Sustrai Erakuntzak AHTren plataforma berria eraikitzearen kontra eta egungo trenbide bikoiztearen alde

    es 14 Uzt 2017 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Euskal-Yaren biadukto baten lanak...Hego Euskal Herriko administrazioen eta Sustapen ministerioaren AHTari buruzko bileraren kontura, Sustrai Erakuntza fundazioak gaztigatu du “egungo trenbidearen paralelo litzatekeen beste trenbide bat eraikitzeko asmoa” dutela. “Pertsona eta animalien pasa zailduko lukeen beste hesi bat”.

    Gobernuek aurretiko azterketan agertzen ziren 4 alternabitatik honako bi mantentzen dute Prestazio Handiko Trena (AHT) Sakanatik eraikitzeko:

    • Iruñea-Ezkio ibilbidea. 55 kilometrotik 31 lurrazpitik izango lirateke, Aizkorri eta Aralar Natur Parkeek osatzen dute korridore ekologikoaren erdian dagoen Altzaniako mendizerra zulatuko luke, eta tunel luzeena 21 kilometrokoa izan litzateke. Horrez gain 17 zubi-bide aurreikusten dira –denera 3,2 kilometro– luzeena ia 700 metrokoa. Proiektu honek 1.670 milioi euroko kostua izango luke ministerioaren arabera, BEZa kontuan izan gabe.
    • Iruñea-Gasteiz ibilbidea. Sakanako egungo trazatuaren nahiko paraleloan, 5,7 kilometro tunel eraikiko lirateke –luzeena 1,9 kilometrokoa– eta 15 zubi-bide –denera 1,8 kilometro– luzeena 450 metrokoa. Aurrekontua 720 milioi eurokoa da, BEZa gehituta beraz ia 900 milioi kostako litzateke oraingoaz aparte beste trenbide bat egitea Iruñea eta Gasteiz artean.

    Sustrai Erakuntzakoek nabarmendu dute proposatutako azpiegitura “garestia, premiarik gabekoa eta ingurumenean eragin handikoa” dela. Eta mahai gainean dauden alternatibak 2004koak direla, “beste garai batekoak”. Trenbide berriaren eraikuntza egungoaren mantenuaren eta hobetzearen kaltetan eginen litzatekeela gaineratu dute. Fundaziotik “diru xahutzearen” kontra egin dute.

    Oraingo trenbidea Nafarroan. Ezkerrean ikusi daiteke nola oraingo plataforma erreserbaturik du lekua beste trenbidea jartzeko (handiagoa ikusteko klik egin)...“Proiektuak iraungiak daude eta ez dute konponbiderik ematen: dagoeneko baditugu Iruñetik Gasteizerako eta Donostiarako tren korridoreak”. Castejon eta Altsasu arteko egungo tren plataforma baliatuz bi trenbide jartzea proposatu zuen Nafarroako Ekologistak Martxanek, eta bere alde jotzen du fundazioak (Altsasutik aurrera hala dago). Horrek abiadura 140 km ordutik 160ra pasatzeko aukera emanen lukeela gaineratu du. “Konponbide erraz horrek tren-trafikoa handitzea ahalbidetzen du”. Nazioarteko trenbide zabalerarena hirugarren errailarekin konponduko zela gaineratu dute. Gainera, egun dagoen trenbidea hobetzearen alde egin dute, “Nafarroako eskualdeetako hiritarrei zerbitzua eskainiko dien tren soziala mantentzea beharrezkoa jotzen dugu”.

    Guaixe eta Argia aldizkarietatik hartutako testua, mila esker!.

    Aurretiko azterketan proposatutako AHTren 4 trazaketa Sakanatik (handiagoa ikusteko klik egin)...