Duela gutxi, David Zabalza ANETeko Logistika Ataleko lehendakariordearen artikulua irakurri dugu. Artikulu horretan, gaur egun merkantziak trenbidez garraiatzeak dituen arazo guztien berri eman digu, eta, arazo horiek konpontzeko, Prestazio Handiko Trena, TAP (betiko Abiadura Handiko Trenaren mozorroa) Nafarroan ezartzea proposatu du.
Zabalza jaunak adierazitako arazoak aspalditik ezagunak dira, eta jakina, Prestazio Handiko Trenarekin ere mantenduko dira, beste arazo batzuek izateaz gain. Hala, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren “2017. urteko merkantzien tren bidezko garraio-merkatuari buruzko txostena” izenekoak argi eta garbi azaldu zituen zeintzuk diren trena merkantziak garraiatzeko horren gutxi erabiltzeko arrazoiak.
Arazo nagusia trenbideak fabrika eta industrialdeetan sarbidea ez izatea da. Estatu espainarrean hori bakarrik gertatzen da 193 tokietan; aldiz Frantzian edo Alemanian 2.000 dira. Esanguratsua da Nafarroan Imarkoaingo Garraio Hiriak intermodalitatea ahalbidetzen duen trenbide-terminalik ez izatea, eta ez dirudi izango duenik. Erabilera horretarako gordeta zegoen lursailean Iruñerriko hondakin planta eraiki nahi dute.
Hala ere, Prestazio Handiko Trenean merkantziak garraiatzen saiatzea Afrikako sabanan ñuen ihesaldi baten erdian elefante bat sartzen saiatzea bezala da, oso zaila. Zaila den bezala, 300 km orduko bidaiari-trenak igarotzen diren bide batean, 100 km orduko merkantzia-trenak sartzea. Azken hauek aukera gutxi izango dute pasatzeko, eta bazterbide asko beharko dituzte bidaiarien tren azkarrak pasatzen uzteko.
Estatu espainiarrean, Bartzelonako portuaren eta Figuereseko Frantziako mugaren arteko trafiko mistoko Abiadura Handiko linearen adibidea dugu. Bertan neurri batean operatzen zuen TP-Ferro enpresa pribatuak, haren jarduera hasi eta gutxira, hartzekodunen konkurtsoan deklaratu behar izan zuen.
Sektoreko hainbat erakundek, hala nola Espainiako Logistika Zentroak edo Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioak berak, zalantzak erakutsi dituzte. Hitzaldi ugaritan Ramon Garcia Garciak, berrikuntza eta proiektuen zuzendariak, jakinarazi duenez, Abiadura Handia eta merkantziak nekez bateragarriak dira. Hori gertatzen da Abiadura Handiko trenbideak bidaiariek erabil ditzaten diseinatzen direlako, eta horietan merkantziak ere sartuz gero, arestian aipatutakoaz gain, “mantentze kostua izugarria izango litzateke“, hitzez hitz Ramon Garciak dioen bezala.
CEOEk ere antzeko zerbait adierazi zuen bere garaian, 2009ko garraio-sektoreari buruzko memorandumean (PDF). Haren iritziz, erabilera mistoko mota honetako lineak “ez direla inolaz ere linea fidagarriak eta merkantziak garraiatzeko egokiak“. Edo Ekonomia Aplikatuko Ikasketen Fundazioak berak (FEDEA), non Espainiako Bankuak parte hartzen duen, behin baino gehiagotan adierazi du: “Azken urteotako trenbideko kilometro-kopuruaren gorakada Abiadura Handiko trenari lotuta egon da, eta, beraz, gutxi lagundu du merkantzietarako azpiegituren kalitatea hobetzen. Are gehiago, Abiadura Handiko Trenerako inbertsioak tren konbentzionaleko sarea garatzeko eta mantentzeko inbertsioak zurrupatu ditu”.
Bistan da beharrezkoa dela bidaiarien eta merkantzien garraioa modu bateragarrian eta sostengarrian ahalbidetuko duen azpiegitura bat. Eta hori egin eta egiten jarraitzen duena trenbide konbentzionala da, arrazoizko kostuarekin eta ingurumen-inpaktu txikiagoarekin.
Eta sare konbentzional horrek behar duena da bere modernizazioa, hala nola, bere ardatz-zabalera Europako zabalerara egokitzea, interoperabilitatea ahalbidetzeko, adibidez hirugarren erreiaren teknologia erabiliz. Eta intermodalitatea indartzea ere behar dugu, trena industrialdeetara hurbilduz, eta trenetan eta terminaletan inbertituz.
Baina ez hori bakarrik. Kamioiez gain errepideetatik autoak atera ahal izango dituen tren bat behar dugu, herritarrei zerbitzu ona eskainiz, distantzia luze eta laburretan. Zerbitzu iraunkor bat eman dezala zeharkatzen dituen herrietatik, geltoki eta geraleku gehiagorekin, eskualdeen despopulazioa eragotzi eta lurraldea egituratuko duena.
Gure trenbide-sarea dagoeneko pentsatuta dago bide bikoitza jarri ahal izateko, desjabetzerik gabe, lur emankorrak edo komunalak kendu gabe eta parke naturalak zeharkatu gabe. Beraz, erraz hobetu daiteke, eta merkantziak eta bidaiariak eramatea lortu.
Prestazio Handiko Trenak ez du merkantziarik garraiatuko. Fisikoki bitan zatituko du lurraldea iparraldetik hegoaldera, eta Iruñeak bakarrik izanen du geraleku bat. Abiadura Handiko Trenak esan nahi du egungo azpiegitura bikoiztuko dela prezio desorbitatu batean, daukaguna egokitu beharrean. Milaka nafar gara jada trenaren beharra gero eta argiago ikusten dugunak. Hori bai, ekonomikoki bideragarria, pertsonei eta merkantziei zerbitzu zabala emanen diena eta lurraldea errespetatu eta trinkotzen duena. Azken finean, tren publiko eta sozial bat.
Martín José Zelaia García, Sustrai Erakuntza fundazioko kidea.
Nota: iritzi artikulu hau Sustrai Erakuntza fundazioak orain egiten ari duen txosten baten laburpen txiki bat da. Txostenean Abiadura Handiko Trena merkantziak garraiatzeko dituen arazoak jorratuko dira, tartean eta bereziki Nafarroan daudenak. Eta hemen duzu Iritzi artikulu honen bigarren atala, Nafarroari begira (gazteleraz bakarrik, barkatu).