Berriztagarrien trantsizioak porrot egin du, transformazio sistemiko bat behar dugu

    es 9 Urr 2026 - Energia, Prentsa oharrak, Tentsio altuko linea

    Uda honetan, bata bestearen atzetik izan ditugun bero-boladak Klima Aldaketari aurre egiteko beharraren inguruko eztabaida zabaltzen ari dira. Hala ere, proposatzen dizkiguten “konponbideek” energia berriztagarria biltzeko azpiegitura gehiagoren ezarpenarekin dute lotura, ahal dela, geroz eta handiagoak. Eta trantsizio energetiko hau “klima aldaketari aurre egiteko konponbide azkar” bakar bezala saltzen digute.

    Nafarroan, Gobernuko datuekin ikusten ari gara berriztagarrien ezarpenak ez duela balio erregai fosilen kontsumoa ordezkatzeko. Izan ere, Nafarroak duela 30 urte baino gehiago hasi zuen trantsizioa, Erreniegako erroten instalazioarekin. Ordutik hona, gure mendi eta zelaietan ikus ditzakegun instalazio berriztagarrien kopurua neurriz kanpo hazi da.

    Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuko Energia Balantzeko datuek agerian uzten dute elektrizitatea kontsumitzen dugun energia guztiaren %21a bakarrik izaten jarraitzen duela. Eta hau honela da orain dela urte asko, bai Nafarroan, bai gure inguruko gainontzeko eskualdeetan. Ez da hazten ari. Fenomeno hau kontraintuitiboa da, energia berriztagarrien iragarkiek dena betetzen baitute, geroz eta gehiago erabiltzen direla pentsatzera garamatzana. Sistema berriztagarriek gehien bat elektrizitatea sortzen dutenez, elektrizitatearen kontsumoak gora egin beharko luke, erregai fosilak ordezkatu ahal izateko. Baina ez, elektrizitatearen kontsumoak egonkor darrai 2004tik.

    Egia da elektrizitatearen iturburua azken urteotan aldatu dela, Nafarroan jatorri berriztagarriko elektrizitateak %50a baino gehiago izatera iritsi baita: %64a, hain zuzen ere, 2025ean. Hala ere, kontsumitzen dugun energiaren %20a baino ez denez elektrizitatea, esan genezake jatorri berriztagarriko elektrizitatea kontsumitzen dugun energia guztiaren %12a baino ez dela.

    Bitartean, 2024an Nafarroan kontsumitutako energiaren parterik handiena erregai fosilena izan zen, %75a hain zuzen ere. Eta hau ez da aldatu azken urteotan. 2008ko krisiak eragindako jeitsieraren ondoren, energia fosilaren erabilera egonkor mantentzen da, baita zenbait gorakada arinekin ere, 2024an petrolioaren eratorrien kontsumoan eman zen %10eko gorakada aurreko urtearekin alderatuta, esate baterako. Honela, negutegi efektuko gasen isurketek ere berdintsu darraite eta ez dugu hauen murrizketa lortzen, Estatu Espainiarrean gertatzen ari denaren pare.

    Honi guztiari gehitu beharko litzaioke azken 75 urteotan energia kontsumoa esponentzialki hazi dela mundu mailan. Eta kontsumo honen banakapena eginez gero, energia mota ezberdinetan, ez da ikusten energia mota jakin batzuk beste batzuengatik ordezkatzen ari direnik, aitzitik; jatorri ezberdineko energia iturburuen metaketa ikus dezakegu, hazkunde izugarri hau ahalbidetu duena.

    Hau guztia kontuan hartuta, nahiz eta energia berriztagarriak garatu, Nafarroan ez du energia fosilaren kontsumoak behera egiten. Gaur egun, energia berriztagarriak lau aldiz biderkatu beharko genituzke energia fosilen kontsumoa ezabatzen saiatzeko, hau posible balitz. Honek gure lurraldearen errealitatearekin egiten du talka, zeina azpiegitura berriztagarriz josita baitago. Izan ere, azken urteotan, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi behar izan dituen mota honetako proiektuak asko izan dira, kausa ezberdinengatik. Argi dago Nafarroako lurrak haien ahalmenaren mugetara iristen ari direla honelako azpiegiturak hartatu ahal izateko.

    Honen guztiaren atzean, erregai fosilek dituzten erabilera guztiak ordezkatzeko energia berriztagarriek, gaur gaurkoz, arazoak dituzte. Berriztagarriak energia iturri intermitenteak dira, baldintza meteorologiko egokiak bakarrik daudenean energia sortzen dutenak. Gainera, azpiegitura handiak behar dituzte funtzionatu ahal izateko: produkzio plantei interkonexio azpiegiturak, biltegiratze eta kontrol azpiegiturak gehitu behar zaizkie. Hauek guztiak garestiak dira eta instalazio zailekoak. Eta ez dira erritmo berean ezartzen.

    Orain beharrezkoa da tentsio altuko linea kopuru handia instalatzea, biltegiratze eta kontrol sistema askorekin batera. Hedapen honek sistema energetikoaren jasangarritasun eza areagotuko du, mineralen erauzketa gehitu beharko baita azpiegitura hauek guztiak eraiki ahal izateko. Eta hedapen hau atzeratu ohi da, Muruarte–Itsaso tentsio altuko linearen tramitazioak erakusten digun bezala, jada 20 urte bete dituenak, berriki onartua izan dena. Mantsoegia da trantsizio hau, eta premiazkoa aurre egin behar dugun larrialdia, kolonialismoan eta estraktibismoan sakontzen duena haren garapenerako.

    Horregatik, ezinbestekoa da bultzatzen ari diren eredua errotik aldatzea. Etorkizuna berriztagarria izanen da, edo ez da izanen. Krisi klimatikoaren larritasunak, baita gainontzeko zortzi muga planetarioekin batera, zeinetatik jada zazpi gainditu baititugu, aldaketa azkarra izatea beharrezko egiten du. Eta hau ez da gertatzen ari Nafarroan, trantsizio berriztagarriaren arloan eskualde eredugarria.

    Nahitaezkoa da egungo energia eta materialen kontsumoak neurri handi batean murriztea. Horretarako, errotiko eraldaketak egin behar ditugu. Transformazio sistemiko bat beharrezkoa da beraz, inolako fruiturik ematen ez duen trantsizio energetiko soilaren aurrean. Eta orain behar dugu.

    Eta horretarako beharrezkoak diren transformazio guztien ezaugarriak aztertu behar ditugu, eta ez bakarrik deshazkundearen aldarri soilan geratu. Zeregin zaila da, beharrezko estrategien definizioan zalantza eta zailtasun asko dakartzana eskutik. Sustrai Erakuntza fundazioak azaleko txosten bat argitaratu zuen nafar gizarte jasangarri batendako proposamenekin, eta bertan hainbat adibide aurki ditzakegu.

    Honelako neurriak proposatzen genituen kaleratutako txostenean: objektu eta herraminten erabilera partekatua errazteko neurriak ezartzea, hauen fabrikazioa murrizte aldera. Eta gailu hauek konpongarriak, berrerabilgarriak eta berriztagarriak izateko fabrikatzea. Produktuen eta pertsonen garraiorako beharra murriztea, garraio kolektiboa sustatuz eta ibilgailu pribatuen erabilera murriztuz. Ohiko trena lehenestea, jada energia berriztagarria darabilena eta hiri eta herrien arteko lotura ahalbidetzen duena, lurraldea deuseztatu eta hiriak bakarrik lotzen dituen AHTaren aurrean…

    Adibide hauek garatu eta ezarri behar ditugu, beharrezkoa den bidezko deshazkunde planifikatua lortuko badugu, batez ere Ipar Globaleko herrialdeetan. Beharrezkoa baita kapitalismoa bertan behera utziko duen eredu sozioekonomiko baterantz doan eraldaketa. Ezin baita kontsumoaren betiereko hazkundearekin jarraitu planeta mugatu batean. Hauxe baita egun ditugun arazoen benetako iturburua. Sistema kapitalista, diseinatuta dagoen bezala, ez da bateragarria gizakiaren bizitzarekin Lur planetan.

    Martín Zelaia García eta Jule Goñi Montero sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak. (Testu hau txosten txiki honetako laburpena da (gazteleraz bakarrik, barkatu), orain dela gutxi eginikoa).