Nafarroako Gobernuak hilaren 30ean bukatuko den parte-hartze prozesu bat aurkeztu du, Nafarroako Plan Energetiko berriaren zirriborroa eztabaidatzeko. Prozesu honek hilabete t’erdi bat baino zertxobait gehiago iraun du, 600 orrialdeko dokumentu bat aztertzeko eta beroni ekarpenak eta alegazioak aurkezteko. Dokumentu luze honen eskemak egun indarrean dagoen plan energetikoarenarekin antz handia du eta honako gaiak aurki daitezke: produkzio elektrikoa, energia eolikoa, biomasaz sortutakoa, elektrizitate eta gas hornikuntzarako sareak, mugikortasuna eta honen energiarekiko erlazioa eta, azkenik, komunitate energetikoaren eta auto-konsumoaren gaiak jorratzen dituzten kapituluak.
Planaren hasieran, honako egiaztapen hau aurki dezakegu: azken urteotan, negutegi efektua sortzen duten isurketak murrizteko aurrera eramandako politikek porrot egin dute, nahiz eta potentzia berriztagarriak eta efizientzia energetikoak Nafarroan gora egin duen. Datu hau ezagututa ere, Planaren zirriborroak joera kontinuista baten alde egiten du, isurketa hauek zergatik mantentzen diren, zein sektore edo ekintzatan sortzen diren, edota zer nolako errotiko neurriak hartu beharko liratekeen aztertu gabe, hauek murrizte aldera.
Era berean, Plan honek ez du ezer planifikatzen. Oligopolioarekin eta nahieran zabaltzen eta mozkin handiak pilatzen jarraitzen duten enpresa handiekin amore-emailea da, pobrezia energetikoa orokortzen doan heinean. Honek guztiak energia eredu demokratiko, publiko, unibertsal, deszentralizatua eta deskontzentratua martxan jartzea galarazten du.
Zirriborroaren irakurketa zehatz batek aditzera ematen du Plan honen muina azpiegitura berriak sustatzean datzala, mota guztietako produkzio energetikoaren alde eginez eta sortzen dituen inpaktuak aintzat hartu gabe. Horrenbestez, energia eolikoa jorratzen duen kapituluan, honakoa irakur daiteke:
“… helburu bezala ez da planteatzen gehieneko potentzia bat ezartzea, baizik eta ezarritako beharrezkotasunak betetzen dituzten proiektuen tramitazioa eta ezarpena. Sortze berriztagarriko 2.700 MWeko potentzia finala egingarria kontsideratzen da, egun dugun potentziaren 50%eko igoera suposatzen duena…”
Egiaztatzen da, beraz, enpresek egun arte aurkeztu izan dituzten makro-planta eolikoen proposamenek Gobernuak berak 2030ra arte (planaren azken data) garatzeko planifikazioan proposatukoa sobera gainditzen dutela. Honengatik, Nafarroako Gobernuak eolikoaren gaineko ezer planifikatzera uko egiten dio eta orain arte industriari “egiten uztearen” politika ofizialtzen du. Nafarroan benetan “planifikatzen” ari direnak enpresak dira, argi eta garbi bere interes propioei jarraiki. Gure mendiak eta lurrak azpiegitura energetikoz betetzen ari dira, hauek dakartzaten biodibertsitatearekiko (poligono eolikoek eragiten dituzten milaka hegaztiren heriotzak adibide bat besterik ez da) eta elikadura burujabetzarekiko (laborantza eremuetan poligono fotovoltaiko handiekin gertatzen den bezala) inpaktu negatibo larriekin.
Honelako zerbait gertatzen da azpiegitura energetikoak jorratzen diren kapituluaren zirriborroarekin. Bertan dakusagu Planak garraio eta hornikuntzarako linea elektrikoak aztertzen dituela, baina hala ere, ez dio inolako paragraforik eskaintzen energia berriztagarrien makro-poligonoek sortutako energia ebakuatzeko erabiltzen diren lineei. Tamalez, ebakuazio linea hauek distantzia handietan elektrizitatea garraiatzeko ohiko lineak baino handiagoak eta inpaktu handiagokoak izan litezkeela jakin badakigu. Honen adibide dira, esaterako, Forestalia enpresak Aragoitik Nafarroara eta Euskadira energia “berriztagarria” eramateko darabilen lineak, gure komunitate osoa zeharkatzen dituzten potentzia handiko linea luzeak izanik.
Gauza bera gertatzen da Castejongo Zentral Termikoekin: hauetarako ere ez da ezer planifikatzen. Ezaguna den bezala, zenbait auzitegik ilegal deklaratu dituzten instalazioak dira (aurreko Planari aurkeztutako alegazioetan jaso genituen sententzia hauek), eta hala ere, funtzionamenduan jarraitzen dute. Hauek eraiki zituztenetik gertatu izan den moduan, garai horretan indarrean zegoen Nafarroako Energia Planean ere ez ziren agertzen, ordutik hona Nafarroako Gobernuak ez du ezer erabaki eta enpresei “egiten utzi” izan die bakarrik, berauek mozkin erraldoiak atera dituztelarik azpiegitura ilegalak erabiltzen.
“Mugikortasun jasangarria” jorratzen duen kapituluak berez “kotxe elektrikoa” izena beharko luke izan, izan ere, honen interesik handiena garraiobide pribatu hau sustatzean baitatza. Ez du inolako neurririk bere gain hartzen egungo gizartean existitzen den gehiegizko mugikortasuna saiheste aldera. Garraiobide publiko eta kolektiboaren erabilpena sustatzeko neurririk ere ez dakar, prezio sozialekin, landa-erdiguneak eskualdeen hiriburuekin lotzea ahalbidetzen duena. Bere aldetik, Planak bi aipamen besterik ez dizkio egiten trenari, gaur egun energia berriztagarriekin funtziona dezakeen garraiobide bakarra, gure komunitatean elektrifikaturik baitago. Eta, nola ez, ez du trenbide eredua zalantzan jartzen, Abiadura Handiko Trenaren proiektua ontzat hartzen baitu. Honen aurrean, uste dugu nahitaezkoa dela Nafarroan gertuko trenbide zerbitzu egoki bat ezartzea (Ziordia-Castejon-Cortes eta Fitero-Castejon). Horretarako geltoki eta geraleku guztiak berrireki beharko lirateke eta zerbitzuen handitzea beharrezkoa litzateke, “Nafarrorako Tren Publiko eta Sozial baterako Proposamena 2019 – 2029” txostenean aztertu genuen bezalaxe.
Orain artekoarekin esan dezakegu Energia Plan honen zirriborroak egiazki gutxi planeatzen duela. Hala ere, badago planifikazio handirik, antza denez, oraindik probatuak izan ez diren energia motendako, hala nola, hidrogenoa energia bektore bezala. Planak ohikoak diren akatsak egiten ditu, izan ere, erregai fosilen parekotzat hartzen du hidrogenoa, „erregai“ bezala definituz. Beharrezkoa da, puntu honetan, gogora ekartzea “berde” izenondoa gaineratzen zaion hidrogeno kantitate txikiak produzitu ahal izateko, elektrizitate berriztagarrizko kantitate handiak kontsumitu behar direla. Hidrogenoak, beraz, energia berriztagarria metatzeko balio du, baina prozesu honek inbertitutako energiaren %50 – %70eko galerak suposatzen ditu. Era honetan, beharrezkoa litzateke energia berriztagarrien bilketarako plantak bi baino gehiagoz biderkatzea, baldin eta hidrogenoaren produkziorako erabiliko badira. Azterketa honek ez du inolako tarterik Planaren zirriborroan, hidrogeno berdearen inguruko enpresa askoren eraikuntza defendatzen duen bitartean, zeinak oraindik areagotuko lituzkeen poligono eoliko eta fotovoltaikoen instalazioak.
Planaren zirriborroak intzidentzia jartzen du abeltzantza industrialeko purinetatik zein hiriko hondakinetatik biogasa ateratzeko azpiegitura berrien balizko ezarpenean. Honela, testuak gogora ekartzen digu Iruñerriko Mankomunitatearen proiektua, hondakin organikoetatik metano gasa erauztekoa, Imarkoainen ezarriko litzatekeen hondakinen makro-planta batean. Bestetik, Valle de Odieta enpresak kudeatzen duen Kaparrotsuko makro-etxaldeak biogasaren produkzioa handitzeko eta zuzenean gasbideen sarean injektatzeko duen proiektua ere aditzera ematen du. Azken proiektu hau abeltzantza industrialeko instalazio handi honi ahalbidetu izan zaion handitzeari esker posible izanen litzateke, bitartean ustiapen txikiak itotzen direlarik. Argitara eman genuen “Etxeko hondakinen kudeaketa Nafarroan. Proposamenak baliabideen mugan“ txostenean Plan honetan kontutan hartu beharko liratekeen zenbait proposamen biltzen dira, honelako azpiegitura erraldoien ezarpena ahalbidetu baino lehen.
Honela, eta sarreran genion moduan, Nafarroako Energia Planaren zirriborroak energia produkzioa bultzatzen duten proposamen eta neurriak besterik ez ditu jasotzen. Bertan aurki daitezke, hori bai, zenbait helburu, zeinak, paperaren gainean, energia kontsumoa murriztea lortuko luketenak. Hala ere, helburu hauek ez daude beharrezkoak diren neurriz edota ekintzez babestuta, berauek lortze aldera. Horrenbestez, “paper errea” besterik ez dira.
Adibide bat emate aldera, Planak “2030erako negutegi efektuko gasen isurketa netoen gutxienez %55a murriztea 1990ko mailarekiko” du helburu nagusi. Hala ere, egiaztatu dugu hau bakarrik jarduera ekonomikoa murriztu izan denean lortu izan dela, zehazki, 2020ko konfinamendua dekretatu zutenean. Ondoren, isurketak handitu egin dira eta ez du ematen txikituko direnik, ez bada krisi ekonomiko berri baten edota pandemiako 2020an eragindako erabaki politikoen ondorioz. Eta zirriborro honek zentzu honetan hartu beharko liratekeen beharrezko erabakiak ezartzen ez dituenez, ez dugu uste helburu hau bete ahal izango denik.
Planak ez du energiaren egungo benetako egoera ikertzen ere. Hau egiazta dezakegu ikusita Nafarroako kontsumo elektrikoak beherazko joera bat mantentzen duela, eta hala ere dokumentuak ez ditu gertakari honetako ondorioak eratortzen. Energiaren kontsumo eta aurrezpena jorratzen den kapituluak honakoa dio: “osoko amaierako energiaren kontsumoaren garapenak erakusten digu azken 20 urteetan amaierako energiaren kontsumoa urteko %0,9a handitu“ dela, aldiz, elektrizitatearen kontsumoak „azken hamarkadan urteko %0,2ko jaitsiera jasan“ duelarik.
Honela, berriz ere elektrizitatearen kontsumoak behera egin duela frogatzen dugu, energia totalaren kontsumoak gora egiten duen bitartean. Honek talka egiten du energia berriztagarriekiko bultzadan enfokaturik dagoen planifikazioarekin, izan ere, energia berriztagarriak gehienetan energia elektrikoa ekoizten baitute. Honek guztiak aditzera ematen dizkigu gure gizarteak energia berriztagarrietara adaptatzeko dituen zailtasunak, beste behin planifikatu gabe geratzen den arazoa. Ez dituzte neurri egokiak hartzen ekonomia berriztagarri intermitenteen beharretara egokitzeko, eta ez dituzte energia kontsumoa murrizteko neurriak planteatzen, biodibertsitatearen eta lurraldearen kontra ez doazen energia berriztagarriak ezarri nahi baditugu.
Nahitaezkoa da, horrenbestez, gure gizartearen behar energetikoen benetako planifikazio demokratiko bat aurrera eramatea. Aldi berean, nahitaezkoa da energiaren produkzioa, garraioa eta hornikuntza sektore publikoaren eskuetan egoteko neurriak hartzea. Uste dugu eztabaida honetan gure “Nafarroako energia berriztagarrien boom berria. Egoera, inpaktuak eta proposamen alternatiboak” txostenean jasotzen diren proposamenak hartu beharko liratekeela, energia eredu demokratiko, publiko, unibertsal, deszentralizatu eta deskontzentratu bat lortze aldera.