
Sustrai Erakuntza Fundazioak Valle de Odietako biometanizazio-instalazioko gasbidearen aurkako alegazioak aurkezteko deia egin du
Egungo elikadura-sistemaren ezaugarria da gero eta enpresa-kontzentrazio handiagoa dagoela elikagaien ekoizpenean. Ekologikoki eutsiezina da, pentsu eta ongarri kimikoek milaka kilometro egiten baitituzte. Ekonomikoki, merkatua multinazional eta enpresa handi gutxi batzuen esku dago, nazioartekoak zein tokikoak. Errealitate horretan, abeltzaintza industrialak eta multinazional energetikoen interesek elkarri eskua ematen diote.
Haragia eta esnea fabrikatzen duten makrogranjak, orain, gasa ekoizteko instalazio energetikoak ere izan nahi dute. Dimentsio handikoak izateak erraztu egiten du. Ekonomia zirkularra deituko diote, baina ez da inola ere. Eta inpaktu sakonak ezkutatuko dituzte: lurraldeari lotutako nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak desagertzea, kalitate eskaseko elikagaien ekoizpena, lurzoruaren, airearen eta akuiferoen kutsadura, osasun publikorako arriskuak…
Nafarroan dago makrogranja handiena Espainiako estatuan: Valle de Odieta, Caparroson. Valle de Odietako jarduera hasieratik markatu dute gatazkek, zigorrek, salaketek, kutsaduragatiko epaiketek, kondena judizialek…
Gaur egun, enpresak hainbat auzi ditu zabalik, eta guztien artean asmo zehatz bat bete nahi dute: instalazioak handitzea. Tramitazio ezberdinetan aurkezten diren proiektuak dira, baina elkarren artean erlazionatuta daudenak. Adibidez, biometanizazioaren azken hondakin likidorako araztegi baten proiektua. Gure ustez, proiektu hori ez litzateke gai izango digestatoaren karga kutsatzailea murrizteko, baina ureztatzeko ur egoki gisa erabiltzeko aukera emango lieke. Eta ustiatzen duten buru kopurua handitzearekin zerikusi zuzenagoa duten beste batzuk. Horien artean, egungo 7.800 abelburuetatik 11.372ra pasatzea. Proiektu horrek Nafarroako Gobernuaren ingurumen-oniritzia du. Edo ordezko txahalentzako etxalde berri bat eraikitzeko asmoa, de facto oraingo makrogranja atzeko atetik handitzea ekarriko lukeena.
Eta errematatzeko, biometanoa sarean injektatzeko negoziora igo nahi du enpresak. Orain arte, biogasa erretzen du elektrizitatea sortzen duten motorretan. Etorkizunean nahiago du sarean txertatu, errazagoa eta errentagarriagoa delako, kontuan hartuta Europa eta Espainiako Gobernua gas “berriztagarriaren” nahitaezko gutxieneko kuotak gas-sarean sartzea bultzatzen ari direla.
Berriki, Nafarroako Gobernuak argi berdea eman dio Caparrosoko biogas plantaren eta gas sarearen arteko konexioari, HTN Biogasen instalazioetan ekoitzitako biometanoaren injekzioa ahalbidetzeko. Gasbide horrek Caparroso eta Alesbes udalerriak zeharkatuko ditu.
Sustrai Erakuntza Fundazioak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu du Valle de Odietako (HTN) biometano-gasbidearen baimenaren aurka. Eta hiru arrazoi nagusirengatik egin du:
1. Proiektua artifizialki hainbat zatitan aurkeztu dute, eta horietako batzuk ez dira ezagutu ere egiten. Beraz, ezinezkoa da ingurumenean dituen eraginak aztertzea. Jendaurrean jarri den proiektua biometanoa eta gasbidea injektatzeko moduluari dagokio soilik. Plantak sortzen duen biogasa arazteko zatia falta da, biometano bihurtzeko eta gas naturalaren sarean injektatu ahal izateko. Eta gure errekurtsoak aipatzen du, halaber, hori guztia proiektu handiago baten parte dela: instalazio guztiak zabaldu eta makrogranjaren abelburuak handitu.
2. Proiektu hau tramitatzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin da. Horrek aukera ematen du izapide azkarragoak egiteko eta ingurumen-inpaktuei arreta gutxiago jartzeko. Alegazioan adierazten denez, gasbideak Badina Escudera KBEari eta bertan dauden espezieei eragiten die. Horregatik, ebaluazio arrunt bermatzaileagoaren bidez izapidetu behar zen.
3. Gasbideak hainbat abelbideri eragiten die, legez zaindu egin behar direnak. Hori dela eta, gasbideak arroilei eragiten ez dieten beste lurzati batzuetatik igaro beharko luke, eta, horretarako, beharrezkoa da oraingo proiektua gelditzea eta behar bezala berriz hastea.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoak aurkeztera animatzen dugu. Epearen azken eguna irailaren 21a da, egun hori barne. Horretarako, gure errekurtsoa formatu editagarrian eta jarraibideekin jarri dugu helbide honetan (errekurtsoa zerrendaren hasieran dago, eta argibideak beherago daude…).
Egungo elikadura-sistema aldatzea premiazkoa da, bai gizartearen ikuspegitik, baita ingurumenarengatik ere. Makrogranjak multinazionalen eta korporazio handien arteko konplizitate-engranaje horren parte dira, haragizkoak, esnetakoak eta/edo energetikoak izan. Norabidea aldatu behar da. Asko dira kolektiboki egin beharreko ekintza, ekimen eta aldaketa erradikalak. Horrelako proiektuei alegazioak aurkeztea, apaltasunez, horietako bat da.
