Olatzagutiako porlandegian hondakinak erre ahal izateko Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala izendatu du. Erabaki horren kontrako alegazioak aurkeztu eta bere tramitazioa bertan behera gelditzeko eskatu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Alegazioaren osoko textua ere irakurri dezakezu (erderaz), baina hemen duzu laburpen bat… Edo gure kide den Pablo Lorente Hala Bedi Irratian eginiko erderazko elkarrizketa bat entzun dezakezu ere hemen, edo archive.org webgunean:
Hondakinak erretzen ez badira, hondakindegian bukatuko duela dio Cementos Portlan Valderrivasek (CPV), baina beste erabilpen posibleen inguruko azalpenik ez duela ematen. Sustrai Erakuntzaren iritziz, hondakinak erregai gisa erabiltzea etorkizunean haiei eman dakiekeen beste erabilera batzuk murriztu eta hipotekatzen ditu, berrerabilpen eta birziklatze nitxo bat deuseztatuz. Hondakinen sorrera murriztuko duen kudeaketa sistema baten alde egin du fundazioak, Atez Ate sistema adibidez.
Sustrai Erakuntzatik, bestalde, gogorarazi da indarrean dagoen legediaren arabera instalazio bat energia balioztatzen duela esateko, energia eraginkortasun muga bat gainditu behar duela. Fundazioak dio Cementos Portlan Valderrivasek (CPV) bere txostenean ez duela balioztatu nahi dituen hondakinen bero-ahalmena zein den. Aldi berean, nabarmendu du Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plana Nagusiak porlandegietan hondakinak erretzea debekatzen duela. Gainera erregai gisa %24,12 bestelako hondakinak erabili nahi dituela dio CPVk, Sustrai Erakuntzaren susmoa da beste porlandegi batzuetan bezala hondakinak erregaien %60 inguru izatea.
Fundazia kritiko agertu dira CPVk isuri kutsatzaileak neurtzeko proposatu duen sistemarekin, soilik lantegia martxan dagoen une jakinetan eginen baita. Porlandegiak, besteak beste, dioxinak, furanoak, metal astunak edo nitrogeno eta azufre oxidoak isuri ditzakeela dio beste alegazio batean. Azken bi kutsatzaile horiek CPVren agirietan ez direla behar bezala aztertu dio Sustrai Erakuntzak. Horrela, enpresak aurkeztu duen memorian hondakinak erretzeak lurpeko eta lur gaineko uretan izanen duen ondorioa minusbaloratzen da. Aldi berean, fundazioak Sakanako meteorologiaren azterketa sakona eskatu du, atmosferara isuritako kutsatzaileen sakabanaketan izan dezakeen eragina jakiteko.
Guaixe Sakanako aldizkaritik moldatutako testua.