Azken asteotan, Abiadura Handiko Trenaren Zero Zatiaren eraikuntzaz asko hitz egin da, Castejonen aurrera eramatekoa dena. Azpiegitura honek Ebro ibaia zeharkatuko luke 700 metro luzeko bidezubi batekin. Bidezubia ohiko trenarekin lotzeko 4 kilometro inguruko bide zatia eraikiko lukete Tutera eta Zaragozarako norabidean. Albisteen arabera, obra hauek 2023an hasiko lirateke.
Hala ere, neurri handi batean, oraindik tramitatu ere egin ez den proiektua da, eta duela gutxi aurkeztu da lehen proiektua. Sustrai Erakuntza Fundazioak horren berri izan du, eta beherago gazteleraz aurkezten diren alegazioak garaiz aurkeztu ahal izan ditu.
Ikusiko duzuenez, berriro ere ingurumen- eta gizarte-inpaktu larriak dituen azpiegitura baten aurrean gaude. Hamaika aldiz argudiatu dugun bezala, Abiadura Handiko Trena Nafarroan ez da batere beharrezkoa, gaur egun jada inguru horietan dabilen trenbide bat baitago, herri berberak lotzen dituena. Trenbide hau arazo handirik gabe hobetu eta modernizatu daiteke, askotan frogatu dugun bezala, eta asko dira aurkeztu ditugun alegazioak.
Bitartean, AHTren eraikuntzak egun hainbat herri konektatzen dituzten zerbitzuak okerrera joatea eragiten du. Obrak hastearekin batera, trenbidea garraiobide gisa erabiltzeko aukera galduko lukete herri askok. Adibidez, Castejónen kasuan, Zero Zatiaren eraikuntzarekin geltoki horretan dauden zerbitzu asko galduko lirateke.
Zero Zatia, gainera, sortu zenetik erabat alferrikako azpiegitura da, izan ere, behin-behineko lotura besterik ez baita izango Abiadura Handiko Trena eta ohiko trenbidearen artean, egungo plangintzaren arabera. Bitartean, Gobernuak AHTa Zaragoza eta Castejon artean eraikitzeko tramitazioekin jarraitzen du.
Ekonomia eta ingurumen krisiak gero eta nabariagoak diren garai hauetan, bada garaia gobernuek benetako funtziorik betetzen ez duten azpiegituretan gastatzeari utz diezaioten. Planetan sortzen ditugun ingurumen inpaktuak gutxitzea ezinbestekoa da, eta horretarako, Nafarroan Abiadura Handiko Trena eraikuntza bertan behera uztea beharrezkoa da, Sustrai Erakuntza Fundazioak egin dituen eta jarraian aurkezten diren alegazioetan azaltzen diren arrazoiengatik.