Sustrai Erakuntza fundazioak alegazioak aurkeztu dizkie Iruñerriko iparraldean dagoen Sacyr enpresaren makro-poligono eolikoei (Nafarroa 1, Nafarroa 2 eta Nafarroa 4) eta Andia mendilerroaren hegoaldeko hegalean dagoen Green Capital Power enpresari (Aldane). Bi proiektu horiek oposizio sozial handia dute. Horren erakusgarri dira Urbasa-Andia bizirik plataformak Aldane proiektuari jarri dizkion 5.000 alegazioak eta astelehen honetan Haize Berriak plataformak Sacyrren proiektuei jarriko dizkien milaka alegazioak. Proiektu biek inpaktu larriak dituzte ingurumenean zein mendien biodibertsitatean: Olaibar, Esteribar eta Erro haranen arteko gailurrak lehenengo kasuan, eta Andia mendilerroaren hegalak bigarren kasuan, Lezaun eta Iturgoien inguruan.
Sustrai Erakuntzak aurkeztutako alegazioak Haize Berriak eta Urbasa Andia Bizirik plataformek bere egin dituzte eta ehunka orrialde dituzte bi kasuetan. Alegazioetan kaltetutako bailaretako boluntarioek parte hartu dute, bai eta ahalegin horretan lagundu duten adituek ere, horien artean Sustrai Erakuntza bera.
Era berean,energia berriztagarrien hedapen desordenatu eta plangintzarik gabeko horren aurkako plataformek, NEE/TEN koordinakundearekin bat eginda, hausnarketa-jardunaldiak eta bi kontzentrazio deitu dituzte aste honetarako.
#BerriztagarriakBAIhonelaEZ jardunaldi alternatiboak ezartzen ari zaizkigun trantsizio energetikoa eta biodibertsitatean eta gizartean eragiten dituen inpaktuak aztertzen saiatuko dira, hori guztia Lurreko baliabide energetiko eta mineralen murrizketaren testuinguruan. Astelehen honetan, hilak 4, eta asteazken honetan, hilak 6, izango dira, 18:30ean, Iruñeko Condestable aretoan. Goi mailako hizlariak ditu, bere programan ikus daitekeenez.
Elkarretaratzeen bidez, berriztagarrien hedapen ero horrek “Trantsizio Ekologikorako Industriaren Nazioarteko II. Biltzarra”-ren (CITE) parte hartzaileei sortzen dituen arazoen berri eman nahi dute. Elkarretaratzeak, beraz, honako hauek dira: asteazkenean, hilak 6, 8:30etik aurrera, kongresuaren irekieran; eta ostegunean, hilak 7, 17:30etik aurrera, kongresuaren itxieran, biak Navarra Arena pabiloira sartzeko atearen aurrean.
Sustrai Erakuntza fundazioak bi ekitaldietan parte hartzera animatu egiten du. Horretarako, lurraren defentsaren aldeko plataformekin elkarlanean ari da ekitaldi horiek prestatzeko. Gure ustez, beharrezkoa da herri-mobilizazioa indartzea enpresa handien garapen ekozida salatzeko, eta enpresek elektrizitatearen negozioarekin aberasteko erabiltzen dituzten trikimailu guztiak agerian jartzeko.
Gurdiak ezin duelako idien aurretik joan, eta oligopolio energetikoak ezin duelako trantsizio energetikoa gidatu, informa zaitez eta parte hartu aste honetako ekitaldietan!