Nafarroako Parlamentuak, zehazki Mugikortasunerako Batzorde Txostengileak, Sustrai Erakuntza gonbidatu du egiten ari omen diren saio batean parte hartzeko… Taupadak Eguzki Irratiko irratsaio honetan entzun dezakezu ere gure iritziak (erdaraz, 42 minutuan hasten da):
Sustrai Erakuntzak adierazi nahi du ez duela parte hartuko aipatutako Batzorde horretan. Erabaki honen arrazoiak dagoeneko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi Olaizola jaunaren zein Sustapen Ministro Iñigo de la Sernaren ahotik entzuten ari gara behin eta berriz.
Zertarako balio ote du Mugikortasunerako Batzorde batek erabakiak hartuak izan badira Legegintzaldi honen lehen egunetik eta urratsez urrats burutzen ari badira, batzuetan publikoki, eta besteetan, pribatuki? Ez da Sustrai Erakuntza esanen duenik Parlamentuaren Ponentzia asko helbururik gabeko tramite hutsak baino ez direla.
Legegintzaldi honen hastapenetan, 2015eko uda aldera, Nafarroan behar dugun tren ereduaren inguruko Akordio Programatikoaren zehaztugabetasuna ikusita, Sustrai Erakuntzak ahaleginak eta bi egin zituen Parlamentuan martxan jartzeko “Batzorde Txostengile bat tren ereduari buruz”. Asmoa ondokoa zen: Batzorde hau tresna tekniko, politiko eta soziala bihurtzea alde batetik, egungo tren ereduaren diagnostikoa egiteko (pertsonak zein merkantziak) eta bestetik, aukera eta alternatiben inguruan hausnartu egungo eredua eraginkortasunez hobetzeko.
Sustrai Erakuntzaren helburu zehatza zen (eta da) trena bilakatzea nafarrentzako garraio eredu publiko eta sozialaren muina. Proposatzen dugu aztertzea nola sustatu trena eskuragarriago, erabilgarriago, ekonomikoago eta moldakorragoa izan dadin. Azken finean, trenaren aldeko apostu irmoa egin etorkizunerako gakoa delakoan.
Hau guztia lortzeko hainbat perspektiba kontuan hartu behar dira: errentagarritasun ekonomikoa, ingurumen eragina, interes soziala, genero perspektiba, motxila energetikoa, lurralde orekaren hobetzea… Horretarako, gure planteamendua asmo handikoa zen: bide orria marraztu gai nagusiak identifikatu eta aztertzeko, eta horrekin batera, adituak ekarri horien inguruan hausnartzeko. Ezinbestez prozesu hau derrigorrezko oinarria zen geroxeago erabaki politikorik onenak hartu ahal izateko.
Garai hartan jakinarazi zen Geroa Bai alderdiak uko egiten ziola Batzordea osatzeari, tren ereduari buruz eztabaidatu nahi ez zuelako.
Hilabete batzuk beranduxeago, 2015eko udazkenean, Nafarroako Gobernuak, munduko 100 herrialdeekin batera, akordio bat sinatu zuen gasen isurketa %80an murrizteko 2050erako. Dakigunez, garraioa da energiaren erabilera gehien handitu duen sektorea azken urteotan, eta denon artean ordaintzen dugun energiaren kostu ekonomikoaren erdia suposatzen du. Nafarroako Gobernuak hitzeman zuen, publikoki eta nazioartean, isurien %80 murrizteko, eta ondorioz, garraioa konpromezu honen jomuga bihurtu beharko zen. Horregatik, Sustrai Erakuntza beste behin ere saiatu zen “mugikortasunerako ereduari buruzko Batzorde” bat eratzea, eta hori errazte aldera, “trena” madarikatutako hitza kendu egin genuen.
Batzordea onartu egin zen eta ofizialki eratu, Carlos Couso (Ahal Dugu) presidente izendatuz. Sustrai Erakuntza Fundazioak alderdi politiko ezberdinei helerazi zien bide orri baterako proposamen/zirriborro bat hainbat gai eta perspektiba jorratzeko, aldez edo moldez erakutsiz gure jarrera elkarrekin lan egiteko positiboki.
Harrezkeroztik hilabeteak eta hilabeteak joan dira eta Mugikortasunerako Batzordea geldirik egon omen da. Eta omen diogu Sustrai Erakuntzak ez baitu horren berririk izan. Halako batean komunikabideen bidez enteratu egin ginen Mugikortasunerako Batzorde horretara joan egin zen lehen pertsona Garapen Ekonomikorako Manu Ayerdi Olaizola jauna izan zela.
Fundamenturik gabeko egoera hau gertatu bitartean, egungo Nafarroako Gobernuak jarraitu egin du aurrerapausoak ematen, batzuentzat Abiadura Handiko Trena eta besteentzat Prestazio Handiko Tren bera, bultzatzeko. Izan ere, Proiektu hau lau zatitan antolatuta dago, eta burokratikoki bada ere, laurak martxan daude jadanik. Hau marka hau!, kontuan hartzen badugu proiektu zahar hau orain dela 20 urte inguru asmatu zen eta legegintzaldi honetan hainbat urte geldirik egon da.
Duela gutxi, eta zurrumurruen arabera (informazio gardena ez dagoenaren seinale) Mugikortasunerako Batzordeak bizkortu du bere jarduera. Testuinguru honetan, Sustrai Erakuntzak jaso egin du gonbitea joateko, hori bai, korrika eta presaka eta ezagutu gabe orain arte jorratutakoa. Gauzak horrela, zeharka jakin izan dugu Batzordeak interes handia duela behin betiko txostena idazteko bi hilabete baino lehen.
Honek guztiak bat egiten du PNV-EAJ eta PPren arteko hainbat negoziazioekin. Ingurumari honetan, Sustapenerako Ministro Iñigo de la Sernak eta Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi Olaizola jaunak iragarri zuten “ekimenen uholde bat” Nafarroan AHTren inguruan hemendik udara bitartean. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak jarraitzen du garatzen eta ematen Sustapen Ministerioari AHT/PHTren proiektu konstruktiboak 330km/orduko trenetarako Olite/Tafalla aldean, Estatua eta Nafarroaren arteko Konbenioa AHT egiteko “hautsita” omen dagoenean…
Eta hainbeste kointzidentzia gutxi ez balitz, une honetan Nafarroako Gobernuak burokratikoki abian ditu AHT/PHTren zati guztiak. Etxabakoitzeko AVE (Espainiar Abiadura Handia)ren geltokia falta da, garapen urbanistikoarekin edo gabe. Behar izanez gero, tren konbentzionalerako geltokia eginen dute, eta gero, iritsiko da AVErena…
Mugimendu guzti hauen erdian Mugikortasunerako Batzordea jarri da martxan. Ez dakigu zeintzuk diren helburuak, zein den bide orria… Ez dakigu zergatik duten hainbeste presa bukatzeko orain arte geldirik izan dutenean. Ez dugu ezagutzen nork parte hartu duen eta zein txosten eskatu egin diren…
Hori bai, oso argi daukagu tren eredua, eta beraz, mugikortasunerako eredua, ez direla erabakiko Batzorde honetan. Jakin badakigu legegintzaldi honetan “Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko bide orria” eta “III Plan Energetikoa Nafarroa 2030” garatu egin direla eta Plan bietako inon ez da aipamen txikienik ere egiten Nafarroak behar duen tren ereduari buruz, mugikortasuna konponbidearen ezinbesteko protagonista delarik.
Bai, hauxe izan behar zen PSIS (Udalerrien gaineko Plan Sektoriala)en desagerpenaren legegintzaldia. Helburua hau lekutan geratu da. Legegintzaldi honetan bi PSIS esanguratsuen helburuak beteko dira, Etxabakoitzeko eta Baztango Aroztegiakoa.
Sustrai ez da joanen Parlamentuaren Mugikortasunerako Batzordera. Konklusioak idatzita daude. Guk jarraituko dugu lanean astakeri hau geldiarazteko. Etorkizuna hemen dago, Prestazio Handiko Trena diru publikoa da pentsioak bezainbeste.
SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
www.fundacionsustrai.org – www.sustraierakuntza.org
sustraierakuntza@gmail.com