Nafar Gobernuak bere ondorioak aurkeztu ditu dagoeneko Nafarroako Plan Energetiko Horizonte 2030ri buruz. Aipatutako planifikazio horretan aipatzen denez, Nafarroak energia berriztagarrien erabilpena nabarmenki handituko luke etorkizunean. Baina, proposatutako Planak ordea, indarrean mantentzen ditu Nafarroan erregai fosilekin energia elektrikoa sortzen duten instalazio handienak. Hots, Justizia epaitegi ezberdinek legez kanpokotzat jo dituzten instalazioak hain zuzen ere.
Horrela, plan energetiko gisa onartua izateko aurkeztutako zirriborroak ez ditu Kastejongo udalerrian legez kanpo ezarritako zentral termikoak aztergai. Planak, bai aipatzen du ordea, Kastejonen dauden zentral termikoek, hirurek batera Nafarroako elektrizitate osoaren %8 ozta-ozta sortu zutela 2014. urtean.
Datu hori alde batera utzita, zeinek lehenagotik onartutako Plan Energetikoen planifikazioa ezin txarragoa izan dela erakusten duen, gaur egungo Planaren aurrean argi eta garbi salatzekoa da Nafar Gobernuak aurretik onartutako planetan zentral horiek sartzearen egokitasunari buruz izandako hausnarketa eza. Gainera, lehen Elerebro eta orain EDP HC Energiarena den Kastejongo Ziklo Konbinatuaren 2 Taldeak gaur egun duen legez kanpoko egoerari buruz inolako antolaketarik ez planteatzea arduragabekeria izugarria da.
Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen legeria betearaztea zorroztasunez zaindu behar du. Horregatik, kontrako egoeran dagoen 400MW potentziadun ekoizpen elektrikoko instalazio bat martxan egotea eta gobernuak bere planifikazioan horri buruzko aipamenik ez egitea ezta egoera hori erregularizatzeko inolako ekimenik ere ez azaltzea ez da bat ere bidezkoa. Horri, Nafar Gobernua bera gaur ilegala den instalazio hori aurrera eramateko prozesuan parte izan dela gehitu behar zaio.
Horregatik guztiagatik, Plataforma Ribera + Centrales NO taldeari laguntza emanik, Sustrai Erakuntzak aipatutako Planari alegazio bat aurkeztu dio Elerebro zentralaren 2 Talderen aurkako hainbat epai oinarri hartuta. Alegazioak horietako 4 epai biltzen ditu eta horiek erabat legez kontrakoa jotzen dute zentral hori beraz, itxita egon beharko luke.
Aurkeztutako epaiak kontutan izanik, bere Plan Energetikoaren planifikazioan instalazio hori itxi eta eraitsi dezala besterik ezin diogu eskatu Nafar Gobernuari. Hori baita legez kontrako egoera lehengoratzeko modu bakarra orain arte prozedura ezberdinetan izandako praxis okerrak sortutako egoera zuzenduz. Horretarako, Nafar Gobernuak “Zentrala Itxi eta Eraisteko Proiektu” bat garatu beharko du horren helburua zentral termikoaren instalazioak ezarri aurretik lur eremu horren egoera eta ezaugarri naturalak lehengoratzea delarik.
Nafarroako Plan Energetikoak ez balu instalazio ilegal horren eraistea kontutan hartuko, Sustrai Erakuntzak ulertuko du Planak iragarritako energia berriztagarrien erabilpena handitzeko helburuaren xedea ez dela kontsumo energetikoaren gutxitzea lortzea. Aitzitik, Planak, kasu horretan, energiaren kontsumo osoa handitzea bilatuko luke horretarako, gaur egun erregai fosiletan oinarritzen diren instalazioak mantenduz eta energia berriztagarrietatik lortutakoak handituz. Hori horrela izanik, Gobernuak enpresa energetiko pribatuen etekinak handitzea bilatuko zuen.
Sustrai Erakuntzaren ustetan, Nafarroak ez du azpiegitura zentralizatu gehiago behar ez ekoizteko ez energia garraiatzeko, Kastejongo zentral termikoek duten erabilpen eskasa baino ez da begiratu behar. Bere sistemekin ingurumena arriskuan jartzen duten energia sortzeko industrien sustapena eten egin behar da bai erregai fosilen erabilpena dela eta bai ingurune aldetik arreta zein babes berezia merezi duten lur eremuetan energia berriztagarrien instalazio erraldoien ezarpena dela eta.
Plan Energetikoak, hazkunde energetikoa txikitzeko planifikazioaren oinarriak ezarri beharko lituzke, subiranotasun energetikoa helburu. Giza-baloreen krisi sakonean hondatu gaituen eredu xahutzaile horren aurrean alternatiba berriak eratzeko garaia da. Ingurumenaren gaineko eragin baxua, berriztagarriak, deszentralizatuak eta garbiak diren energiak garatzeko planifikazio demokratikoa erabili eta gauzatzeko behartuta gaude.
SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
sustraierakuntza@gmail.com