
Duela gutxi, Europako Batzordeak izaera estrategikoa eman berri die Europako hainbat lurraldetako erauzketa-proiektuei. Helburua da trantsizio energetiko eta digitalerako zein industria militarrerako estrategikotzat jotzen diren mineralak azkarrago lortzea. Proiektu estrategikotzat jotzeak ustiapen-baimenen tramitazio bizkorra ahalbidetzen du, eta tokian tokiko herrien parte-hartze eraginkorra eragozten du.
Proiektu horiek ere lehentasunezko estatusa izango dute prozesu administratibo eta judizialetan, eta Europako Batzordearen laguntza jasoko dute finantzaketa lortzeko. Beste alderdi oso kezkagarri bat da “mineral kritiko” deiturikoen aztarnategien zati handi bat Babes Bereziko Eremuen barruan edo gertu dagoela, hala nola Natura 2000 Sarea. Hautatutako proiektuak “interes publiko gorenekotzat” jo ahal izango direla, natura babesteko ingurumen-zuzentarauen aplikazioa ahulduz.
Horren aurrean, Europa osoko 200 erakundek baino gehiagok, horien artean Sustrai Erakuntza Fundazioa, Europako Parlamentuko presidenteari eta talde politikoei bidalitako gutun baten bidez salatu dugu proiektu horiei buruzko oinarrizko informazioa ezkutatu egin dela, eta informazio publikoa eta ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea aldarrikatu dugu.
Era berean, prozedura horren gardentasunik ezak dakar proiektu jakin batzuei pribilegio ekonomiko eta administratiboak ematea, hala nola baimenak emateko tramitazio bizkorra. Gainera, informazioari, parte-hartzeari eta ingurumen-justiziari buruzko Aarhuseko Hitzarmena urratzen du.
Gutun hau sinatu dugun erakundeok uste dugu mineral kritikoei buruzko egungo politikek, trantsizio ekologiko justua bermatu beharrean, dauden gizarte- eta lurralde-desberdintasunetan sakontzen dutela eta klima-politikekiko desafekzioa areagotu dezaketela. Halaber, ez dute konpontzen, baizik eta Hego Globalaren baliabideen espoliazioan sakontzen dute, herri indigenen eta herrialde horietako tokiko komunitateen eskubideak bermatu gabe.
Horregatik guztiagatik, hautatutako proiektu estrategikoak berrikustea eskatzen dugu berehala, horrela bermatu ahal izateko ez dela kalifikazio hori jasoko ingurumen- eta gizarte-jardunbide txarrak dituen proiekturik, ez naturagune babestuetan kokatutako proiekturik, ez eta erauzketa-jarduerekin bateraezina den babesa merezi duten proiekturik ere. Era berean, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela lehengai mineralei buruzko politiketan 180º-ko bira egitea, metalen eskaera murriztea eta birziklatzea lehenesteko, eta herritarren eta haien ingurunearen ongizatea erabakiak hartzeko erdigunean jartzeko.
Nafarroan ez da idatzi honetan salatzen den moduko lehentasunezko proiekturik izendatu. Hala ere, ingurumenean eragin larriak dituzten bi meatze-proiektu garrantzitsu izapidetzen ari dira. Muga potasia-meategia, Zangozan, Xabierren eta Zaragozako probintzian, multinazional australiar batek bultzatua. Baita Magnesitas Navarras SA (MAGNA) multinazionalak Erdiz inguruan, Baztan eta Esteribar artean, sustatzen duen magnesita-meategia ere. Nafarroako Gobernuak foru intereseko proiektu izendatu ditu bi proiektu horiek, eta beren abal eta bultzada guztiak dituzte. Eta biek eragin negatibo garrantzitsuak izango dituzte lurraldean, eta, horregatik, Sustrai Erakuntza fundaziotik uste dugu horiek ere geldiarazi egin behar direla.