“Orain Ardura” manifestua: AHTren dirua gastu sozialerako

    es 27 Mai 2020 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Sustrai Erakuntza fundazioak bere atxikimendua eman dio manifestu honi, Abiadura Handiko Trenaren lanak eta proiektuak gelditzea eskatzen duena, dirua krisi garai honetan premia larriagoetara bideratzeko. Zuk ere zure atxikimendua eman dezakezu formulario hau betetzen, edo gehiago jakin ekimenaren webgunean. Ondoren manifestuaren testu osoa…

    Sufrimenduz beteriko aste gogorrak izan dira: erabateko bakardadean hil dira milaka senide, gure osasun-langileak jo ta su ibili dira lan-baldintza kaskarretan, egoitzetako langileek adinekoen zaintza bermatzeko ahal izan duten guztia egin dute, ez da gaixo guztientzako arnasgailu nahikorik egon, milioika test eta babes-ekipo falta izan dira… Luzea da adibideen zerrenda. Hain egoera zailen aurrean,  gaurkoan jendartearen portaera eredugarria izan dela azpimarratu nahi dugu, elkartasuna eta elkarrenganako zaintza erabatekoak izan diren hamaika ekimen aurrera eraman direlako.  

    2008an, mundu mailako krisi ekonomikoak  espainiar estatuan nagusi zen adreiluan oinarritutako ekonomia espekulatiboa zapuztu zuen. Hamabi urte geroago eta osasun eta zerbitzu publiko guztietan murrizketak izan direlarik, azken urteetan eman den osasun-krisi handienetako batek munduko lehen postuetan jarri gaitu Covid-19aren heriotza-tasari dagokionez hain zuzen ere. Aldi berean gainera, langabezi-tasa etengabe hazten ari da.  Gure erakundeek eredutzat dituzten Europa iparraldeko herrialdeek aldiz, milaka bizitza, milioika enplegu eta enpresa txiki ez galtzea lortu dute, eta ez da kasualitate hutsa izan bertan lortu izana. Ezinbestekoa da adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak bertan behera uztea.  

    Jendarteak berak adieraziko digu jarraitu beharreko norabidea, krisi larri hontan erantzunkizun bikainarekin aritu da eta. Horregatik, aurrez aurre dugun etorkizun ziurgabe honetan, erakundeei eskatzen diegu egoerak eskatzen duen mailan egotea eta iraganeko akatsak ez daitezela errepikatu. Gure inguruko herrialde gehienetan, diru publikoaren kudeaketak nolabaiteko logika soziala izan duen bitartean, espainiako estatua aireportuak, autobideak eta, nola ez, milaka milioi balio duten abiadura handiko trenak izateaz harro agertu da. 

    Manifestua

    Horregatik guztiagatik, manifestu hau sinatzen dugun pertsona, elkarte, sindikatu eta gainerako erakundeok “ORAIN ARDURA – AHORA RESPONSABILIDAD” ekimenaren berri eman nahi dugu. Ekimen honek AHTren proiektuak geldiarazteko eskatzen die erakunde eta administrazio publikoei, honako argudio hauetan oinarrituta:

    Espainiar estatua da Abiadura Handiko Trenbideetan kilometro gehien duen herrialdea, mundu mailan ekonomikoki boteretsuenak direnen aurretik kokatzen delarik, hala nola, Japonia, Alemania, Frantzia eta AEB. Hala eta guztiz ere, honen erabilera mailari dagokionez azken postuan kokatzen da, kilometro bakoitzeko bidaiari-ratio txikiena baitu. `

    Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Erkidegoari dagokienez, iragarritako AHTko tarte guztiak eraikiko balira,  espainiar estatuaren bikoitza izatera iritsiko litzateke milioi biztanleko kilometro ratioa. Euskal Y-an eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan ia 5.000 milioi euro gastatu dituzte dagoeneko. Gainera, badira kontuan hartu beharreko beste hainbat proiektu: Miranda de Ebro eta Gasteiz lotzen dituena (Arabako Haranak zeharkatuz); Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa (Sakana eta Lautada zeharkatuz edo Aralar zulatuz); Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea Bizkaian; eta hiriburuetako AHTko sarrera guztiak. Guztira, aurrekontuan jasotakoa eraikitzeak 15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke

    Halako obrek suposatzen duten diru kopurua gogoan izan behar dugu. Koronabirusaren krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak hasieran autonomoentzat bideratu zuena adibidez, AHTren 100 metro eraikitzearen baliokidea da (3 milioi euro). Era berean, kultura alorreko profesionalei emandako 2,5 milioi euroak aldiz AHTren 83 metrori dagokio. Nafarroako Ospitale Konplexuko Laborategi Bateraturako eraikinak AHTren 656 metro suposatzen ditu. Bestalde, Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren zatiak duen kostuarekin, Eibarren duela urte eta erdi inauguratu zen ospitalea bezalako beste 32 eraiki litezke.

    Gobernuek AHT bezalako azpiegitura handietan, inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat alorretan, hala nola Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan. Honen islada izan da azken asteetan ikusi izan duguna: ospitaleak gainezka, osasun-langileen txanda bikoizketak, hiltegi bilakatu diren adinekoen egoitzak, bakardadean hil den jendea, bat-batean ospitaletan eraldatutako hotelak, beraien etxeetan maskarak fabrikatzen ari diren emakume ugari…

    Egoera honetan ezinbestekoa da pertsonen bizitzari eta elkarren arteko zaintzari eusteko beharrezkoak diren enpleguen garrantzia azpimarratzea. Kontuan izan behar da enplegu horiek, nagusiki, emakumeek betetzen dituztela. Hain zuzen ere, osasunean edo gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen %75a emakumeak dira. Bizitzak sotengatuko dituen egitura sozialetan gabeziaz beteta aurkitzen ditugu, guztionak diren baliabideak kapitalaren metaketaren zerbitzura daudelako kokaturik. Honen adierazle da aurrekaririk gabeko krisi honen baitan eta konfinamenduan egonik , AHTren obrek aurrera jarraitu dutela, pertsona ororentzat bizimodu duin baterako beharrezko zerbitzu publikoak bermatu beharrean.

    Guzti hau dela eta, Espainiar gobernuari eta Nafarroan gobernatzen ari diren alderdikideei eskatzen diegu, Ábalos ministroak kargua hartu zuenean adierazitako hitz zuhurrak bete ditzatela. Orduan espainiar gobernuaren apustu berria iragarri zuen: “trenen inbertsioak erabat birbideratu behar dira, urte askoan abiadura handian zentratuegi egon baitira”. Ildo beretik, estatu osora hedatu behar dira Isabel Pardo de Vera-k, Adifeko zuzendariak, bultzatutako ekimena. Hau da, pasa den otsailean baztertu zuen Oviedo, Avilés eta Gijón abiadura handiko trenaren bitartez lotzea, “honek 10 minutuko aurreztea suposatuko lukeelako besterik ez, hori bai neurrigabeko inbertsio erraldoien truke“.

    Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzak kontuan izan ditzala: “gastu publikoa murriztu beharko litzateke eta horretarako obra handiak atzeratu”.

    Aurreikusten den krisialdi larria guztion ahotan dagoen une hontan, ezin dugu ez ikusiarena egin. Besteak beste, zerga-bilketa %20a jaitsiko dela eta mugikortasuna murrizte aldera ekoizpenak birkokatzeko apustua egingo dela dioten honetan.

    Ondorioz, AHTren obrak berehala etetea eta bere proiektu berriak bertan behera uztea eskatzen dugu. Egun daukagun ohiko tren sarea mantentzea eta hobetzea bultzatzen dugu guztiontzako moduko garraiobidea izan dadin; herriak, hiriak eta industrialdeak elkar komunikatzen dituena, pertsonak zein merkantziak garraiatzen dituena, zonalde oro komunikaturik egotea bermatzen duen lurralde antolaketan oinarritzen dena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarri izango dena.

    Honegatik guztiagatik, AHTko inbertsio ekonomiko osoa premiazkoak diren alorretara bideratzea eskatzen dugu: nahikoa langile eta baliabide dituen osasun publiko bat; adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak guztiontzako; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zainketen balioztatzea; Covi -19aren krisiak gogor kolpatu dituen sektoreetaz bizi diren pertsonen babesa (komertzio txikiak, kulturgileak…). Azken finean, aurrez aurre dugun krisi ekologiko (aldaketa klimatikoa, bioaniztasunaren galera, kutsadura,…) eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra dugu.