
Gaur, apirilak 27, Viana, Los Arcos, Lodosa, Sesma, Arroitz, Mendavia, Cintruenigo, Sartaguda eta Murillo el Cuendeko biometanizazio-makroplanten kontrako herri-plataformak biltzen dituen koordinakundeak Parlamentuko talde politikoei zuzendutako idazki bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan.
Iaz, herri-plataformek jada bi urteko luzamendua eskatu zuten biometanizazio-plantak ezartzeko, eta une hartan izapidetzen ari ziren planta guztiei eragingo zien. Helburua zen gai honen inguruko plangintza demokratikoa egitea, baldintza eta bermeekin, arrazionaltasunean, benetako premien ezagutzan eta eragindako sektoreen parte-hartze eraginkorrean oinarrituta.
Hala ere, 2025eko urrian, Parlamentuak luzamendu bat onartu zuen, zeinak hasierako aldarrikapenak urardotzen baitzituen. Iraupena 12 hilabetera murriztu zuen, edo eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko foru-araudia onartu arte. Eta izapidetzen ari ziren proiektuei buruzko diagnostiko tekniko bat egitera, proiektuen inpaktuak aztertzera eta plangintza orekatua eta iraunkorra bermatzeko gomendioak aurkeztera mugatu zen.
Tokiko plataformen iritziz, egoera oso kezkagarria da arrazoi hauengatik: Ez dira ezagutzen Nafarroako Gobernuak plangintza jasangarri baterako diagnostiko, inpaktu edo gomendioen arloan egin ahal izan dituen ekintzak. Horrez gain, luzamendua datozen hilabeteetan amai daiteke, lehen adierazitakoagatik. Horrek gaur egun etenda dauden proiektuak aktibatuko lituzke, eta horiei Erriberan jada iragartzen ari diren beste proiektu batzuk gehituko litzaizkieke.
Honen guztiaren aurrean, herri-plataformek uste dute asko dagoela egiteke, biometanizazioaren aukerak lurraldeei, lehen sektorearen bideragarritasunari eta lurraldeetako bizi-kalitateari kalterik ez eragitea nahi badugu. Hori dela eta, talde politikoek aintzat hartzeko proposamenak jasotzen dituen idazki bat erregistratu dute Parlamentuan, hiru eskakizun nagusirekin:
1/ Beste luzamendu bat onartzea edo oraingoa luzatzea.
Denbora eta espazioak behar dira prozesu honi benetan ekiteko, lurralde-, ingurumen- eta gizarte-bermeekin. Asko dira egiteke dauden zereginak: tokiko beharrak aztertzea, eragindako sektoreen parte-hartzea, plangintza demokratikoa, sektorerako berariazko araudi baten beharra, eta une honetan falta diren ikuskapen, zaintza eta kontrol-mekanismo eraginkorrak. Egungo luzamendua ez da nahikoa honetarako. Gutxienez beste bi urteko moratoria beharko litzateke.
2/ Nekazaritzako lurzorua eta akuiferoak babestea.
Prozesu honetan, interes orokorra lehenetsi behar da, enpresa sustatzaileen interesen aurretik. Gure lurzoruen, ibaien eta akuiferoen kalitatea zaintzea, bai eta lehen sektorearena ere, kalitatezko elikagaiak ekoizteko orduan, estrategikoa da beste edozein interes pribaturen edo industria-jardueraren aurrean, hala nola energia-ekoizpenaren aurrean.
3/ Hurbiltasun-eredua.
Kalitatezko nekazaritza eta abeltzaintza biometanizazioaren erabilerarekin bateragarri egiteko ereduak deszentralizatua eta autosufizientea izan behar du, hondakinen sorreraren eta aprobetxamenduaren arteko hurbiltasuna ziurtatuko duena, tokian tokiko nekazaritza eta abeltzaintzaren beharrei erantzunez. Tamaina handiko makroplantak instalatzearen aurrean zuhurtasun-printzipioa ezarri behar da. Planta hauek nekazaritza eta abeltzaintzatik ez datozen hondakinak ere nahasten dituzte, eta hauek garraiatzean distantzia luzeak egin behar dira. Horrez gain, nitratoek eragindako kutsaduragatik berez kalteberak diren eremuetan ingurumen-kalte handiak izateko arriskua sortzen dute.
Honaino, Nafarroako Parlamentuko talde politikoei igortzen zaizkien gogoetak, aintzat har ditzaten haien legegintza-jardueran. Baina, aldi berean, plataformen koordinakundeak herritarrei dei egiten die dagoeneko kaltetutako herrietan egiten ari diren ekintzetan parte har dezaten. Eta, aldi berean, Nafarroa osorako garrantzitsuak diren bi ekitaldi hauetan parte hartzera animatzen dute, datozen egunetan egingo direnak:
- Maiatzak 6, asteazkena: Antonio Turielek emango du hitzaldia, “Berriztagarriez hitz egiten. Biogasa Nafarroan: konponbidea ala arazo berria?”. 19:00 Txantreako Salestarren Komunitate Zentroan (Cuenca kalea, 24, Iruñea).
- Maiatzak 10, igandea: “Lurraren defentsan, STOP macroplantas BIOGÁS” manifestazioa, 12:00etan, Iruñeko Baluartetik abiatuta.
Biogas Macroplantak Stop Plataforma nafarrak
