Planetako energiaren ustiapena, banaketa eta salmenta transnazionalen eskuetan biltzen da nagusiki. Honek energia proiektu gero eta erraldoiagoak sorrarazten ditu, ingurumen eta jendarte kostu gero eta handiagoekin: zentral termikoak, tentsio altuko lineak, AHTak… eta baita zentral nuklearrak ere, dagokien bizialdia etengabe luzatuz. Dena dela, energiarekin espekulatzeak planetaren oreka ekologikoa eta pertsonen bizitza jartzen ditu jokoan.
Nafarroan, elektrizitate sorkuntzaren iturri nagusia ez-berriztagarria da, ekoizten dugun elektrizitatearen % 45,6 Castejongo zentral elektriko legez kanpokoek sortzen baitute.
Indarrean dagoen Nafarroako Energia Planak onartzen duenez, energia elektriko gain-sortze egoera bizi dugu, energia (gas naturala, petrolioa…) auto-hornikuntza eza pairatzen dugu eta, gainera, energia gehiegi kontsumitzen dugu. Horren aurrean, zentzua duen etorkizuneko estrategia bakarra energia aurreztu eta kontsumoa kuantitatiboki gutxitzea da, burujabetza energetikorantz jotzeko.
Neurri horiekin gure ingurunean sortzen dugun kaltea murriztea lortuko genuke, baita, urrun badaude ere, gure eredu xahutzaile eta espekulatzailearen presioak, zuzenean edo zeharka, jasaten dituzten lurraldeetan ere.
Sustrai Erakuntza Fundaziotik behar dugun energia ereduaren inguruko eztabaida bultzatu nahi dugu.
Guaixe Sakanako Aldizkarian argitaratuta.