Sustrai Erakuntza Fundazioak jakitera eman duenez, abuztuaren 1etik aurrera energia berriztagarriei lotutako gutxienez zazpi proiektu berri jarri dira jendaurrean Nafarroan, eta horietako batzuk bereziki eragin handikoak. Proiektuok zein testuingurutan kokatzen diren ere azaldu du fundazioak…
Sacyr enpresa taldeak Iruñerriko iparraldean hiru industrialde eoliko ditu proiektuan, Erro, Esteribar, Anue eta Olaibar haranetan. Berez proiektu bakarra da, artifizialki hirutan banatua, eta sortuko lukeen elektrizitatea Orkoieneraino eramatea aurreikusten du, 25 kilometroko linea elektriko batekin, Ezkabarte eta Txulapain haranak, eta Berriobeiti eta Orkoien udalerriak zeharkatuz.
Hiru parkeek 141,7 megawatt dituzte guztira, eta, horretarako, 200 metroko altuera duten 29 aerosorgailu aurreikusten dituzte. Hauek eraikitzeko behar diren azpiegitura erraldoien ondorioz, pagoei, haritzei eta pinuei eragiten dieten azalera natural garrantzitsuak suntsituko dira, guztira 46 bat hektarea kaltetuz; hori linea elektrikoak eragindako kaltea kontuan hartu gabe. Eta hori guztia hegazti-faunan aberatsa den ingurune natural batean; izan ere, ikerketek berek identifikatu dute saguzar eta harraparien kolonia garrantzitsuak daudela, hala nola miruak, putreak, sai zuriak, arranoak, gabiraiak, belatzak eta ugatzak, besteak beste.
Estellerrian ere bai
Andia mendilerroaren hegoaldeko magalean –Urbasa-Andia Parke Naturalean– haize-sorgailuak Lezaun eta Gesalaz haraneko (Iturgoien) udalerrietan kokatuko lirateke, horietako batzuk Parke Naturalaren mugari itsatsita (proiektuaren arabera 200 metrora). Eta 25 kilometroko luzera duen ebakuazio-linea elektrikoa ere eremu babestu horretan barneratuko litzateke 3,24 kilometroz, Lezaun, Gesalaz, Goñi, Etxauri, Oltza eta Orkoien udalerriak zeharkatuz.
Industrialde eoliko honek 52 megawatteko potentzia instalatua du, eta bere 13 aerosorgailuek 180 metroko altuera izango lukete. Hemen ere beste 45 hektarea inguruko landaredia kaltetuko litzateke. Proiektuaren Ingurumen Eraginaren Azterketan hautemandako hegazti-faunaren artean putreak, arrano beltza, sai zuria, belatz handia eta ugatza daude, besteak beste.
Hortaz, “ustez klima-aldaketari aurre egiteko eraiki nahi diren proiektu horiek natura-ingurunean eragin oso larriak dituztela ikusten dugu”, dio Sustrai Erakuntza Fundazioak. Klima aldaketaren ondorioz, “mendiko basoak eta klima heze eta hotza iparralderantz eta altitude handiagoko eremuetara mugituko dira, eta, beraz, Nafarroan haien presentzia murrizten joango da. Horri gehitzen badiogu proiektu eoliko horiek basoak suntsitzen dituztela, ikusiko dugu etorkizunean biodibertsitatea eta klima aldaketaren aurkako ekosistema babesleak desagertzeko arrisku larrian egongo direla Nafarroan, eta are tresna gutxiago izango ditugu aurreikusitako klima aldaketei aurre egiteko”.
Makro-poligono hauetan ez du konponbiderik ikusten fundazioak eta, beraz, beste eredu energetiko batera jotzeko beharra ikusten du, lurraldean zehar instalazio txikietan banatutako ekoizpen berriztagarria barne hartzen duena eta, gainera, energia-kontsumoa pixkanaka jaitsiko duena. Berriztagarrien eztanda berri hau sakonago jarraitu nahi duenarentzat, fundazioak energia berriztagarrien booma sakon aztertzen duen liburuxka kaleratu du aurten bertan. ARGIAko erreportaje honetan ere landu genuen gaia.
Testuaren egilea: Xabier Letona Biteri. Argia aldizkariaren webgunean argitaratuta. Testuaren lizentzia: ARGIAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.