
Gaur, abuztuak 4, La Bal D’Onsella eta Erreniegako Meategien aurkako Plataformak, Ecologistas en Acción taldeak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak eskaera bat aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako herri-lanen esleipenak ikertzeko sortutako Ikerketa Batzordeak Mina Muga sar dezan bere lanetan.
Horretarako, hiru erakundeek dosier bat aurkeztu dute eskaera hori azaltzeko eta justifikatzeko.
Komunikabideetan agertutako hainbat txostenetan Mina Muga ustezko sare ustel baten jatorrian kokatzen dute. Horrela, agertzen ari diren datuen argitan, enpresa desberdinek (Geoalcali, Servinabar, Acciona, Zangoza Services ABEE) eta haiekin lotutako pertsonek Mina Muga martxan jartzeko baimen ugariak onartu eta eman behar zituzten Administrazioetako batean edo batzuetan (estatukoak, autonomikoak eta tokikoak) eragin- eta bitartekotza-lanak egiten omen zituzten.
Presuntzio horiek berretsi egin dira, antza, Mina Mugako proiektua onartzeko administrazio-prozesuak aurrera egin duen moduagatik eta proiektu horretan izandako anomalia eta salbuespenengatik
Antza denez, hainbat estamentutan borondate erosketak egin omen zituzten, proiektuaren tramitazioak aurrera egin zezan. Horren barruan sar zitekeen meatze-baimena bera, proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) izapidetzean aldeko tratua izatea, meategiaren ondoko fabrikarentzat lurzoru urbanizaezin batean industria-erabilera baimentzea, obra-lizentzia lortzeko presioak, burtsan espekulazio-ekintzak egitea…
Era berean, Parlamentuari ohartarazten diogu Geoalcalik, bere fundazioaren bidez, Zangoza eta Zaragozako Cinco Villas udalekin duen harreman ekonomikoaz. Horietako batzuek dohaintzak jasoko zituzten hainbat udal obra eta zerbitzutarako, antza enpresaren aldeko adierazpenak egitearen truke. Adierazpen horien artean, Ingurumen Ministroari Geoalcali ustiatzeko emakida baliogabetzen duen Nafarroako auzitegien epaia ez betetzeko eskaera ere sartuko litzateke.
Hori guztia Nafarroako Parlamentuko Batzordeari gaur aurkeztu diogun txosten erantsian ikus daiteke. Txosten hori albiste kontrastatuekin eta ustezko jarduera horiek frogatuko lituzketen dokumentuekin prestatu dugu.
La Bal D’Onsella eta Erreniegako Meategien aurkako Plataforma, Ecologistas en Acción eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

