
Artikulu honetan Itza eta Sakanako AHTren proiektuaren dokumentaziotik atera ditugun planoak erakutsiko ditugu, duela gutxi jendaurrean jarritakoak. Hemen trazaduraren hasierako zatia erakusten da, alternativa bakarra duena, Aldaba eta Hiriberri Arakil artean. Ondorengo sarreretan ibilbideko gainerako zatiak erakutsiko dira.
AHT Itzan
Etxabakoitzen aurreikusitako geltokian hasita, Itzako Zendean zehar 6 km-ko plataforma berri bat eraikiko litzateke, zabalera estandarra duten bi trenbiderekin (1.435 mm-ko zabalera errailen artean). Bi bide horiek jartzeko plataformak 14 metroko zabalera izango lueke guztira (Bukaeran, plataformak hartzen duen zabaleraren irudia ikus daiteke, 2+1 formatuan. Hor sartzen da ere oraingo trena, eta, beraz, eremu honetakoa baino zabalagoa da).


Aldabako herrigunetik 350 metrora eta Arizko herrigunetik 600 metrora igaroko da. Leku horietan eragin akustiko handia izango luke.
158 metroko tunel faltsu bat eraikiko litzateke Aldaba eta Ariz arteko baso eta sastraka eremu batean. Eta bi tunel: lehendabizikoa 1249 metrokoa, Arizetik gertu, Zabalgaña mendilerroaren ipar-ekialdeko magalean, eta bigarrena, 1889,2 metrokoa, Bizkai mendia zeharkatuko lukeena, Itza eta Arakil arteko muga egiten duena. Azken horrek larrialdi-irteera, 500 m2-ko bi ebakuazio-eremu eta sarbideak lituzke. Halaber, azpiegiturak zubibide bat eta azpiko pasabideak izango lituzke. Horrek guztiak egungo errepide eta pistei eragingo lieke.


Plataforma berriak 325.126 m2 beharko ditu gutxienez, desjabetu egingo direnak. Zereal laboreak, zuhaitiak, larreak, egungo errepideak eta bi aztarnategi arkeologiko kaltetuko lirateke.
AHT Arakilen, Hiriberriraino
Izatik Hiriberri-Arakileraino iristen den plataforma berria eraikiko litzateke Arakilen zehar.
Zabalera estandarra (1.435 mm) duten bi erraileko plataforma berria Errotz Urritzola eta Arakil ibaien artean sartuko litzateke Arakil ibarrean. Plataforma berriak 14 metroko zabalera hartuko luke. Errotz, Izurdiaga eta Urritzolako herriguneetatik 200 metrora igaroko litzateke. Horretarako, Arakil ibaiaren gainetik igaro beharko litzateke, 596 m-ko zubibide baten bitartez.



Ekai, Zuhatzu eta Satrustegi eta autobiaren artean dauden lurretan zehar jarraituko luke. Honela, hesi bikoitza sortuko litzateke. Herrietan inpaktu akustikoa egongo litzateke, plataforma Ekai, Zuhatzu eta Satrustegitik 200 eta 300 metro bitartean igaroko litzatekeelako.


Hainbat tunel eraikiko lirateke. Horien artean, aipatzekoak dira Errotzen eta inguruetan pilatzen direnak: 329 metroko tunel bat (Tejar/San Clemente mendia zeharkatuko lukeena) eta 431 metroko beste bat (Urritzola parean). Era berean, zubibide zenbait eraikiko lirateke, eta luzera handiko bi gailenduko lirateke: lehen aipatu duguna, 596 metrokoa, Arakil ibaiaren gainetik, Izurdiaga parean, eta 580 metroko beste bat, autobiaren gainetik, Hiriberrira igarotzeko eraikiko luketena. Honekin batera, larrialdietarako sarbideak, biaduktuak eta pasabide txikiak.

Hiriberrin, AHTaren plataforma berria egungo trenaren plataformaren ondoan kokatuko litzateke, beraz, zati honetan gaur egungo zabalera iberikoko trenbidea (1668 mm errailen artean) eta ondoan abiadura handiko bi trenbideak egongo lirateke, Irañetako mugaraino. Honek 20,5 metroko zabalera duen plataforma handi bat osatuko luke (2+1 formatua, ikusi ondoko irudia).
Guztira, 671.427 metro karratu izango lirateke kaltetuak Arakilen. Heren bat soroak eta bazkalekuak dira, eta zuhaitz-azalera handia dute.

