Nafarroako Gobernuak iragarri berri du eguzki-plakekin estali nahi duela Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zati garrantzitsu bat (aire zabalean eraikitako 57 kilometro eta 1. faseko hiru putzu, 183 hektarea osotara), azpiegitura hidrauliko hori optimizatzeko, nafarrok hain garesti ordaintzen ari garena.
Iragarkia apaintzeko, gizarte-mugimenduen kontzeptu eta aldarrikapenak erabili ditu: argirako prezio publiko bat ezartzea, ekonomia zirkularra, biztanleriarik gabeko eremuari mesede egitea, titulartasun publikoa, burujabetza energetikoa. Amu gehiegi inozoak harrapatzeko.
Gure ustez, energia berriztagarrietarako trantsizioa gaur egun urbanizatuta dauden eremu guztiak erabiliz egin behar da, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena izateko. Horrela, kanalaren azpiegitura erabiltzea urrats egokia izan liteke norabide horretan, nahiz eta xehetasun handiagoz aztertu beharko liratekeen putzuak eguzki-plakekin estaltzeak eragingo lituzkeen inpaktuak, agian uretako hegaztientzako ekosistema berriak sor daitezkeenak…
Hala ere, ez dugu uste aurrekoa izan dela Gobernuaren arrazoia proiektu hau martxan jartzeko. Gobernuak aukeratu duen unea hastapenetan dagoen proiektu bat iragartzeko ez da nolanahikoa: alde batetik, Nafarroan makroproiektu “berriztagarrien” uholdea; eta bestetik, makroproiektu horiek eragin duten gaitzespen handia herritarren artean. Badirudi Gobernuak bere irudia garbitu behar duela, energia berriztagarrien ezarpen kaotikoa onartu duelako, enpresa handiek eta oligopolio energetikoek zuzenduta.
Esperpentoa are handiagoa da eguzki-panelak jartzeak Nafarroako egungo ahalmen fotovoltaikoa bikoiztuko lukeela iragartzen duenean. Horrela balitz, zertarako behar ditugu proiektu fotovoltaiko erraldoiak Erreniegaren bi hegaletan? (egun mendiaren iparraldean 847 hektarea hartuko lituzketen proiektuak daude, eta horiez gain, hegoaldean eta beste makina bat tokietan aurreikusitakoak gehitu beharko genituzke) Egin egiteagatik? Egin zertarako egiten den axola gabe? Zeren irizpideren arabera hartzen dira erabakiak? Hauxe da berriztagarriak gobernatzen ez dituen Gobernu bat.
Proiektu honen azterketa eta bideragarritasun teknikoaz haratago, abian jarri duten trantsizio energetikoak dakarren manipulazioa eta aurpegia garbitzea erakusten digu iragarki honek. Ezin dira herritarrak iragarki propagandistikoekin, multinazional elektrikoak aise ibili eta suntsitzen ari diren bitartean. Kontua ez da proiektu solteak saltzea, horietako batzuk zuzenak izan arren. Helburu zuzena bestelakoa da: energiaren eta materialen krisiari plangintza demokratikotik aurre egitea, energiaren kudeaketa berri baten esparruan.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak trantsizio energetikoa modu arrazoizko eta justuan egin nahi badu, bere esku dago makroproiektu berriztagarrien tramitazioa etetea. Horrek aukera eman beharko liguke demokratikoki kudeatutako mekanismo sozialak eta legalak onartzeko, etorkizunean berriztagarriak ekoiztea ahalbidetzeko, batez ere deskontzentratua eta deszentralizatua, energia fosilaren zuzeneko kontsumoa masiboki murriztuz eta jabetza publikoaren pean kontrol kolektiboa eginez.