
Azken urteetan nabarmen ugaritu dira biometanizazio plantak Nafarroan, Europako diru-laguntzek bultzatuta. Baina benetan irtenbide jasangarriak dira? Mikel Saralegi eta Jule Goñi, Sustrai Erakuntzako kideak, Euskalerria Irratiko estudioan egon ziren hori buruz elkarrizketa sakon bat egiteko. Eta han biogasaren atzean dauden interesak, arriskuak eta ondorioak aztertu zuten, hemen entzun dezakezun moduan…
Biometanizazioa energia ekoizteko modu berri bat garatzeko saiakera da, berriztagarritzat jotzen dena, gure gizarteak egiten duen kontsumo izugarria asetzen saiatzeko. Europan, bereziki Ukrainako gerraren ondoren, Errusiako gasarekiko mendekotasuna murrizteko estrategien barruan, teknologia honek bultzada handia jaso du, baita diru-laguntza publikoen bidez ere. Nafarroan sei planta sortu dira azken urteotan, hauetatik lau pribatuak, enpresa handien interesak erakarriz.
Egoera honen aurrean, Sustrai Erakuntza fundazioak txosten berria aurkeztu du: “Biometanizazio planten booma Nafarroan. Haien hondakinek gure lurrak kutsatuko dituzte”. Mikel Saralegik, gure kidea, hau esaten du elkarrizketan: “berriztagarria izateak ez du automatikoki esan nahi jasangarria denik. Funtsezko galdera planteatu beharra dago: zein da lehentasuna, energia sortzea ala lurzoruaren eta uraren osasuna babestea?”
Arazo nagusietako bat erabilitako materiaren jatorria da. Abeltzaintzako hondakinekin batera, beste industria batzuetako hondakinak nahasteak arriskuak ekar ditzake, hala nola, metal astunen edo antibiotikoen presentzia, Eta dena hori nekazal lurretan bukatzen da zeren eta biometanizazioa bukatzen denean hondakin kantitate handia geratzen da, eta hori lurzoruetara botatzen da, ongarritzeko. Gainera kontutan eduki behar da, prozesuak ez ditu nitratoak ezabatzen, eta lurzoruan pilatzeak eta akuiferoetara iristeak ingurumen arazo larriak sor ditzake.
Horren adibide da Valle de Odietako kasua, non digestatoaren kudeaketa desegokiak kalte handiak eragin zituen Aragoi ibaian. Agerian geratu zen halako instalazioen kontrol falta eta ondorio kaltegarriak. Bestalde, biometanizazio plantak sarritan abeltzaintza industrialarekin lotzen dira. Jule Goñi, gure kidea ere: “Tokian tokiko hondakin nahikorik ez dagoenez, beste eremu batzuetatik ekarri behar izaten dira, eta horrek makro-ustiategien sorrera bultzatu dezake inguruan. Horrela, energia ekoizteko eredua bera beste industria eredu intentsibo batzuekin uztartzen da eta erakartze-efektua sortzen da”.
Herritarren artean kezka eta erreakzioak ere piztu dira. Informazio falta salatu dute, eta azken hilabeteetan mobilizazio ugari deitu dituzte, Nafarroako Gobernuari moratoria eskatuz, halako proiektuen inpaktuak sakon aztertu arte.

(Testua, Euskalerria Irratiko webgunetik hartu dugu, eta moldatu hemen jartzeko. Mila esker Euskalerria Irratiari hain elkarrizketa sakona eta polita egiteagaitik!!)