Nafarroa Bizirik Nahi Dugu koronabirusak bizkortutako krisiaren aurrean

    es 16 Api 2020 - Audio eta bideo, Nafarroa Bizirik Nahi Dugu manifestua, Prentsa oharrak

    Koronabirusaren pandemiak gure bizitza aldatu du, eta krisi ekonomiko garrantzitsu baterantz garamatza. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka azaleratzen ari ziren hainbat krisiren adierazpena da. Kapitalismoak, hazkunde mugagabearen logikagatik, kolapsora eramaten du zibilizazioa. Gainera, egungo egoerak zaintzen garrantzia erakutsi du: bizitza erdigunean jarri behar da. Egoera horren aurrean, Nafarroa Bizirik Nahi Dugu osatzen dugun gizarte-taldeen batasunak zenbait puntu mahai gainean jartzen ditugu, kontuan hartu beharko liratekeela larrialdi-aldi hau pasatzerakoan uste dugulako. Hona hemen adierazpen osoa:

    (Adierazpena irakurri baino lehen, hemen duzu Hamaika Telebistak egin digun elkarrizketa motza, testua laburbiltzen duena).

    Koronabirusaren pandemiak gure bizitza aldatu du, eta badirudi krisi ekonomiko garrantzitsu baterantz garamatzala. Hala ere, krisi “berria” dirudiena, gure gizartean pixkanaka-pixkanaka azaleratzen ari ziren hainbat krisiren adierazpena besterik ez da. Kapitalismoak, hazkunde mugagabearen logikagatik, kolapsotik gero eta hurbilago dagoen puntu batera eraman du zibilizazioa. Energia eta lehengaien kontsumo iraunkor bat, mugatua den mundu batek hornitu ezin dezakeena. Petrolioa bezalako funtsezko baliabideen hornidura gailurrera iristen ari gara, baita Klima Aldaketak sortzen duen CO2-aren gisako hondakin-hustubideen saturaziora ere. Eta baldintza hauetan, koronabirusaren krisiak sistemak eragindako krisi ekonomikoaren etorrera azkartu besterik ez du egin, goiz edo beranduago iritsiko zena.

    Bestalde, gaur egungo egoerak inoiz baino gehiago nabarmendu ditu zaintzaren beharrak, eta konturatu gara zaurgarriak eta elkarren mendekoak garela, guztiok zain gaitzatela behar dugulako, bereziki gaixorik gaudenean. Etxeko zein lanbideko zaintzak, gehienak emakumezkoen esku daudenak, gizartearen “ahate itsusia” izateari utzi diote, ikusezinak eta gutxi balioetsiak zirenak, bat-batean, funtsezkoak bihurtu dira. Zaintza horiek kolektiboki aitortuak eta onartuak izan behar dute. Honek, bizitzak erdigunean egon behar duela gogoetarazi behar digu.

    Egoera horren aurrean, Nafarroa Bizirik osatzen dugun gizarte-taldeen batasunak zenbait puntu jarri nahi ditu mahai gainean, eta uste dugu horiek kontuan hartu beharko liratekeela larrialdi-aldi hau pasatzerakoan. Beharrezkotzat jotzen dugu gure gizartearen eta haren egituraketaren alderdi asko aldatzea, eta uste dugu aldaketa hori, gutxienez, alderdi hauetan oinarritu beharko litzatekeela:

    • Dirudienez, munduko hainbat lekutan zehar azkar hedatzen ari den biodibertsitatearen galerak bultzatu du koronabirusarekin bizi dugun krisia. Munduan ekosistema osoak desagertzen ari dira sistema kapitalistak behar dituen laboreak eta enpresak kokatzeko. Landare eta animalia aniztasun eza honek, animalia basatiei eragiten dieten gaixotasunek, espezie nagusiarengan, hau da, gizakiengan eragin zuzenagoa dutela dakar. Baina, gainera, atmosferaren kutsadura handitzeak, gaixotasun horrek (eta arnasbideei lotutako beste batzuek, hala nola asmak) gugan eragin larriagoa izatea eta munduko eremu kutsatuetara errazago zabaltzea dakar.
    • Krisi honek gure bizitzan eragin handia izan arren, gerran ez gaudela gogorarazi nahi dugu, osasun-alertan baizik. Beraz, hizkuntza militarra alde batera uztea eta aldi berean osasun sistema publikoa eta larrialdi zerbitzuak indartzea beharrezkoa da. Garai hauetan Larrialdietako Unitate Militar batek ez du logikarik, Larrialdietako Zerbitzu Zibil batek ordea, bai. Osasun Sailean aurrekontu handiago batekin eta prebentzioari eta autozaintzari lehentasuna emango dion osasun-sistema publikoarekin aurre egin behar zaio egoerari. Eta ez Defentsan gastatuz ezta herritarren errepresioa areagotuz.
    • Osasun-krisiaren une honetan, atmosferako kutsatzaileen isuria gutxitzen ari da, energia kontsumoa jaitsi egin delako. Hala ere, dena prestatzen ari dira “normaltasunera itzultzeko”, baina hori ez da horrela, planetaren ahalmenen gainetik berriro kontsumitzea bait dakar. Gure energia kontsumoaren murrizketa honi eustea beharrezkoa da, eta, horretarako, lehenik eta behin, autobide elektriko berrien eta ingurumen-inpaktu handiko parke eoliko eta orube handien proiektuak gelditu egin behar dira, baita Kastejongo legez kanpoko zentral termikoak ere. Halaber, Erdizen (Magnesitas meategian) edo Zangotzan (Potasaseko Muga meategian) natur gune garrantzitsuak suntsitzeko mehatxua egiten duten meatzaritza-erauzketa proiektuak bertan behera utzi behar dira.
    • Krisiarekin, garraio guztiak funtsezkoak diren horietara murriztu dira. Denboraldi hau igarotzen denean txirrindularen erabilera, oinez mugitzea eta garraio publiko eta iraunkorra sustatzea ezinbestekoa da, auto pribatua alde batera utzi ahal izateko. Hirietarako eta landa eremuetarako erabilgarria izango dena. Energia berriztagarriekin mugitutako garraiobidea, bateria garestien eta erabilgarritasun epe motzaren menpekoa ez dena. Horregatik proposatzen dugu Tren Publiko eta Soziala mantentzea eta indartzea, eskualdeak eta hiriburuak batzeko, merkantzietarako eta bidaiarientzako. Eta azpimarratu behar da tren hori ezin dela Abiadura Handiko Tren (AHT) garestia izan, ingurumenean eragin handia duelako eta distantzia luzeko ibilbideetan bidaiariak bakarrik eraman ditzakeelako. AHTren obrak gelditu egin behar dira.
    • Hala, dentsitate nahikoa duen garraio publikoko sare bat sortu behar da, erabilera-kasu guztietarako erabilgarria izan dadin. Horretarako, itxita dauden trenbide-linea guztiak berriro ireki beharko lirateke, baita une honetan trenbide-linearik ez dagoen eskualdeetan linea berriak sortzeko aukera aztertu ere, eta nola ez lehendik daudenetan maiztasuna handitu. Eta garraio publiko eta jasangarri hori dohakoa izateko aukera aztertzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Hori baita garraio publikoa erabili ahal izateko eta auto pribatua ordezkatzeko benetako modua.
    • Denboraldi honek neurririk gabe kontsumitu gabe bizi gaitezkeela egiaztatu digu. Hondakinak aprobetxatzen jarraitu behar dugu: konpostatuz, berrerabiliz eta birziklatuz. Horretarako, sortzen dugun hondakin kantitatea murrizten lagunduko diguten neurriak ezarri behar dira: egungo gehiegizko enbalajea murriztuz, ontziratu gabeko erosketa egitea eta ontziak berrerabiltzea erraztuz, konpostajea sarituz etab. Bestalde, hondakinak biltzeko metodoak ezarri behar dira, sortutako hondakinekiko proportzionala den ordainketa ahalbidetuz, “atez ate” eta hondakinak banantzeko eta kudeatzeko erantzukizun pertsonala azpimarratzen duten beste sistema batzuek egiten duten bezala. Hori lortzeko, hondakin-instalazio handiek ez dute batere laguntzen, Imarkoainen aurreikusitakoa edota Tuterakoa kasu, non hondakinak, bereizi gabe kudeatzen jarraitzen dituzten.
    • Beharrezkoa da, halaber, uraren kultura berri bat onartzea, ura baliabide mugatu gisa kudeatzea bezalako printzipioetan oinarritzen dena, eta, beraz, ura ondare gisa kontserbatu beharra azpimarratzen duena. Horrela, eskaera kontrolatzeko politikekin kudeatu behar da ura, ez eskaintza handitzeko politikekin. Kontrakoa gertatzen da, hain zuzen ere, Nafarroako Ubidea bezalako azpiegiturak eraikitzean, Esako urtegiaren handitzea eraikitzean edo Lokizen bezalako akuiferoetako ur-erauzketa handitzean.
    • Ezin dugu ahaztu eredu hau Hego Globaleko herrialde pobreetako baliabideen eta pertsonen ustiapenean oinarritzen dela, bizi garen Ipar Globaleko herrialde oparoen xahutzeari eta metatzeari eusteko. Munduko beste leku batzuetan, non baldintza sozioekonomikoak, osasunekoak, gerrakoak eta errepresiboak are gogorragoak diren, ondorioak askoz okerragoak izango dira, eta are larriagoak izango dira bizi zuten prekarietatea eta migratzeko beharra. Espolioan edo herrien arteko elkartasunean eta ikaskuntzan oinarritutako interkonexioa nahi dugun gogoeta egin behar dugu.
    • Egin dezagun agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren aldeko apustua; lurra, animaliak eta pertsonak gaixotzen dituzten metodoak erabiltzea saihestuz. Hurbileko erosketa sustatu dezagun, zuzeneko salmenta mantendu dadin, zergak hemen ordaintzen dituzten tokiko produktuak eta enpresetan kontsumitu ditzagun.

    Krisi honetatik ateratzeko beharrezkoak diren kostuak eta baliabideak aurreko krisitik onura atera zuten sektoreetatik etorri behar dira, hau da, bankuetatik eta multinazional handietatik. Gizarte murrizketen eta langile-klasearen txirotze eta prekarizazio orokorraren aurreko errezetarik ez dugu nahi. Ekoizpen-jarduera banaketara ekitatibo justu baterantz bideratzearen alde egin dezagun.

    Krisia eredu ekonomikoa zalantzan jartzeko probestu behar dugu, gure lurraldetik eta antolaketa kolektibotik zein elkarlanetik oinarrizko beharrak asetzera bideratzeko. Gure kontsumoa murriztea, lana banatzea pertsona guztiok lan bat izateko, zaintzak balioan jartzea eta banatzea premiazko beharrak dira, eta horiei erantzun behar diegu. Hau amaitzen denean, gure planetak erritmoa jeisten jarrai dezagun behar izango du berdin-berdin, eta, hortaz, bizi genuen normaltasunera itzultzea ez digu balio izango. Planetak eskertuko digu, baita gure inguruko pertsonek ere.

    Nafarroa Bizirik Nahi Dugu

    Nafarroa bizirik Nahi Dugu bilera bat 2017an.