
Espainiako, Aragoiko eta Nafarroako gobernuek eta Geolcali enpresak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoak Auzitegi Gorenak tramiterako onartu ditu. 2024ko irailaren 30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen gure errekurtsoa baietsiz, eta horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Enpresa kontseilariaren 124E/2022 Foru Agindua eta Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen S3 zuzendari nagusiaren 56/2021 Ebazpena baliogabe eta indarrik gabe utzi zituen. Baliogabetze honek dakartzan ondorioen aurrean, honako hau adierazten dugu agiri hau sinatu dugun kolektibook:
Laburbilduz, Auzitegi Gorenak errekurtsoa izapidetzea onartu du, kasazio-interes objektiboa dagoela iritzita, bi gai hauei dagokienez:
- Informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituen 27/2006 Legetik eratorritako ingurumen-gaietan herri-ekintza gauzatzeari dagokionez, zehaztea ea posible den administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren bidean aurkaratze-arrazoiak erabiltzea, ingurumen-arauak haustean ez dautzanak.
- Autonomia Erkidego batek Autonomia Erkidego horren lurraldean kokatutako meatze-laukiei buruzko aurretiazko ikerketa baimen baten ondoriozko meatze-ustiapenerako kontsezioa emateko eskumena duen zehaztea, nahiz eta kontsezio hori Autonomia Erkidego baten baino gehiagoren lurraldea hartzen duen ustiapen proiektu bakar batena izan, eta, hala badagokio, kasu horietako eskumen araubidea zehaztea.
Hurrengo izapidea izango da errekurtsogileek, gobernuek eta enpresek kasazio-errekurtsoa bera aurkeztea. Horretarako, 30 eguneko epea dute, Auzitegi Gorenaren autoa helarazten denetik aurrera.
Etekin ekonomiko pribatu eta espekulatiboei lotuago dauden eta komunikabide batzuetan islatu diren gaizkiulertuak edo interpretazio interesdunak saiheste aldera, argitu nahi dugu Auzitegi Gorenak errekurtsoa izapidetzeko onartu izanaren benetako kontakizuna goian adierazitako bi puntuak direla, eta, horiei garrantzia kendu gabe, ez dituztela ezkutatzen edo konpontzen Mina Muga ustiatzeko proiektuari buruz indarrean ez dauden baimen askoren falta eta gabeziak. Horietako batzuk aipatuko ditugu: baliogabetuta dauzka Undués de Lerdako meatze-ahoaren lizentzia eta Zangozako fabrikaren lizentziarako hirigintza baimena. Dagoeneko eskatu dugu fabrikako jarduera eta obra lizentzia baliogabetzeko. Era berean, geldirik dago nahi duten onura publikoko mendien inbasioa.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari buruzko iritzirik eman, kasu honetan, Ministerioaren ebazpen bat denez, Madrilgo Auzitegi Nagusiaren eskumena delako.
Aurretiazko izapidetze fase baten aurrean gaude, eta arrazoia emanez gero ere, administrazio eta ingurumen kontu guztiak geratzen dira: Ingurumen Inpaktu Adierazpena, etab. Horiek errekurrituta daude eta ebazteke daude.
Komunikatu hau sinatzen dugun kolektibook gure batasuna mantentzen dugu eta lanean jarraitu nahi dugu gure lurraldearen eta ingurumenaren beharrezko eta ezinbesteko borrokan eta defentsan, Nafarroatik eta Aragoitik kanpoko interesei lotutako meatze-estraktibismoaren espekulazio proiektu honen aurrean.
Ecologistas en Acción, Bal D’onsella eta Erreniega Meategien Aurkako Plataforma eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.