain arte ikusteko zaila zen errealitatea jarri dute mahai gainean datu horiek. Eta errealitate horrek ezinbertzeko bilakatzen du, uraren erabilera eta azpiegituren sustapen arrazionalago baten alde, lan egiteko modu berriak garatzea. Lan egiteko modu horiek oinarri izan beharko lukete gardentasun informatiboa, herritarren parte hartzea, eta ingurumenean eragindako kostuak kontuan hartzea; horiek guztiak ezinbertzean bete beharreko jarduerak dira, egungo legediaren arabera.

    Datuek ez dute gezurrik erraten. Itoitz eta haren ubidea ez dira, inolaz ere, proiektu arrakastatsua. Ez genituen behar. Bigarren fasea oraindik airean da, eta bitartean, arrazoia, oraindik ere, botereari aurre egiteko lanean ari da.