Nafarroako makrogranjen aurkako plataforma beldur da Valle de Odietaren aurkako prozesu judiziala ez ote den itxiko erantzukizunik argitu gabe

    es 26 Urr 2023 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak Valle de Odieta eta HTN enpresen aurkako prozesu judiziala aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Bi enpresa hauek Caparrosoko makrogranjarekin lotuta daude, balizko ingurumen-delitu bat dela eta. Plataformako kide diren talde eta pertsonek jakitera eman nahi izan dute instrukzio fasea amaituta, Tafallako epaitegiek erabaki behar dutela epaiketaren instrukzioarekin jarraituko duten ala ez. Plataforma beldur da auzitegiek auzia artxibatzea erabakiko ote duten.

    Era berean, Plataformak Nafarroako Gobernuari Valle de Odieta-HTN makrogranjaren aurka 2021eko isuri kutsatzaileagatik irekitako auzian pertsonatzeko eskatu dio. Horrela, bere ardurapeko gune babestuen osotasuna modu eraginkorrean defenda dezan, baita nafar guztien ongizatea eta osasuna ere.

    Historikoa

    2021eko otsailean, Valle de Odieta eta HTN enpresek, Caparrosoko makrogranjaren atzean daudenak, kutsadura larria eragin zuten, antza denez, biometanizazio prozesuaren ondoriozko digestatuekin ustiapenetik hurbil zeuden beren jabetzako nekazaritzako lurzatiak ureztatzeagatik. Itxuraz, lur-zati horiek aspertsioz ureztatzeko pivot-ak erabili zituzten digestatoa hedatzeko, eta hau baimendua ez dagoen praktika bat da. Talde ekologistek eta Martzillako eta Caparrosoko biztanleek antzeman zuten hori, eta Aragoi ibaira egindako isurketa kutsatzaileak salatu zituzten.

    Kutsadura honek isurketa handiak sortu zituen inguruko sakanetan, hondakin likidoekin ur-jauziak sortuz. Aragoi eta Arga ibaien behealdeko KBE eremu babestura ere iritsi zen kutsadura. Desagertzeko zorian dauden espezieen habitata da berau, hala nola bisoi europarra eta apoarmatu europarrarena. Bardeetako Parke Naturalari ere eragin zion, baita saguzarrak bizi ziren kobazulo bati ere..

    Gertakarien larritasuna ikusirik, isuritako hondakinen nitrato kontzentrazio neurketak egin ondotik, erakunde ekologistek analisi ofizialak egiteko eskatu zieten Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari, makrogranjaren inguruetan uraren kalitatea aztertzeko.

    Erakunde hauek Nafarroako Ingurumen Fiskaltzari ere aurkeztu zizkioten salaketak, eta hark, aurkeztutako agiriak ikusita, tramitera onartu zuen. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak esku hartu behar izan zuen fiskaltzara txostenak igortzeko. Txosten horien arabera, enpresek ez dute baimenik digestatoak ureztatzeko ur gisa erabiltzeko.

    Prozedura honetan, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Greenpeace, Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformako kideak, prozesu judizial honetan herri salaketa gisa azaldu ziren, auzibide guztien berri izateko eta isurketa kutsatzaileek eragindako inpaktuen larritasunaren aurrean erantzukizuna zeinena den ebazten saiatzeko. Zentzu honetan, “uste dugu Nafarroako Gobernua arduragabekeria onartezina erakusten ari dela. Auzian agertu ez denez, arlo publikoaren defentsarako eginkizunak alde batera uzten ari da enpresaren aurrean amore emanez, ingurumenaren babesa eta herritarren osasuna babestu beharrean”, adierazi du Lorea Floresek.

    Egungo egoera

    Orain dela gutxi, Tafallako Epaitegiak instrukzio fasea bukatutzat eman du, zeinetan inplikatutako enpresetako zuzendariei zenbait deklarazio hartu egin zaizkie. Nabarmendu behar da horietan guztietan ikertutako pertsonek ez dietela erantzun nahi izan herri-akusazioak egindako galderei. Hala, mugimendu ekologistari eta kaltetutako biztanleei gertaeren xehetasun garrantzitsuak ezagutzeko aukera ukatu zaie, eta informazio hau funtsezkoa izan daiteke enpresen eta zuzendarien erantzukizunak zehazteko.

    “Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformako kide garen talde eta pertsonek aditzera eman nahi dugu Tafallako epaitegiek, instrukzio fasea amaitu ondoren, erabaki behar dutela epaiketa bideratzen jarraitzen duten edo ez. Eta beldur gara epaitegiek auzia artxibatzea erabakiko ote duten” adierazi du Martin Zelaiak, plataformaren bozeramaleak.

    Horrek esan nahi du egindako ikerketak faltsuan itxiko liratekeela, eta zehaztu gabe geratuko litzateke 2021ean gertatu zen kutsadura larriaren erantzukizuna zeinena den. Baina, gainera, seinale kaltegarria bidaltzen ariko zitzaien tartean diren enpresei, Valle de Odietari eta HTNri, bai eta antzeko enpresei ere, aditzera ematen ahal dielako beraien ingeniaritza juridikoak eta lobby indartsu baten parte izateagatik, eragindako ingurumen kalteetan izan dezaketen erantzukizunaz libratu daitezkeela.

    Aski ezaguna da Caparrosoko makrogranjak eta haren Valle de Odieta eta HTN enpresek irregulartasun-espediente zabala dutela. 2018ra arte, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 11 aldiz zigortu zuen enpresa, ustezko 39 arau-hauste eta ez-betetze egiteagatik. Hala ere, orain arteko zehapen-prozesuak administrazio-prozesuak ziren. Gaur egun hizpide dugun prozesu hau prozesu penala da, ingurumen-delitua baita, kontserbazio bereziko eremuei eragin baitie. Kasu honek, Nafarroako makrogranjen aurkako borrokan inflexio puntu garrantzitsu bat markatu dezake.

    Horregatik guztiagatik, prentsaurreko honen bidez, Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak eskaera hauek egin nahi ditu:

    1. Justizia-auzitegiei, izan daitezkeen ingurumen-delitu guztiak iker ditzaten, eta, kasu honetan, prozesu judizialarekin jarrai dezaten, egon daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu arte.
    2. Nafarroako Gobernuari, 2021eko isurketa kutsatzailea dela eta, Valle de Odieta-HTN makrogranjaren aurka irekitako auzian pertsonatzea erabaki dezan. Honela, bere ardurapeko espazio babestuen osotasuna eta nafar guztien ongizatea eta osasuna modu eraginkorrean defenda ditzan.
    3. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, behar diren baliabideak jarri eta neurriak har ditzan nitratoz gehiegi kutsatutako lurralde guztien egoera lehengoratzeko. Kutsadura horrek eragina du lurzoruetan, lur gaineko eta lur azpiko uretan, bai eta horietan dauden biodibertsitatean ere. Kutsadura hori, batez ere, Foru Administrazioa ezartzen eta errazten ari den nekazaritza eta abeltzaintza industrializatuaren ereduak sortzen du.
    4. Eta inplikatutako erakunde guztiei, tokikoak, autonomikoak edo estatukoak izan, nekazaritzaren industriak ezarri edo handitzeko luzamendua deklaratzeko.

    Azkenik, dei egiten diegu herritarrei, antolatu eta naturguneak eta haien ingurunea defenda ditzaten. Izan ere, nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialak sortutako nitratoen eta beste kutsatzaile batzuen kutsadura zabaltzen ari da Nafarroan, eta horrek ingurumen eta gizarte ondorio larriak eragiten ditu, eta gure etorkizuna arriskuan jartzen du. Horregatik, uste dugu Valle de Odieta bezalako makrogranjetako jarduera kutsatzaile eta harrapariek eredu eta akuilu izan behar dutela mobilizazio horretarako. Beti izan da garrantzitsua ondasun naturalak kapitalaren logiken espoliaziotik eta erauzketatik defendatzea, baina gaur egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan, ondasun horien defentsa herritarren inplikazioaren beharra dauka. Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformatik lanean jarraituko dugu gure lurrak eta urak kutsatzen dituen, herrien bizi-kalitatea okerragotzen duen, animalien sufrimendu handia eragiten duen eta inguruko bizitzarekin integratu ezin den eta enpresa handiak eta inbertsio-funtsak bakarrik aberasten dituen ereduarekin amaitzeko.

    Nafarroako makrogranjen aurkako Plataforma.